KES eta LHKren erreformak, urtea amaitu aurretik

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko erabakiak gehiengo soilarekin hartzea nahi du Jaurlaritzak

Erredakzioa
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Urtea amaitu baino lehen Kontseilu Ekonomiko eta Soziala (KES) eta Lan Harremanen Kontseilua (LHK) erreformatzeko legeak onartu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, urteko bigarren seihilekoan bi erakundeak arautzen dituzten legeen moldaketa aurkeztuko duela iragarri zuen atzo Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak, KESen lege proiektuaren zirriborroa aurkezteko ekitaldian.

Aldaketa nagusia erabakiak hartzeko sistema izango da. KESi dagokionez, erreformaren ondotik txostenak onartu ahal izateko gehiengo soilarekin nahikoa izatea da gobernuaren asmoa. Gaur egun, 32 kide ditu, eta lau taldetan banatuta dago kontseilua. Confebaskek zortzi ordezkari ditu, enpresaburuei dagozkien guztiak. Sindikatuek beste zortzi kide izendatzen dituzte, euren ordezkaritzaren arabera. Hirugarren talde batean aurrezki kutxetako, merkataritza ganberetako, kooperatibetako eta unibertsitateko ordezkariak daude, besteak beste. Azken zortzi kideak aditu taldean daude. Horiek ahotsa dute kontseiluan, baina ez bozkatzeko aukera.

Gaur egun, talde bakoitzean gehiengoa izatea beharrezkoa da KESek iritzia plazaratzeko. Egitura horrek beto eskubidea ematen duela eta kontseiluaren lana trabatzen duela uste du gobernuak. Hori dela eta, gehiengo soilaren alternatibari heldu dio. Osaketa aldatzen ez bada, horrek esan nahiko luke posible dela KESek akordio bat lortzea sindikatu bat beraren babesik gabe, edo enpresaburuen babesik gabe.

Gehiengo soilaren bidea ere LHKn indarrean jartzeko asmoa iragarri du Jaurlaritzak. Kasu horretan, bestelako ondorioak izango lituzke. Erakunde horretan soilik enpresaburuak eta sindikatuak esertzen dira, eta talde bakoitzak botoen erdiak ditu. Gehiengo soila onartuz gero, patronalak beto eskubideari eutsiko dio, ezinezkoa delako gehiengoa lortzea enpresaburuen oniritzirik gabe.

Adituak, lehendakariak

Beste aldaketa batzuk ere aurreratu zituen Zabaletak. Alde batetik, KESen hirugarren sektoreko eragileak sartzea baimendu nahi du. Bestetik, laugarren taldeko adituak izendatzeko eskumena lehendakariak izatea nahi du, kontseiluaren ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.