Mari Jose Aranguren. Orkestrako zuzendari nagusia

«Kezka dago gure ongizate ereduaren geroaz»

Hurrengo urteetan zein behar izan daitezkeen galdetu die Orkestrak hainbat eragileri, eta ongizatea agertu da kezka iturri nagusi gisa.

MONIKA DEL VALLE / ARP.
Irune Lasa.
2016ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Orkestra berezia dela maiz esplikatu behar izaten duela dio Institutuko zuzendari nagusi Mari Jose Arangurenek (Urrestilla, Azpeitia 1969), haien lana ez dela ikerketa soila, eragileekin elkarlanean aritzen direla.

Trump orain, Brexita lehentxeago... Ustekabean nazioarteko aurreikuspen guztiak aldatu direla dirudi. Lehiakortasuna helburu, mundura begira zaude zu. Etorkizunari buruzko ziurgabetasuna asko handitu da?

Garbi dago hori. Mundua gero eta lotuagoa dago, konektatuago, eta batean gertatzen denak bestean eragiten du; are gehiago, AEBetan eta halako herrialdeetan gertatzen denak. Jakina, horrek ziurgabetasun handia sortzen du, beste askoren erabakiek eragiten digutelako. Baina guk, gure manifestuan esan dugun moduan, hautatu egin behar dugu: edo inguruneko gertaerek arrastaka eraman gaitzaten utz, edo proaktiboagoak izan, nolako etorkizuna nahi dugun definitzeko, herri gisa nolako Euskadi nahi dugun.AEBetako presidentea aukeratzeko, ez dugu erabaki ahalmenik, baina bai hemengo politiketan eta hainbat erabakitan. Eta elkarrizketarako espazioekin estrategia horiek eraikiz gero, ez gaituzte hainbeste eramango herrestan, gure bidea ere egin ahalko dugu.

Zuen manifestuan irakur daiteke globalizazioak ez duela atzerabiderik. Baina uneotan batzuk jartzen ari dira hori auzitan. Protekzionismoa, populismoak... Globalizazioaren kontrako erantzun bat badago.

Herrialde batzuk irekitasunetik protekzionismora salto egiten ari dira orain, bai. Guk ezin dugu aldatu hori, baina gure gaitasunak landu ditzakegu, eta, guretzat, hemengo garapenerako, oso inportantea da beste tokietara irekiak egotea. Bai gure enpresak beste tokietara joateko, baina baita alderantziz ere; hona datozen inbertsioetara ere irekita egon behar dugu. Eta hor ere eragin dezakegu: nolako inbertsioak erakartzen ditugun, nolako konpromisoa eskatzen diegun lurralde honen garapenerako... Ez delako berdin lurraldearen garapenarekin konpromisoa duen enpresa baten inbertsioa edota espekulazioa oinarri duen batena. Printzipio batzuk landu ditzakegu, gure garapenaren oinarriak sendoagoak izan daitezen.

Europari dagokionez, lehiakortasuna dela eta, ez dakit lezioak emateko dagoen. Erabakiak atzeratzen... Ez ote da Europa atzean gelditzen ari? Zer iritzi duzu horretaz?

Nire iritziz, mundu globalizatu honetan indarguneak mugitzen ari dira une honetan; Asiako herrialdeak-eta pisu handia hartzen ari dira, eta aldaketa handiak ari dira gertatzen. Hor Europak gogoeta serio bat egin beharra dauka, bere ereduari eta eredu horren koherentziari buruz, ea Europak bere burua non ikusten duen aipatutako indarguneen mugimendu horretan. Nik uste Europan momentu honetan ez dagoela horri buruzko kontsentsurik, eztabaida solteak daudela. Europako Batzordean ere ez dago ikuskera komunik. Eta politikak batzuetan koherenteak dira, eta besteetan ez, hain zuzen, ez dagoelako ikuskera hori.

Eta hemen badugu ikuskera komunik?

Euskadin? Nik uste dut espazio desberdinak garatu direla ikusmolde hori eraikiz joateko. Azken urteetan, egon da bilakaera bat, non estrategia horiek asko konpartitzen joan diren. Iazko txostenean esaten genuen gero eta gehiago jo behar dela gobernantza eredu berrietara, eta gobernuek euren estrategiak diseinatzean herrialdeetan aktore desberdinekin batera jardun behar dutela. Parte hartze handiarekin definitu dira apustuak: Industriak izan behar duen pisua, Industria 4.0., biozientziak eta osasuna, zahartzaroari lotutakoak, energiaren mundu guztia...

Iazko txostenean arrisku bat ere aipatzen zenuten, gizarte dual baterantz joateko arriskua. Datu ekonomikoek hoberantz egin dutenean, izan da bilakaerarik horretan?

Txostenean garbi ikusten zen gizarte dual hori azaltzen zaigula: batetik, errenta mailan galerarik izan ez duen jendea, eta, bestetik krisiak erasandako jendea. Egia da enplegu berriak sortzen ari diren neurrian horiek lanean hastean, dualtasun hori, oso pixkanaka bada ere, jaitsiz doala. Baina joera hori askoz gehiago indartu dezakegu gai baldin bagara jarduera berriak sortzeko, kalitatezko gauza berriak egiteko... Eta hor daude prestakuntzako erronkak eta enpresa berriak sortzeko erronkak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, Nafarroan ere proiektuak dituzue, baita Akitanian ere.

Eta atzerrian ere, Europan proiektu dezente ditugu-eta. Gure ustez, elkarrekin lan eginez gero, hainbat estrategiatan sinergiak egon daitezke Akitaniarekin eta Nafarroarekin, gertutasunagatik, hizkuntza gertutasunagatik, ondoan gaudelako... Adibidez: demagun biozientzietan apustu bat egin behar dela eta hemengo baliabideak mugatuak direla; Nafarroarekin elkartuta indar handiagoarekin egingo genioke aurre. Adibidez, guk egin ditugu laster Uxue Barkosek aurkeztuko duen espezializazio adituko estrategia definitzeko proietuaren oinarrizko analisiak; Eusko Jaurlaritzaren kasuan bezala. Akitania eta Nafarroarekin, POCTEFA proiektu bat daukagu, hots hiruren artekoa, espezializazio adituan bakoitzak nondik jo nahi duen ikusi, eta egon daitezkeen sinergiak aztertzeko...

Orkestrak bere ibilbidean egindako ekarpenetatik zein azpimarratuko zenuke?

Ez dugula diagnostikatu soilik egiten. Askotan, ikerketa modu bakartuan egiten da. Baina guk ikerketa eraldatzailea egiten dugu: ikertzaileak eta ekintzan dauden aktoreak elkartu egin gara erronka batzuei elkarrekin egiteko aurre. Hots, guk ere geure berrikuntza egin dugula. Ikerketa eraldatzailea bultzatzea da Orkestraren goiburua, eta, horretan, aurreratuago dauden herrialdeekin eta taldeekin lan dezente egin dugu; adibidez,Norvegiarekin. Ikerketarekin eraldaketa lortu eta sortu dugun ezagutza hori nazioartean zabaltzen ere ari gara. Lan horretan Harvard Business Schoolen aitorpena lortu dugu, besteak beste. Hark baditu ikerketa zentro gehiago ere aliatu gisa, baina haiek ez dute hainbeste jenderekin lan egiten eraldaketan... Gehiago aritzen dira analisiak egin eta entregatzen. Eta, nire ustez, hemen, eraldaketarako laborategi bihurtu gara benetan.

Eta, aurrera begira, zein dituzue hurrengo apustuak?

Oraintxe, plan estrategiko berri bat egiten ari gara, eta aktore askokin egon gara hitz egiten; Institutuak datozen urteetan zer landu behar lukeen galdetu genuen, ea beharren bat ikusten zuten. Eta askok, nahiz eta bakoitzak bere alderditik ikusita, gai berbera aipatu ziguten: badago kezka gure ongizate ereduaren geroaz. Orain arte, oso baliagarriak izan zaizkigu dauzkagun hezkuntza sistema, osasun sistema, eta abar. Baina, orain, nola sostengatuko ditugu? Zer egin zerga sisteman, nondik lortu diru sarrerak, zein finantza tresna izango ditugu, zer gertatzen da zahartze prozesuarekin... Gogoeta baten beharra dagoela ikusi dugu. Jakina, gai oso potoloa da, eta zatika joan beharko gara lantzen.

Institutua sortu zen garaian, bazegoen ongizatearen gaiari buruzko sail bat edukitzeko asmoa, baina ez zen abian jarri, ez genuelako oso argi nola egin. Orain, kezka hau planteatu digute, eta konpromisoa hartu dugu aztertzeko gai hori hurrengo urteetan nola landu behar den. Azkenean,oso lotuta daude, lehiakortasuna eta gizarte kohesioa, ongizatea bermatzeko.

Horrekin zerikusi zuzena duen ekonomia digitalaren gaian ere lan egin beharko dugu. Informazioaren teknologiak industrian, energian, mugikortasunean... aplikatuta eraldaketa potoloak etor daitezke. Horren eraginak eta Euskadik horretan nolako jarrera izan dezakeen aztertzeko beharra dagoela ere esan digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.