ELAk, LABek eta UGTk Confebaski exijitu diote EAEko lan ituna hitzartzeko kimika industrian

Nabarmendu dute legeak lehentasuna ematen diela estatuko lan itunaren gainetik, eta 17.000 langileren baldintzak hobetuko lituzkeela. Auzitara jotzeko prest daude.

Hiru sindikatuek lurralde hitzarmena exijitu dute gaur, Bilbon egindako prentsaurreko batean. ELA
Hiru sindikatuek lurralde hitzarmena exijitu dute gaur, Bilbon egindako prentsaurreko batean. ELA
joxerra senar
2024ko urriaren 23a
12:45
Entzun

ELAk, LABek eta UGTk urtebete baino gehiago daramate kimika sektoreko EAEko lan itun bat aldarrikatzen. Sindikatuok esaten dute Espainiako Estatuko lan itunaren aldean legeak lehentasuna ematen diola hitzarmen autonomikoari, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 17.000 langileren lan baldintzak hobetuko liratekeela. Hala, Confebask, Adegi, SEA, Cebek eta kimika arloko Espainiako patronalei exijitu diete lan ituna hitzartu dezatela.

Egoeraren berri eman dute hiru sindikatuek gaur, Bilbon egindako prentsaurrekoan. Duela urtebete negoziazio mahai batera deitu zituzten patronalak, baina ez ziren bertaratu. Argudiatu zuten sindikatuen ekinaldi haren aurka zeudela, eta lan baldintzak estatuko lan itunak arautzen zituela.

Legearen aldaketa

Hiru sindikatuaren arabera, ekainaren 20an onartutako 2/2024 dekretuak euren aldarrikapena indartu du. Izan ere, lurralde eta autonomia arloko lan hitzarmenak lehenesten ditu estatukoen aldean. «Lege aldaketa hori euskal legebiltzarkide gehienek babestu zuten, eta sindikatuen erabateko babesa izan zuen. EAEko patronalek ez zuten inolako eragozpenik jarri legea aldatzearen aurka», gogorarazi zuten.

LHK Lan Harremanen Kontseiluak beste bilera batera deitu zituen bi aldeak uztailean, baina enpresaburuen ordezkariak orduan ere ez ziren joan. «Confebaskek erakusten du estatuko negoziazioa defenditzen duela, eta Euskal Herriko hitzarmenak lehenesteko Langileen Estatutua aldatzearen aurka dagoela», adierazi zuten sindikatuek.

Hiru sindikatuek auzitara joko dute, uste baitute patronalak, negoziatzeari uko eginda, ez duela bete ekainaren 20ko dekretua.

Urriaren 9an, CCOOk eta Feique kimika arloko patronalak estatuko lan hitzarmena sinatu zuten. ELAk, LABek eta UGTk azaldu dute «gutxiegi» direla hartan jasotako baldintzak, KPI kontsumo prezioen indizearen igoera bermatzen duen klausula ezabatu delako eta lanaldi handiari eutsi zaiolako. 

Sektoreko langileak aktibatzeko mobilizazioak egingo dituzte datozen egunetan.

Nafarroan ere, ELAk eta LABek lurralde hitzarmena exijitzen dute. Kasu horretan, CEN patronalari eta UGT eta CCOO sindikatuei egiten diete deia, Nafarroako lan itunaren baldintzak negoziatu ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.