Pertsonaia. Juan Ramon Ibarra

Kartzelara joan beharko du

2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak ustekabeko bukaera eman dio Ibarra auziari: lau urte eta erdiko kartzela zigorra agindu du Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Ogasuneko Ikuskaritzako zuzendari ohiarentzat. Iazko apirilean Bizkaiko Probintzia Auzitegiak kaleratutako ebazpena indargabetu du horrela, hark absoluzioa eman ziolako, fiskaltzak egozten zizkion lau delituetako bat bera ere ez zuela frogatu arrazoituta —agiri publikoen faltsutze jarraitua, prebarikazio jarraitua, desobedientzia eta eroskeria—.

Gorenak, baina, frogatutzat jo du Ibarrak agiri publikoak faltsutu zituela, 200dik gora zergadun ikuskatzen ari zen itxurak egin zituelako, hala izan gabe. Horregatik, lau urte eta erdiko espetxe zigorra eta 4.500 euroko isuna jarri dizkio, eta prozesuaren kostuak ordaintzeko agindu. Zigorra bi urtetik gorakoa izanik, kartzelara joan beharko du Ibarrak. Ebazpenari helegitea Auzitegi Konstituzionalean bakarrik jar diezaioke, graziazko neurri gisa.

Ibarrak hamabost urte egin zituen Bizkaiko Ogasuneko Ikuskaritzako zuzendari karguan, 1989ko otsailetik 2004kora. Bizkaiko Foru Aldundiak kendu zuen kargutik, haren jardunaren ikerketa abiatu zutenean. Itxura denez, oztopo informatiko batekin babestutako 209 zergadunen zerrenda bat sortu zuen Ibarrak, gainontzeko funtzionario eta zerga ikuskatzaileei zergadun horien benetako datuak ikustea galaraziz. «Zergadun horiek ikuskatzen ari zen itxurak egiten zituen akusatuak, baina ikuskatze horiek ez zituen gauzatzen», dio Gorenaren epaiak. «Gainera, sistema informatikoan benetakoak ez ziren datuak sartzeko agintzen zuen, zergadun jakin batzuen ikuskatzailea bera izan zedin». Hortik, agiri publikoak faltsutzea.

Iaz, EAJk gogotik txalotu zuen Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren ebazpena. Atzo, nahiko izan zuen isilik geratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.