Adegik ez dio otsoari deitu nahi. "Guk datuez hitz egiten dugu, eta ez dugu iragartzen zer gerta daitekeen". Jose Miguel Aierza patronaleko zuzendariak onartu du nazioarteko jokaleku mehatxagarria konfiantzaren erakuslea urratzen ari dela Gipuzkoako enpresarien artean, baina, kezka areagotzeaz gainera, Adegik kopuru "oso onak" eman ditu lurraldeko ekonomiaren inguruan urteko lehen seihilekoari erreparatuta, eta 2019. urtean BPG barne produktu gordina %2,3 haziko dela aurreratu du; enplegu sorrera ere "sendoa" izango da, eta 5.500 enplegu sortuko dira. Lurraldeko enpresarien artean Adegik egiten duen aldiroko egoera ekonomikoaren inkestaren ondorio nagusiak dira horiek. Eta horiek beraiek oinarri hartuta 2020. urtean %1,8 eta %2 arteko hazkundea egongo dela aurreikusi du.
Finean, Europako ekonomia handienetan eta AEBetako eta Txinaren arteko gerra komertziala badoa konfiantza urratuz, eta Alemaniaren geldialdia eragiten ari zaio jada Gipuzkoako ekonomiari, autogintzaren sektorean hain zuzen. Adegik ez du nahi oinarri eskaseko usteen inguruan hitz egin, eta irmo heldu die urteko lehen erdiak eskaini dituen datu "oso onei". Enpresen %84k uste dute merkatuak egoera normalean daudela edo suspertzen; %16k bakarrik uste dute atzeraldian daudela. Salmentei begira, berriz, merkatua "egonkortu" egin da, eta %80,5ek diote gehiago salduko dutela. Izan ere, fakturazioak %0,8 egin du gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Zerbitzuak, eraikuntza eta industria izan dira horren erantzule, orden horretan.
Eskaera zorroa eta enplegua
Eskaera-zorroa betata dago, oro har, baina hura betetzeko abiadura moteldu egin da. Hala ere, enpresen %73k uste dute beren eskaera-zorroaren maila "normala edo altua" dela, eta %76k diote eskaerei eutsi diela azken hiru hilabeteetan. Datu hori bat dator produkzioaren gaitasunaren erabilera erakuslearekin. Irailean %85 izan da, eta %80tik gora ekonomia bere benetako ahalmenera hurbiltzen dela esaten da.
Enpleguaren alorrean ere, albiste onak ditu Gipuzkoako patronalak. Enpresen %86,5ek esan dute enplegu mailari eutsi edo enplegua handituko dutela datozen hilabeteetan. Horrek esan nahi du urtea amaitzerako Gipuzkoan 5.500 enplegu berri sortuko direla; alegia, urte hasieran Adegik egindako aurreikuspenak zutik jarraitzen du.
Nazioarteko ekonomia garrantzitsuenetan dauden arazo larrien inguruan galdetuta, Adegik ez du igarlearena egin nahi izan, eta Patxi Sasigain Lehiakortasunaren arduradunak simil argigarri bat egin du egoera azaltzeko: "Pazientea sendo eta osasuntsu dago, baina gelatik kanpo hotza dago eta izurriteak ere egon daitezke. Horregatik, katarro bat har dezake, baina ez dut uste neumonia hartuko duenik".
Are gehiago, Sasigainek ez du ikusten ekonomiaren ziklo aldaketa baten zantzurik oraindik. "Seihileko oso ona izan dugu, eta datorren urterako %2 inguruko hazkunde aurreikuspena dugu. Ez gara uharte bat, noski, eta ikusiko dugu zer datorren, baina hor ibili gara brexit-aren mehatxupean hiru urte, esaterako, eta lehiatzen jarraitzen dugu". Finean, ziurgabetasun agertoki batean lehiatzeko erronka hor dagoela helarazi du Adegik, eta ez duela ezer egingo otsoari deitzeko, deitzen hasten badira "agian etorriko delako", Jose Miguel Aierzaren hitzetan.