Eduardo Zubiaurre. Confebaskeko presidentea

«Kalte ordaina merkatu da, baina beste leku batzuetan merkeagoa da»

Confebaskeko presidenteak ez dio EAJri aurpegiratu lan erreformaren aurka bozkatu izana: «zilegitasun osoa du bere irakurketa egiteko». Erreformak kaleratzeko erraztasunei eutsi diela onartu du, baina erraztasun handiagoak nahiko lituzke.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
xabier martin
Bilbo
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Confebaskek lan erreformaren aldeko botoa eskatu du, eta EAJk eta EH Bilduk ezezkora egin dute; lan araudi berria aurrera atera da, ordea, PPren erreformaren muinari eutsita. Eduardo Zubiaurre (Eibar Gipuzkoa, 1962) pozik dago, «segurtasun juridikoa» emango dielako enpresei, baina malgutasun neurriak are malguagoak izan zitezkeela nabarmendu du, adibidez, kaleratzeen arloan.

Confebaskek erreforma hau nahi zuen. Gustura?

Bai, Confebaskek negoziazioan parte hartze handia izan duelako, gainera; ordezkariak gertu-gertutik izan ditugu. Egonkortasuna ekartzen duen akordioa da: demokrazian lehen aldiz gertatu da sindikatuek, patronalak eta gobernuak adostea lan erreforma bat.

Aurreko erreformaren muinari eutsi zaio; zer diozu egon diren aldaketei buruz?

Onargarriak direla; malgutasun bideak bermatzea zen gure ardura. Helburu hori lortu da. Behin-behineko tasa altuak jaistea sindikatuen ardura zen, eta lan kontratuetan aldaketa batzuk egin dira, mugagabe berriak sortuz. Oreka joko bat izan da, eta orokorrean ados gaude, onuragarria delako guretzat.

PPko diputatu bat nahasi delako onartu da, transfugismoa tarteko. Hausnarketarik bai horri buruz ?

Hemen bi eremu egon dira: lehena, eragile sozialena eta gobernuarena, eta, bigarrena, baliozkotze parlamentarioarena, eremu horretakoak diren interes guztiekin, zilegiak, baina beste eremu batekoak.

Bigarren eremuan jazo denari buruzko iritzirik bai?

Eztabaida bat egon da, eta hura iritsi aurretik guk oso garbi utzi dugu adostasunaren balioa zer handia den. Horregatik eskatu dugu aldaketarik ez egiteko. Zorionez, horrela izan da, uste baino gorabehera handiagoz izan bada ere. Gobernuak ikusi zuen zirrikitu bat bazela testua bere horretan onartzeko, eta gero, ezusteak egon dira.

EAJ enpresarien eskaerekin lerrokatu da sarritan; oraingoan, ez. Nola hartu duzue EAJren ezezko botoa?

Alderdi bakoitzak zilegitasun eta eskubide guztia dauka bere irakurketa egiteko. PP, adibidez, askoz ere argudio eta arrazoi itxiagoekin aritu da; EAJk bertako hitzarmenen lehentasuna jarri du ezinbesteko gai potolo gisa. Beste batzuek ikusi dute arlo horretan ez zela ezer aldatu behar, eta hori ukitu gabe aurrera atera behar zela erreforma.

Eta zuek non kokatu zarete eztabaida horretan?

Ba, erdian geratu gara. Zergatik? Bertako hitzarmen lehentasuna bermatuta dagoelako. 2017ko Lanbide arteko esparru akordioak bertako itunak estatukoen aurrean jartzen ditu. Langileen Estatutuaren 83. artikuluak dio horrelako akordioak egin daitezkeela; hori ez da aldatu. Eragileen artean, egia esateko, ez da sekula arduratzeko gai bat izan.

EAJk ez du horrela ikusi.

Ez, beste era batera ikusi du, eta zilegi da horrela ikustea, baina guretzat ez da arrazoi nagusi bat erreforma osoaren aurka egiteko.

Zuk bermatzen duzu estatuko patronalaren edo sindikaturen batek ez duela berriro epaitegira joko euskal esparru akordioaren aurka, 2018an gertatu zen moduan?

Esparru akordioa Langilearen Estatutuaren arabera egindakoa da: legezkoa da.

Baina bermatzen duzu euskal hitzarmen bat estatuko hitzarmen baten aurretik aplikatuko dela kasu guztietan?

Epaitegira jotzeko arrazoiak behar dira aurrena, eta argia da legeak hitzarmenei eta lehentasunei buruz dioena.

Eroritako euskal itun bat estatuko baten barruan sartu bada, zer gertatuko da horrekin?

Lehentasunak, esparrukoak baino gehiago, kronologikoak dira, gai batzuetan izan ezik. Dena den, oso hitzarmen gutxik egin dezakete talka, hemen estatuko oso itun gutxi daudelako. Negoziazio kolektiboa lurraldeka eta sektoreka egiten dugu. Erkidego mailakoak zortzi besterik ez dira.

Sukaldaritza kolektiboan patronalak ukatu berri die ELAri eta LABi negoziazio mahaira deitzeko gaitasuna, ordezkaritzaren %83 eduki arren. Ituna estatu mailakoa dela argudiatu dute...

Gu ez gaude hor ordezkaturik; ez dut kasu horren berri. Baina seguru nago eragileek lurralde mailako akordio bat lortuko balutehori aplikatuko litzatekeela.

Euskadiko CCOO haserre dago, EAJk elkarrizketa soziala ahuldu omen duelako. Ahuldu da mahaia EAEn?

Loli Garciari galdetu behar zaio zergatik dagoen haserre, baina berriro diot: guk bi eremuak desberdintzen ditugu. Batzuetan, lerrokatuta daude, eta, beste batzuetan, ez.

Confebask erreformaren negoziazioan egon dela esan duzu. Ez duzue bitartekari lanik egin itunen lehentasunak aldatu eta EAJ baiezkora erakartzeko?

CEOEren barruan egon ziren eztabaida batzuk Langilearen Estatutuan aldaketa batzuk egiteko, baina guretzat lan itunen lehentasuna bermatuta dago. Testua ez zen aldatu; eduki hori bigarren mailakoa zen. CEOEren barruan 350 erakunde daude, eta gu horietako bat baino ez gara.

Confebaskek aldatuko zuen eduki hori, EAJk nahi zuen moduan, ahal izan balu?

Guretzat ez zen izango arazo bat hori aldatzea, eraginkortasun gutxikoa litzatekeelako, baina dagoen moduan egotea ere ez da arazo bat, inondik inora. Etorkizunean bermatuko balira euskal itunak berme juridiko berriekin, ba, oso ondo, baina hori gainditutako gai bat da guretzat. Azkenean, honekguztiak gehiago du eztabaida politiko-filosofikotik, eguneroko errealitatetik baino.

Malgutasun neurriei eustea oinarrizkoa izan da Confebaskentzat. Zergatik da hain garrantzitsua zuentzat kaleratzeak egiteko erraztasunak edukitzea?

2012ko erreformaren aurretik, oso egoera okerrean zeuden enpresek ezin zituzten neurriak hartu ez bazen adostasunik langileekin. Erreformak ekarri zuen egoera larria duen enpresak neurriak hartu ahal dituela, adosturik bada, hobeto. Kalte ordainak merkeago dira orain, baina oraindik ere beste herrialde batzuetan merkeagoak dira.

Gehiago merkatuko zenituzke?

Bai; zenbat eta merkeagoa gertatu doikuntza bat egitea, orduan eta errazagoa izango da berriro enplegua sortu eta kontratazioak egitea. Zailtasunak jartzen badira doikuntzak egiteko, kontratazioa mehatxu eta arazo gisa ikusiko du enpresariak. Arrisku jarduera bat da enpresa, eta aurreikusi behar du zer-nolako aukerak dituen arazoak gainditzeko. 2012 aurretik oso aukera gutxi zituen, adostasuna lortzea ia ezinezkoa zelako doikuntzak egiteko. Galga bat zen kontratatzeko.

Kaleratze objektiboak hogei eguneko kalte ordaina dauka, hamabi hilabeteko mugarekin. Merkeagoa izan behar du?

Beste herrialde batzuetan errazagoa da doikuntzak egitea. Zenbat eta errazago izan, orduan eta kontratazio gehiago egongo da susperraldiak iristen direnean. Nahi duguna da gure lehiakideek eta Europako herri aurreratuenek dituzten araudiak eta baldintzak edukitzea, hori besterik ez.

Kaleratze librea eta doakoa nahi du Confebaskek?

Kaleratzeak egin behar direnean enpresak egin ahal izatea nahi du. Orain ere bada librea kaleratzea: ordainketa bat eginez.

Ordainketa hori apalagoa izatea eskatzen ari zara orduan?

Aldagai hori beste herrialde batzuek dituzten baldintzetara gerturatuko bagenu, askoz errazagoa litzateke doikuntzak egitea.

SMI gutxieneko soldata mila eurora igo dute. Zer diozu?

Zorionez, Euskal Herrian, langileen %4k besterik ez dute jasotzen soldata hori. Soldata horiek balio erantsi gutxiko jardueretan daude. Baldintza hobeak eskaintzeko, balio erantsia eta lehiakortasuna handitu behar dira aurrena, eta, zoritxarrez, badaude jarduera batzuk non zailtasun handiak dauden hori baino gehiago ordaintzeko. Dena den, azken urteetan igoera handiak egon dira. Azken bost urteetan %40 igo da SMI.

40.000 langilek jasotzen dute SMIa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Langile pobre izateari utzi ahal zaio mila euro gordin jasota hilero?

Jarduera horietan gehiago ordaintzeko ahalmena handitu egin behar da soldatak hobetzeko; ez ahaztu soldatak norbaitek pagatzen dituela. Jasotzen duenarentzat oso gutxi izan daiteke, baina pagatzen duenak ahalmen bat behar du hori hobetzeko, eta, batzuetan, ez du, jarduerak, berez, ez duelako gehiagorako ematen. Guk, esaterako, ez dugu inolako hitzarmenik egiten horrelako kopuruekin.

Ez zenuke SMIa igoko?

Diodana da logikoena dela balio erantsi gutxiko jarduera horiei eusteko aukera ematea, orain gastu guztia igotzen ari delako, eta SMIa igotzeak ere trabatu egiten duelako jarduerei eustea. Negozioek beren ahalmenaren arabera egokituz joan beharko lukete, ez gobernuak aginduta. Denok eduki nahi ditugu ahalik eta soldatarik onenak, baina arlo hori lehiakortasunarekin eta balio erantsiarekin dago lotua.

2022ko KPIa %6,5ekoa izan da. Enpresek modu orokorrean ez badituzte soldatak KPIaren arabera igotzen, baliteke lan gatazkek gora egitea?

Gerta daiteke. Izugarrizko arazoa da enpresentzat KPI hori. Enpresa askotan zailtasunak daude igoera horri erantzuteko, eta presioa denontzat da, kostuak denontzat igo direlako, ez bakarrik norbanakoentzat, baita enpresentzat ere. Badakigu enpresa guztiak ez daudela egoera berean, eta inflazio horren ezustearen aurrean malguak izatea baino ez zaigu geratzen. Adegik egitasmo gisa proposatu du inflazio hori bi urtean banatzea. Urteko batez besteko KPIa ez da abenduko urte artekoa bezain beste igo. Enpresa bakoitzaren egoeraren arabera erabaki beharko da.

Zein da orduan Confebasken proposamena?

Malgu jokatzea, egoerak ulertzea, eta enpresaren egoeraren arabera erabakiak hartzea; enpresak ez badu aukerarik kostuak hainbeste igotzeko kolpe batez, benetan zaila izango delako erantzun egoki bat ematea.

Adostasunik ez bada aldeen artean, lan gatazkak aurreikusi dituzte sindikatuek.

Bai, eta ikusi beharko da zer ondorio dituzten gatazka horiek. Enpresa ez dagoenean ondo, gatazkak sortu baino gehiago, enpresaren geroa bermatu behar da, enpresarik gabe oso zaila baita soldatei eta lanpostuei eustea. Errealitatea kontuan hartu eta adostasunerako jarrera edukitzea komeni da inflazioaren egoera hau gainditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.