Katalunia. Finantzaketa eredu berria

Kataluniaren erronka Madrili

Kontzertu ekonomikoaren moduko finantzaketa eredu bat aldarrikatu du Kataluniako ParlamentuakEzezkoak «garrantzi handiko ondorioak» izango dituela ohartarazi du Masek

Kataluniaren erronka Madrili.
Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Azkenaldiko erronkarik handiena bota dio Kataluniako Parlamentuak Espainiako Gobernuari. Hego Euskal Herriko bi erkidegoek duten finantzaketa ereduaren antzekoa aldarrikatu dute diputatu katalanek, behingoz mugatzeko Espainiarekin duten zerga defizita. Artur Mas Generalitateko lehendakariak berak onartu du Madrilen ezezkoa espero dutela, baina ohartarazi dio erantzun horrek «garrantzi handiko ondorioak» izango dituela «Kataluniaren eta Estatu osoaren arteko harremanean». Zein ondorio izango diren, ordea, ez du argitu.

Eskaerak ez du Artur Mas Generalitateko presidenteak eskatutako adostasun osorik izan, baina gehiengo zabala eskuratu du. Proposamen osoaren aldeko botoa eman dute CiUk, ICk, ERCk eta Joan Laporta diputatuak. PSCk, berriz, Kataluniak finantza sistema berri baten aldeko botoa eman du, baina abstenitu egin da Generalitatearen proposamenaren lau punturik esanguratsuenetan, hots, zerga bilketa eta zergen gaineko eskuduntza Generalitatearentzat aldarrikatzen dutenetan. Diziplina hautsi, eta aldeko botoa eman du Ernest Maragall diputatu sozialistak. PP, berriz, abstenitu egin da sistema berri bat dela dioen puntuan, baina benetako mamiaren kontrako botoa eman du. Aurka bozkatu dute Solidaritat (SI) independentistak eta Ciutadans nazionalista espainiarrak, kontrako arrazoiengatik.

«Defizita jasanezina da»

«Orain ala inoiz ez. Ezin dugu onartu inoiz ez izatea». Horrela justifikatu du Masek finantzaketa sistema berria une hauetan eskatzea. Bere kontuak bideratu ezinik dabilela, Espainia Kataluniari ezer gutxi emateko moduan dago; Katalunia bera Madrilen borondatearen menpe dago: zorrak eta gastuak pagatzeko dirua eskatu behar diola aitortu zuen herenegun. Masen arabera, egoera «kritikoa» izateak are gehiago indartzen du bere eskaera. «Gaur egungo zerga defizita jasanezina da, eta urteak daramatzagu kopuru horiekin. Duela 20 edo 25 urteko lekuan dago […], eta hori arrazoi ona da orain zerga ituna eskatzeko».

Generalitatearen kalkuluen arabera, 1980ko hamarkadaz geroztik Katalunian urtero biltzen diren zergen eta han gastatzen diren diru publikoaren arteko aldea bere BPGaren %8 da. Zehazki, 16.400 milioi izan ziren 2009an. «Horren erdiarekin ez genuke defizitik izango, eta, gainera, dirua sobran izango luke onartzen ari garen doikuntzak ez egiteko». Onartutako testuan kopuru- rik agertzen ez den arren, Generalitateak aipatu izan du Espainiarekiko «elkartasuna» BPGaren %4an utzi beharko litzatekeela.

Masek datu baten bidez defendatu du sistema berria: «Euskal Herriak biztanleko %56 diru gehiago du kontzertu bidezko finantzaketa sistemari esker». Hau da, «katalanek sortzen dituzten baliabideak erabiltzerik izango balituzte, orain baino hobeto biziko lirateke». Mezu erakargarria da hori azken urteotan osasun edo kultur zentroen itxiera, soldata publikoen jaitsiera edo botika-errezeten truke pagatu behar izatea ikusi duen gizartearentzat. Inkestek diote lau katalanetik hiruk nahi dutela Generalitateak zergak biltzea.

Espainiarentzat sistema hori onartzea «oso zaila» dela onartuta ere, Masek ziurtatu du hari ere komeni zaiola: «Ez du zentzurik krisitik irteteko ekoizpen gaitasuna duten lurraldeak zigortzea». Eta nabarmendu du Kataluniak 26.000 milioi euroren ondasunak esportatu dituela urteko lehen sei hilabeteotan, eta 10.000 milioira ez direal iritsi Andaluzia edo Madril. «Lehiatzeko gaitasuna, hortaz, hemen dago».

Beste bi argudio ere eman ditu Masek. Batetik, Estatuak eskuduntzak deszentralizatu dituela,baina diru sarrerak ez. «Hori ez da errentagarria». Bestetik, Kataluniatik Espainiaren erkidegoetara joan den diruak ez duela haien egoera hobetu. «Zerbitzu publiko batzuk berdindu dira, baina haien gaitasun produktiboa ez da hobetu», esan du.

Independentzia mintzagai

Oposizioko diputatuen agerraldietan negoziazioen ondorioei buruzko gogoeta nagusitu da. Rocio Martinez-Sampere PSCkoak ziurtatu du Kataluniako Estatutuak ez duela kontzertu ekonomikoa onartzen, eta, hortaz, proposamenak «hutsune juridikora» eramango du. «Nahi baduzue estatuaren egitura atzeko atetik eta bermerik gabe aldatu […] Kataluniaren independentziaz ari bazarete, ez izaguzue itxaron».

Independentzia da, hain zuzen ere, ERCren helburua. Horregatik, Espainiak proposamena arbuiatuz gero «Kataluniarentzat estatu propioa aldarrikatzeko urratsa» egiteko eskatu dio CiUri Joan Puigcercos errepublikanoak.

Beste talde independentistak, SIk, kontrako botoa eman du, uste duelako alferrikakoa dela Espainiaren barruan Kataluniak finantzaketa sistema bidezkoa izatea. «Ergelarena» ez egiteko eskatu du Uriel Bertranek, eta zuzenean independentzia aldarrikatzeko, «horixe baita irtenbide bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.