Mundu zabaletik iritsitako ehunka laborariren parte hartzea jaso du Via Campesinaren biltzarrak Derion (Bizkaia), eta topagunearen azken egunean Euskal Herriko adierazpena onartu dute, nekazaritzatik abiatu, eta mundua arlo soziopolitikoan iraultzeko proposamena. «Kapitalismo finantzarioaren nagusitasunak aro berri bat abiarazi du munduan; lurrak, ura eta haziak gutxi batzuek pilatzen dituzte, eta teknologia arriskutsuak sustatzen dituzte, transgenikoak, adibidez», dio idatziak. Animalien ustiapen erraldoiak geroz eta gehiago direla dio Via Campesinaren adierazpenak, eta biologia sintetikoa bidea egiten ari dela. «Benetako ekoizpenaren ekonomia tokia galtzen ari da ekonomia finantzarioaren aurrean, espekulazio handiarengatik». Horrek guztiak janariaren sistemak gobernatzeko kontzentrazioak eragin dituela esplikatzen du laborarien idatziak, eta ondoren horri erantzuten saiatzen da.
Baina, aurretik, munduko nekazariak egoera larrira eraman dituztenak identifikatzen dituzte. Munduko Merkataritza Erakundea (MME), Munduko Bankua, Nazioarteko Diru Funtsa (NDF), inperialismoa, eta merkataritza askeko itunak dira egungo egoera eragin dutenak, Derion batutako nekazarien arabera. «Bonbardaketen eta armaden okupazioen bidez ere, lurraldeak eta janaria ekoizteko bitartekoak bereganatu dituzte». Sistema kapitalista «ez da gai» muturreko egoera horri erantzuteko, Via Campesinako eragileen ustez. «Gizateria krisian dago, eta Ama Lurra berotzen ari da. Lurra bizirik dago, baina kapitalismoa hura gal dezakeen gaixotasuna da».
«Agrogenozidioa» gelditu
Bada, «iraultza berdea» gisa saldu duten ildoari erantzuteko,Via Campesinak agroekologismoa proposatzen du. «Lurra gai organikoaz elikatzen du, bioaniztasuna dauka oinarrian, aspaldiko haziak gordetzen eta berreskuratzen ditu, baita animalia arrazak ere, herrien jakintza pilatuaren bidez, eta Ama Lurrarekin batera». Agroekologiaren iturria indigenen jakintza ei da; finean, nekazaritza sistema osoaren aldaketa bat sustatzen dute Via Campesinan. «Agroekologiaren eta burujabetza elikaduraren bidez, planeta hozten dugu, eta, aldi berean, gizarte justuagoak eraikitzen ditugu», esan dute.
Egungo sistemak, «iraultza berdea» deitu duen horrek, lurra pozoitu eta ura kutsatu duela azaltzen dute Via Campesinako biltzarrean onartutako deklarazioan. Finean, «agrogenozidioak» janariarekin lotutako arazo gehiago sortu ditu, «eta herri osoan beren lurretatik mugiaraztera behartu». Indigenek janari osasuntsua ekoizten jarraituko dutela hitzeman dute.
Nekazaritza. Via Campesina
Kapitalismo berdeari erantzuteko, agroekologia proposatu dute Derion
«Lurra bizirik dago, baina kapitalismoak gal dezake», dio 'Euska Herriko adierazpena'-k. Agroekologiarekin sustraietara itzuli behar dela diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu