Kanadak eta Mexikok muga zergekin erantzungo diote Trumpi

Gauerdian jarriko dira indarrean AEBek bere auzoei eta Txinari jarritako tarifak. Txinak MMEra jo du, eta EBk ohartarazi dio Trumpi ez dela ezer egin gabe geratuko bere produktuak zergapetzen baditu.

Donald Trump eta Justin Trudeau, artxiboko irudi batean. OLIVER HOSLET / EFE
Donald Trump eta Justin Trudeau, artxiboko irudi batean. OLIVER HOSLET / EFE
Kerman Garralda
2025eko otsailaren 3a
09:50
Entzun

Donald Trumpek larunbatean eman zuen gerra komertzial berriko lehen kolpea: hiru dekretu sinatu zituen, eta, ondorioz, %25eko muga zergak jarriko dizkie Kanadako eta Mexikoko produktuei, eta %10ekoak Txinakoei. Neurriak bihar sartuko dira indarrean, gauerdian.

Luze gabe erantzun dute besteek. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak atzo iragarri zuen %25eko muga zergak ezarriko dizkiela AEBetatik inportatutako produktuei. Hasieran 30.000 milioi dolarren inportazioei jarriko die tarifa berria, baina hiru aste barru beste 121.000 milioi dolarren inportazioak kargatuko ditu, «Kanadako konpainiek eta hornidura kateek alternatibak bilatzeko denbora izan dezaten».

Lehen fase horretan elikagaiak (haragia, esnekiak, pasta...), edariak (ardoa, sagardoa, bourbona, pattarrak...), tabakoa, higienerako produktuak (perfumeak, xanpuak, xaboiak, komuneko papera...), pneumatikoak, poltsak eta maletak, egurrak, jantziak (berokiak, pijamak, elastikoak, barruko arropa...) eta beste produktu batzuk daude. 

Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak muga zergen aurka hitz egin du gaur goizean: «Muga zerga hauek eragin larria izango dute Estatu Batuetan eta Mexikon», esan du X sare sozialean eskegitako bideo batean. «Arazoak ez dira muga zergen bidez konpontzen. Elkarrizketa da bidea. Trumpi proposatu diot elkarrizketa mahai bat osatzea gure ordezkaririk onenekin».

Halere, «B plana» prest duela aitortu du. Trumpen erantzunaren arabera, Mexikok ere muga zergak ezarriko dituela esan du Sheinbaumek. Egunean zehar emango ditu xehetasunak.

Txina, MMEra begira

Txinak ere «dagozkion neurriak» hartuko dituela iragarri du, herrialdearen interesak eta eskubideak «behar bezala babesteko». Hala, atzo argitaratutako ohar batean, jakinarazi zuen Munduko Merkataritza Erakundera joko duela, «legez kanpoko jokabideengatik». «Aldebakarreko muga-zerga neurri gehigarriak MMEren arauen urraketa larria dira, eta bi herrialdeen arteko lankidetza ekonomiko eta komertzial normala ahultzen dute», adierazi du Txinako Merkataritza Ministerioak.

«Arazoei zuzenean aurre egiteko, elkarrizketa zintzoa hasteko, lankidetza indartzeko eta ezberdintasunak kudeatzeko eskatzen diegu AEBei», osatu du Merkataritza Ministerioak.

Txinaren eta AEBen orain arteko akordioak modua ematen zuen 800 dolarreko edo gutxiagoko bidalketak zergarik gabe sartzeko, baina Trumpen aginduak deuseztatu egin du aukera hori. Shein, Temu eta antzeko enpresa txinatarrentzat produktuak merke saltzeko bidea zen. Pakete txiki horiek AEBetan droga sartzeko modu bat dira, mugetan ez baitira asko kontrolatzen.

EB, neurriak hartzeko prest

Europako Batasunak deitoratu egin du AEBek Kanadari, Mexikori eta Txinari muga zergak ezartzeko hartutako erabakia, eta erantzuteko prest azaldu da, baldin eta Trumpek ostiralean agindutakoa bete eta ondoren EBko produktuei muga zergak jartzen badizkie. «EBk irmo erantzungo dio EBko produktuei muga zergak bidegabeki edo arbitrarioki ezartzen dizkion edozein merkataritza bazkideri», esan zuen atzo Europako Batzordeko bozeramaile batek.

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak ere hitz egin du gaur. Europak hartu beharreko neurriei buruz galdetu diotenean, Scholzek esan du EB eremu ekonomiko indartsua dela eta «jarduteko aukera propioak» dituela. Halaber, EBk AEBekin harreman ekonomikoak izaten jarraitu nahi duela gaineratu du.

Ekoizpen kateak eten

Litekeena da Trumpek hasitako gerra komertzialak ondorio ekonomiko oso handiak izatea, harreman ekonomiko estuak dituztelako Kanadak, Mexikok eta AEBek, batez ere 1990eko hamarkadan NAFTA merkataritza librerako ituna egin zutenetik. Zenbait sektoretan, autogintzan batez ere, ekoizpen kateak hiru herrialdeen artean banatuta daude, eta horrek esan nahi du auto bat egiteko prozesuan osagaiek mugak askotan zeharkatzen dituztela. Kate hori egun gutxian eten daitekeela eta autoen ekoizpena gera daitekeela ohartarazi dute industria horretako burukideek.

Muga zergen bitartez, Trumpek AEBen berrindustrializazioa bultzatu nahi du, egia baita merkataritzaren ugaltzeak kontsumitzaileei mesede egin diela —produktu gehiago eta prezio hobeagoetan lortu ahal izan dituzte—, baina AEBetatik industria batzuk kostu txikiagoko lekuetara joatea eragin du, eta horrek eragin txarra izan du eskualde jakin batzuetan.  

Aduanako tarifek kanpotik iristen diren produktuak garestituko dituzte, eta, horrela, barne ekoizpenean lehiakortasuna areagotuko da. Hala ere, Erreserba Federalak kaleratu berri duen txosten batek dio Trumpen lehen agintaldian indarrean jarritako tarifek industrian enplegua galtzea eragin zutela.

Muga zergen beste ondorioetako bat inflazioa izan ohi da: inportatzaileek gehiago ordaindu behar dutenez, kostu gehigarri hori —edo horren zati bat— kontsumitzaileei ordainarazten diete. Horrek bete-betean egiten du talka Trumpek inflazioa murrizteko egindako promesarekin.

Dolarra gora, eta burtsak behera

Finantza merkatuetan ere eragina izaten ari da Donald Trumpek abiatutako merkataritza gerra. Ondorio nagusia da dolarra indartzen ari dela beste diruen aldean. Horrela, euro batek 1,023 dolar balio ditu gaur goizean: azken bi urteotako kopururik txikiena da. Kanadako dolarrak eta Mexikoko pesoak ere balioa galdu dute. 

Burtsak ere jaitsi dira, asiarrak lehenengo, eta europarrak ondoren. Azken horiek %2 inguru galtzen hasi dira, baina goizak aurrera egin ahala %1ekoa izan da erorikoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.