Bi behargin hil dira astearte honetan lan istripuan, biak Bizkaian. Kamioi gidari batek bizia galdu du goizean Santurtzin, gidatzen ari zen erregai kamioiak su hartuta. Arratsaldean, Trapagarango Ugarte industrialdeko enpresa batean langile bat hil da, lantegiko ate batean harrapatuta geratu ostean.
Saturtziko ezbeharra N-644 errepidean gertatu da, Mamarigako tunelen aurretik, eta Santurtziko mendateko sarrera itxita egon da pare bat orduz, ibilgailuak bidea trabatzen zuelako. Suhiltzaileek ezin izan dute ezer egin gidaria erreskatatzeko: heldu direnerako, hilda zegoen. Sua itzali, eta ibilgailua bidetik atera dute jarraian.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 08:50ean izan da istripua. Lehen informazioen arabera, gidariak ibilgailuaren kontrola galdu du, eta errepide alboko hesia jo. Kolpearen ondorioz hartu zuen su kamioiak, eta gidaria ezin izan da kabinatik atera. Ertzaintzak ikerketa hasi du, gertatutakoa argitzeko.
Trasvase de combustible de camión incendiado #Santurtzi#Bomberos trabajando
— Bomberos y Bomberas Bizkaia (@BomberosBizkaia) January 9, 2024
Santurtzin Erretako kamioiaren erregaia kentzen #Suhiltzaileak lanean pic.twitter.com/TIN92ZWtRi
Trapagarango ezbeharra 19:24an gertatu da, Ertzaintzaren arabera. Suhiltzaileak eta anbulantzia bat ere bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin behargina salbatzeko.
Aurten lanean ari zirela hildako lehen langileak dira. Iaz, LABen zenbaketaren arabera, 58 izan ziren, horietatik hamar garraiolariak. Sindikatuak nabarmendu du garraioaren sektorean heriotza tasa oso handia dela, eta lan baldintzak, berriz, prekarioak: «Lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik prezio apala ordaintzea, bizitza eta elikadura osasuntsua izateko zailtasunak, eta abar».
LABen iritziz, sektore horretan gertatzen diren lan istripu gehienak saihestu daitezke; horretarako, borondate politikoa baino ez da behar, «baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere, garraiolarien lan eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak hartzeko». Amaitzeko, azpimarratu dute prekaritatea eta patronalaren inpunitatea amaitu behar dela, eta erakundeek beste aldera begiratzeari utzi behar diotela. «LABek ez du lan istripu gehiagorik onartuko, ez garraioaren sektorean, ez beste inon».
Bide beretik jo du ELA sindikatuak. Salatu du garraiolariek izaten dituzten lan istripu gehienak trafiko istriputzat hartzen direla, eta «alboratu» egiten direla haien lan baldintza prekarioak. «Bizkaiko Merkantzien Garraioko Hitzarmena betetzen ez duten estatuko enpresak sartzeak mozkin marjinak murrizten ditu. Enpresak tarte horiek berreskuratzen saiatzen dira, lanaldi nekagarriak egitera behartuz eta, laburbilduz, salgaien garraioaren sektoreko lan baldintzak prekarizatuz», gehitu du.
Sindikatuak elkarretaratzera deitu du biharko, 16:00etan, Santurtziko Aparcavisako biribilgunearen parean. Azaldu du datu gehiago jasotzeko lanean ari dela, «ez baitaude argi istripuaren nondik norakoak».
Gasteizen zortzi langile kutsatu dira karbono monoxidoa arnastuta
Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, zortzi langileri erasan die hiriaren erdiguneko eraikin bateko lanetan izan den karbono monoxido isuri batek. Erregai bidez funtzionatzen duen sorgailu batek eragin du jarioa, eta hiru behargin ospitaleratu egin behar izan dituzte.
Istripua 11:00 aldera gertatu da udaleko ogasun sailak lehen erabiltzen zuen eraikin batean —orain etxebizitzak egingo dituzte han—. Inguruko bizilagunek eman diete abisua larrialdi zerbitzuei, gas itxura zuen usain handia nabaritu baitute. Suhiltzaileak eta Udaltzaingoa bertaratu dira, eta aireztatu egin dituzte ezbeharra gertatu den eraikina eta inguruko beste batzuk.