Enba nekazari elkarteak haragi enpresa batzuen «publizitate engainagarria» amaiarazteko eskatu du, kanpoko haragia euskal haragi gisa saltzen ari baitira. Horren adibide gisa jarri du maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitarte Donostiako Anoeta estadioan egingo den «txuleta festa erraldoia». Enbak azaldu duenez, horra begirako publizitateak dio «made in Gipuzkoa 25.000 txuleta» zerbitzatuko direla, baina benetan han ez da bertako okela erabiliko.
Azaldutakoaren arabera, ekitaldia antolatu duen enpresak kanpoko haragia erabiltzen du «egunerokoan», «batez ere Europa erdialdekoa». Nekazarien elkarteak ez du izenik eman, baina ekitaldiaren antolatzailea Zarauzko (Gipuzkoa) Gesalaga-Okelan taldea da.
Enbak salatu du halako jokabideak oso zabalduta daudela sektoreko enpresen artean, «salbuespen oso gutxi batzuk izan ezik». «Gero, inolako lotsarik gabe, Basque Gastronomy, Made in Gipuzkoa, Basque Butcher eta halako erreferentzia lokalistetara jotzen dute azken kontsumitzailearen sentimendura jotzeko».
Nabarmendu du enpresa horiek Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak jasotzen dituztela, beren instalazioetan eta makinetan inbertsio handiak egiteko. «Horretarako soilik jotzen dute euskal jatorrira». Enbaren ustez, laguntza horietan lehentasuna izan beharko lukete bertako haragia erabiltzen duten enpresek eta tokiko ekoizpenarentzat trakzio funtzioa betetzen dutenek. Horrekin batera, Jaurlaritzari eskatu dio «marketin amarruak» pertsegi ditzala.
Publizitate «engainagarria»
Enbak azaldu du Donostiako ekitaldia horren «adibide ona» dela. Gogoratu du antolatzaileak festa iragartzeko «gertuko erreferentziak» erabili dituela, hala nola Realeko jokalari ohiak eta klubeko maskota ofiziala, «bere ohiko jarduera eta lurralde bati lotuz, kontsumitzailea engainatzeko helburu bakarrarekin».
Txuleta festaren laugarren aldia da; aurretik Getarian eta Zarautzen egin dute. Antolatzaileak dio «gastronomia, kirola eta euskal kultura uztartzen dituen ekitaldi bat» dela. Parte hartzaileen artean azaltzen dira Andoni Izeta aizkolaria eta Inaxio Perurena harri jasotzailea. Realaren babesaz gain Zarauzko Arraun Elkartearena, Bera Bera eskubaloi taldearena eta Zarauzko Errugbi Klubarena ere badu.
Irabazi asmorik gabeko ekitaldi bat. Hala dio behintzat Realaren webgunean azaltzen den albisteak: «Bildutako dirua klub horien proiektuak eta jarduerak finantzatzeko erabiliko da, aldi berean kirola eta euskal kultura sustatuz».