57 urteko garraiolaria hil zen atzo Hernanin, Gipuzkoan, lan istripu ez-traumatiko batean, A-8 autobideko gasolindegi batean erregaia hartzen ari zela, LAB sindikatuak azaldu duenez. Hildakoak (E. P. R.) Getzeko (Nafarroa) Transportes Petroliferos Coordinados SM enpresarentzat egiten zuen lan. Sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko hemezortzi dira aurten Euskal Herrian lan istripuz hildako beharginak.
Ohar batean, LABek azpimarratu du garraioarena dela «laneko ezbeharren gaitza» gehien pairatzen duten sektoreetako bat, eta hori, hein handi batean, «lan baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun neurririk ezaren» ondorio dela. Sindikatuaren arabera, garraiolariek baldintza «oso prekarioetan» egiten duten lan. Besteak beste, lanaldi luzeak, estresa, presioak, soldata eskasak, bizimodu eta osasuntsu elikatzeko zailtasunak aipatu ditu.
LABen iritzian, sektorean gertatzen diren lan istripu gehienak eragozteko modukoak dira. Horretarako «borondate politikoa» eta erakunde eta enpresa guztien inplikazioa baino ez dela behar nabarmendu du. Salatu du patronalak ez duela bere gain inolako ardurarik hartzen halako gertaeretan. «Patronalaren zigorgabetasuna amaitu beharra dago. Erakundeek ezin dute beste alde batera begiratzen jarraitu; bestela, konplizeak izango dira».