Argentinako hauteskundeak

Kaosaren terapia

Mileiren garaipenaren ostean, Argentinako ekonomiak bide izugarri malkartsua du orain aurretik.

ARGENTINA HAUTESKUNDEAK
Javier Milei, Kordoban egindako mitin batean. ARIEL ALEJANDRO CARRERAS / EFE
Irune Lasa.
2023ko azaroaren 20a
16:00
Entzun

Motozerrarekin jo eta su hasiko da Javier Milei, ministerioak, banku zentrala eta pesoa eraisten? Edota behin boterea lortuta, pragmatismora joko du, eskuin ez horren muturrekoarekin —Mauricio Macri presidente ohiaren (2015-2019) jendearekin— eskutik helduta? Eskuin ofizial-tradizionala ultrarradikalak baretzeko gai dela dioen kondaira berriz ere proban jarriko da, norekin eta Mileirekin, non eta Argentinan.

%142ko inflazioarekin dagoeneko ahituta dagoen herrialdeko ekonomiak bide izugarri malkartsua du aurretik. Lehen konbultsio handia berehala espero da: pesoaren beste debaluazio bat. Argentinako Banku Zentralak ez du nazioarteko erreserbarik pesoaren balioari eusteko, eta Mileiren garaipenak piztutako zalantzak areagotu egin dira dibisa merkatuetan.

Horrek beste argudio bat eskain diezaioke presidente berriari Argentinako ekonomiaren dolarizaziorako. Zerbaitegatik jardun da Milei azken hilabeteetan, «excremento» (gorotza) deitzen pesoari. Dolarizazioak, haren promesa arranditsuenak, ordea, itxaron egin beharko duela uste dute analista gehienek; besteak beste, presidente berriak zailtasun handiak izango dituelako Kongresuan babesak lortzeko; baina, batez ere, banku zentralak dolarrik ez duelako 622.000 milioi dolarreko (570.000 milioi euro) ekonomia dolarizatzeko.

Dolarrak pesoa ordezkatzea, eta horrekin Argentinako banku zentralari dirua inprimatzeko aukera kentzea da Mileiren promesa handia inflazioa galgatzeko. Baina hura iritsi artean, inflazioa makurtzeko bidea, ziurrenez, gastu publikoa murriztea eta gerrikoa are gehiago estutzea izango da, %40ko pobrezia tasa duen Argentina horretan. Lehen aizkorakadak laster iritsiko dira, Sergio Massa Ekonomia ministro eta hautagai peronistak presidentetzarako hauteskundeetara begira ezarritako laguntza gehienek iraungipen data iristear dutelako.

NDF Nazioarteko Diru Funtsak jada begi txarrez ikusi zituen Massaren neurriak, uste duelako inflazioa hauspotzen zutela. Argentinak 40.000 milioi dolar zor dizkiola, NDFk izango du zeresana herrialdeko ekonomiaz datozen hilabeteetan, eta ikusteko dago zein Milei izango duen telefonoaren beste aldean.

Politikari ultraeskuindarrak dena hankaz gora jartzeko promesarekin bereganatu ditu argentinarrak, shock terapiarekin Argentina berria pizteko. Arriskua, dena den, hor dago, shock terapia bilakatzeko kaos terapia kontrolagaitzean. Eta bitartean, Donald Trump txorakeriekin gertu zen moduan, Mileiren erretolika histrionikoari so, erdi ezkutuan iritsi daitezke babes sozialen ezabaketak, enpresa eta baliabideen pribatizazioak, eta kaos gehiago.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.