Kezkak eta aukerak euskal enpresentzat

Merkataritza ganberetako buruen arabera, Trumpen garaipenak kalte egingo die Euskal Herriaren eta AEBen arteko harreman komertzialei, baina baliteke negozio aukera berri batzuk ere irekitzea.

Zamaontzi bat Bilboko portuan, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Zamaontzi bat Bilboko portuan, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Jokin Sagarzazu - Paulo Ostolaza - Iker Aranburu
2024ko azaroaren 6a
16:15
Entzun

Aurreikuspenak egiteko oraindik goizegi dela diote, baina, topiko horretatik harago, ezin dute ezkutatu kezkatuta daudela. Trumpen aurreko agintaldiko esperientzia gogoan dute euskal enpresek, eta, egin dituen iragarpenak kontuan hartuta, oraingoan ere lasai egoteko motibo gutxi dituztela uste dute. «Dena den, gauza bat dira kanpainako adierazpenak, eta beste bat benetan zer egingo duen», adierazi du, zuhur, Gipuzkoako merkataritza ganberak.

Zer gerta daitekeen gorabehera, inork ez du ukatzen jokoan diru asko dagoela. AEBak dira Europatik kanpoko bezero komertzial handiena Hego Euskal Herriko enpresentzat. Eta laugarren herrialdea inportazioetan. Horrez gain, azken urteetan gero eta euskal enpresa gehiagok hartu dute lur han, eta ireki dituzte produkzio plantak eta bulego komertzialak.

datuak

%7,4

AEBetara egindako esportazioak. Azken urteetan AEBak izan dira Europatik kanpoko bezero komertzial handiena Hegoaldeko enpresentzat, eta soilik Frantzia eta Alemania izan dituzte aurretik mundu osoan. Iaz, esaterako, AEBetara joan ziren esportazioen %7,4. Inportazioetan ere pisu handia du: 2023an laugarrena izan zen, %5,6ko kuotarekin, Alemaniaren, Frantziaren eta Txinaren atzetik.

1.225

Esportazioak milioi eurotan. Urteko lehen erdian 1.225 milioi euroren esportazioak egin dituzte Hegoaldeko enpresek herrialde horretara. Material elektrikoa da gehien esportatzen dena (422 milioi euro Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik), eta haren atzetik doaz metalak eta manufaktura metalikoak (249 milioi), produktu kimikoak (94 milioi), garraio materiala (47 milioi) eta armak eta munizioak (44 milioi). Elikagaiak ere ez dira falta zerrenda horren goialdean (ardoa, esaterako), baina kontuan hartu behar da sektore horretan Nafarroak ere pisu handia duela, barazkiei esker.

840

Inportazioak milioi eurotan. Erosteko orduan, berriz, hidrokarburoak dira jaun eta jabe. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek inportatutako 840 milioi euroetatik 494 milioi dagozkie gasari eta petrolioari (%59). Landare lehengaiak (97 milioi) eta material elektrikoa (66 milioi) dira beste gai nagusiak.

Hego Euskal Herriko ehun bat enpresak dute lantegi bat AEBetan. 2000ko hamarkadan indartu zuten hedapena, eta pandemia ostetik areagotu egin da haien presentzia, Joe Bidenen gobernuak abiatutako berrindustrializazio prozesuaren harira sektore jakin batzuetarako —autogintzarako, energia berriztagarrietarako...— emandako diru laguntzak baliatuta.

Javier Zubia Gipuzkoako merkataritza ganberako zuzendari nagusiak uste du Trumpek politika horri eutsiko diola, eta hori, neurri batean behintzat, mesedegarria izan daitekeela euskal enpresentzat. «AEBetako ekonomia hazkunde ekonomikoko dinamika garrantzitsu batean dago. Horrek aukerak sortzen ditu, eta gure enpresak horretaz aprobetxa daitezke». Zubiak gogoratu duenez, Trumpen aurreko agintaldian urrats hori egin zuten batzuek, eta ondo joan zaie. «Ez da berria. Enpresek badakite AEBetan osagai jakin batzuk saltzeko han egon behar dutela derrigor».

«Trumpek iragarritako asmo protekzionistak euskal enpresak behartuko ditu AEBetan gehiago ezartzera»

JAVIER ZUBIAGipuzkoako merkataritza ganberako zuzendari nagusia

AEBetan produkzio planta bat zabaltzea kontratu berriak lortzeko modu bat da euskal enpresa askorentzat, baina baita muga zergak saihesteko bidea ere. «Trumpek iragarritako asmo protekzionistak enpresak behartuko ditu AEBetan gehiago ezartzera», azpimarratu du Gipuzkoako ganberako buruak.

Muga zergak eta dolarra

AEBetako presidente berriak muga zergekin zer egingo duen da orain kezka nagusia. Haren asmoa da esportazio guztiei ezartzea; herrialde batzuetakoei beste batzuetakoei baino gehiago, baina, oro har, %10 eta %20 artekoak.

JOE BIDEN - INGETEAM
Joe Biden presidentea, Ingeteamek AEBetan duen lantegi batera iazko abuztuan eginiko bisitan. INGETEAM

Inork ez du zalantzan jartzen halako neurri batek kalte handia egingo diela AEBetan saltzen duten euskal enpresei, han garestiago saltzeak, normalean, gutxiago saltzea dakarrelako. Horrekin batera, Mikel Arieta-Araunabeña Bizkaiko merkataritza ganberako zuzendari nagusiak beste faktore bat nabarmendu du. Haren ustez, Trumpen garaipenaren eta haren agintaldiak eragin ditzakeen tentsio geopolitikoen ondorioz, baliteke dolarraren balioa handitzea, eta horrek euskal esportazioen kostuak ere handituko ditu.

«Trumpek sor ditzakeen tentsio geopolitikoen ondorioz, baliteke dolarraren balioa handitzea, eta horrek euskal esportazioen kostuak ere handituko ditu»

MIKEL ARIETA-ARAUNABEÑA Bizkaiko merkataritza ganbera

Zubiak bezala, Bizkaiko ganberako buruak ere Trumpen aurreko agintaldia gogoratu du, eta euskal enpresentzat kaltegarria izan zela azpimarratu. Azaldu du haren politika protekzionistek eta nazioartean eragindako tentsio komertzialek eragin handia izan zutela sektore garrantzitsu batzuetan: hala nola siderurgian, autogintzan eta energian. «Ziurgabetasun handiko giro bat sortu zuen ekonomian, eta horrek eragina izan zuen hemengo merkataritzan eta inbertsioetan; eragina izan zuen ekonomia globalean, Europako Batasunean, eta hortik iritsi zitzaigun guri».

EHUN LANTEGI BAINO GEHIAGO AEB-ETaN

Azken urteetan nabarmen areagotu da Euskal Herriko enpresek AEB Amerikako Estatu Batuetan duten presentzia: ehundik gora dira han dituzten produkzio plantak. Zenbait estatutan daude sakabanatuta, baina gehien biltzen dituena Michigan da, autogintzaren sektorea tradizio handikoa baita estatu horretan. Gestampek han ditu herrialdean dituen bederatzi fabriketatik lau, eta CIE Automotivek, berriz, zazpitik sei. Sektore berean, Nafarroako Truck&Wheelek Mercedesentzat pneumatikoak egiteko lantegi bat ireki du Alabaman.

AEBetan ezartzeko, Joe Biden presidentearen gobernuak martxan jarritako IRA tokiko produkzioa sustatzeko plana baliatu dute askok. Horren adibide da Ingeteam; Biden iazko abuztuan izan zen Zamudioko (Bizkaia) konpainiak Milwaukeen (Wisconsin) duen lantegian, eta enpresak esana du plan horri esker bikoiztu egin direla AEBetan energia eolikoko bihurgailuak egiteko jaso dituen eskariak.

Siemens Gamesak ere 2021. urtean ireki zuen aerosorgailuentzako palak egiteko fabrika bat Virginian. Energia berriztagarriena da plan horren onuradun nagusietako bat, baina beste sektore garrantzitsu batzuetako enpresek ere badituzte ekoizpen plantak AEBetan. Trengintzan, Talgok lantegi bat du Milwaukeen, eta CAFek Elmiran (New York). 2010. urtetik, Beasaingo konpainiak zenbait kontratu sinatu ditu Amtrak enpresa publikoarekin, eta 2026. urtean hasi nahi du autobus elektrikoak ere AEBetan ekoizten, Solarisen bidez.

Hodigileen artean, Tubacexek bost planta ditu herrialdearen hegoaldean —Texasen, Oklahoman eta Louisianan—, eta Tubos Reunidosek ere badu bat Houstonen (Texas). Amurrioko enpresak iaz iragarri zuen han ekoizpena orain halako bi izateko asmoa; AEBetan egiten ditu bere salmenten erdiak baino gehiago.

Nafarroako Viscofanek ere ekoizpen zentroak ditu Alabaman, Michiganen eta New Jerseyn, janarientzako bilgarriak egiteko. Asteraingo Replasak ere iaz iragarri zuen Atlantikoaren beste aldean filial bat sortuko zuela.

Bat baino gehiago dira AEBetako enpresak erosi dituztenak edo haiekin bat egin dutenak ere. Elgoibarko (Gipuzkoa) Alcorta Forgingek Detroiteko (Michigan) LC Manufacturing erosi zuen 2022an; Erandion (Bizkaia) egoitza duen Befesak, American Zinc Recycling, 2021ean; Haizea Windek iaz akordio bat sinatu zuen Baltimoreko US Windekin; ITP Aerok BP Aero erosi du Texasen... azken urteetan egindako operazio horiek, dirudienez, funtsezkoak izango dira etorkizunean.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.