Militarismoa Euskal Herrian. Armagintza

Kamuflajedun lantegiak

Ez dago zerrenda ofizialik, baina Euskal Herriko ehun enpresa inguruk dute harremana armagintzarekin. Aeronautika sektorea da industria militarraren eta zibilaren arteko zilbor hesterik oparoena.

Rafale gerra hegazkinetako bat. Dassaultek planta bat du Miarritzen. J. NV / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbao
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Radarren azpitik pasatzen den sektore bat da armagintza, oharkabean. Euskal Herriko industria ehunean haren erroen eta eraginen arrastoari jarraitzea ez da erraza. SPRI elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Industria sailak, esaterako, ez dute egin haren inguruko txosten berezirik, ez inpaktu ikerketarik. Izan ere, soldadu trebeen antzera, bere burua ondo ezkutatzen daki, eta kamuflaje horrek badu izena: «dibertsifikazioa». Alvaro Anta Gasteizkoak talde antimilitaristako kideak (Gasteiz, 1970) kendu dio mozorroa. Azken urteetan militargintzak Euskal Herriko industrian dituen sustraiak ikertzeagatik ezagun egin den elkarte bat da.

Gasteizkoak-en ustez, egun «ehun inguru» dira armagintzarekin harremana duten euskal enpresak. 2017an Estas guerras muy nuestras [Gerra hauek oso gureak dira] liburua argitaratu zuten, eta 101 ziren orduan. Esan bezala, euskal erakundeek ez dute erregistro ofizialik, eta ez dago kluster edo enpresa elkarte pribaturik. Horiek hala, Gasteizkoak-ek defentsa ministerioen lehiaketa publikoen erregistroan, haien buletinetan eta aldizkari berezituetan arakatu behar izaten dituzte enpresak.

Espainian bada kluster bat, TEDAE izenekoa, eta Hego Euskal Herriko bederatzi euskal enpresa daude hor: SAPA, ITP Aero, Aernnova, MTorres, Aciturri, Tecnalia, Sener, Iraundi eta Satlantis. Optical Critical Sistems ere ageri da, CAF Beasaingo (Gipuzkoa) enpresak iaz erosi zuena. Ipar Euskal Herrian ere industria militarrarekin harreman zuzena dutela onartzen duten bi enpresa daude: Dassault eta Turbomeca. «Errealitatea, baina, askoz zabalagoa da», azaldu du Antak: «Enpresa horiek enpresa asko azpikontratatzen dituzte, eta hornitzaile pila bat dituzte. Sustraiak oso sakonak dira».

Eta dirutan, zenbat da? Bada, ezin da jakin. Gasteizkoak-ek 500 milioi euro inguruko fakturazio datua eman izan du, baina ziur daude hori baino handiagoa dela, eta hurrengo urteetan are gehiago puztuko dela. Martxoan, NATOk bere kideei eskatu zien BPGaren %2 defentsara bideratzeko. Eskaera zaharra da, baina orain askok beteko dutela dirudi. Espainiak dagoeneko esana du 2024an iritsiko dela, %1,17koa baitu egun. Frantziaren kasuan %1,84koa da; Alemaniarenean, %1,36koa; Italiarenean %1,22koa, eta Belgikarenean %0,93koa.

Europa da eroslea

AEB, Errusia eta Txina hortik gora dabiltza, baina, euskal industriaren kasuan, Europako merkatuari erreparatu behar zaio, hainbat herrialderen artean adosturiko proiektu amankomunak baitira bezero nagusia. Urrunago joan gabe, Next Generation funtsetako 15.000 milioi euro defentsarekin harremana duten inbertsioetarako dira. Hortik kanpo, Saudi Arabia da erosle handienetako bat, eta gero eta gehiago AEBak.

Enpresei izen-abizenak jartzen hasiz gero, Sapa nabarmendu behar da, ekoizpena ia esklusiboki armagintzara bideratzen duten gutxietako bat baita. Andoainen (Gipuzkoa) du lantegi nagusia, eta Jokin Aperribai Realeko presidentea da haren burua. Aireko erasoen aurkako sistemak eta gerra ibilgailuen propultsio sistemak ekoizten ditu batez ere. Esaterako, esku hartze handia izaten ari da VCR 8x8 Dragon tankearen ekoizpenean. Egun Espainiako armadak hori erabiltzen du, eta Europan ere zabaldu nahi dute. Ibilgailu militarren arloan diharduten beste euskal enpresa batzuk dira, bestak beste, CAF, Danobat eta JPG.

Antak nabarmendu du egun aeronautika dela euskal industriak armagintzarekin duen loturarik oparoena, eta hori dela dibertsifikazioaren kamuflajearen eredu nagusia. Hegazkingintza zibilerako egitasmo eta ikerketak militarrean ere erabiltzen dira. Gasteizkoak-en arabera, 51 enpresa daude zaku horretan.

Handienak ITP Aero, Aernnova eta Dassault dira, eta hirurek hartzen dute parte FCAS proiektuan: Eurofightera eta Rafaleak ordezkatuko dituen Europako guda hegazkin berria. Combat Air System 100.000 milioi euroko egitasmo bat da, eta, ondo bidean, 2027rako prest egon beharko luke. ITP Aerok turbinak egiten ditu; Aernnovak, hegalak, eta Dassaultek zenbait parte lantzen ditu. Dassaultek Miarritzen (Lapurdi) du faktorietako bat, eta, batez ere hegazkingintza zibilean diharduen arren, enpresaren webgunearen arabera, egitasmo militarretarako osagaiak ere ekoizten ditu. Beste 48 euskal enpresek haiek hornitzen dituzte.

«Teknologizazioa»

Armagintza aldatu egin da Euskal Herrian. Pistola, lehergailu eta antzekoak ekoizten dituzten enpresak urritzen ari dira; ingeniaritza, elektronika eta optika zerbitzuak eskaintzen dituztenak, berriz, ugaritzen. Horren eredu da MTorres ingeniaritza bulegoa (Dorre, Nafarroa). Gerra hegazkin ugari egiteko makineria diseinatudu: A400M, Eurofighter, KC390, F-18a, F-35... Itsaspeko bat ere diseinatua du. Sener (Getxo, Bizkaia) ere ingeniaritza aholkularitza da. Armagintzarekin duen loturarik ezagunena, dena den, misilak gidatzeko SMS sistemak dira.

Bilakaera horri «teknologizazioa» deitzen dio Antak. Eredu argienetako bat Tecnobit euskal jatorriko enpresa da: radarrak eta optika elementuak diseinatzen ditu. Satlantisek, esaterako, optika elementuak muntatzen ditu satelite eta antzekoetan, eta akordio bat sinatu du AEBetako defentsa departamentuarekin. Are gehiago,Tecnalia institutuak defentsara zuzenduriko alor bat du, eta aurretik aipaturiko hainbat arlotan egin ditu ikerketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.