Kaleratzeetatik harago doan konponbide baten bila

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak artekaritza lanak hasi ditu, baina grebalariak kritikoak dira haren rolarekin. Enpresak dio lantaldea murriztu behar duela, eta grebalariek lan hitzarmen berria barneratuko duen akordio bat nahi dute.

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Hiru urteko grebaldia izan arren, bi aldeen arteko negoziazioak irekita daude. Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak artekaritza hasi zuen, eta ziklikoki bilerak egiten dituzte. Grebalariak, dena den, kritikoak dira haren rolarekin, uste baitute gehiago egin dezakeela. «Bilera guztiak guk eskatuak izan dira. Jaurlaritzak enpresari emaniko diru laguntzak bueltan eska ditzake, edo lehiaketa publikoetan parte hartzen ez utzi», azaldu dute.

Grebalarien arabera, Novaltiak negoziazio mahaian esaten du sei kaleratze egin behar dituela. Argudiatzen du biltegian robota jarri zuenetik langile gutxiago behar dutela, eta lantalde osoarekinenpresa ez litzakeela bideragarria. Grebalariek, berriz, egoera beste modu batera ikusten dute. Haien ustez, sei kaleratu horiek orain greban dauden multzokoak izatea nahi du zuzendaritzak, eta ez die aukera hori zabaldu egun biltegian lanean dauden beharginei. Egun, grebalariak barne, 48 langile dira guztira.

Datu onak

Novaltia 2013an sortu zen, Aragofar eta Vascofar kooperatibak batu zirenean. Aurreko lan hitzarmena 2017an agortu zen, eta 2018an luzatu ondoren, 2019an Espainiako ituna ezarri zuen enpresak. ELAk argi du enpresaren datuekin baldintza horiek hobetu daitezkeela. 2012an, Vascofarren lantaldearen kostua 4,6 milioi eurokoa zen, eta, 57 langileri eragin zien erregulazio baten eta robota ezarri izanaren ondorioz, kopuru hori 1,4 milioi eurora jaitsi zen. Sindikatuaren arabera, grebalariek eskatzen duten soldata igoerak 190.000 euroko kostua izango luke urteko, eta gogorarazi du Novaltiak 4,5 milioi euroko mozkinak izan zituela 2017., 2018. eta 2019. urteetan.

«Negoziazioetan ezin da bakarrik kaleratuez hitz egin», diote, lan itunak ere mahai gainean egon behar duela alegia: «Osotasun bat izan behar da. Ezin dira lehenbizi kaleratze adostuak zehaztu eta gero lan baldintzak». Novaltiak Bizkaian dihardu, baina Gipuzkoako baliokidea DFG da, eta eredu posible gisa har daitekeela uste dute. Haren lan hitzarmena Interneten aurki daiteke, eta 2014an soldata taulako kopuru txikiena urtean 20.226 eurokoa zen.

Pankartan ordu asko egin dituzte grebalariek. Makina bat buelta eman dizkiote buruari, eta, haien ustez, enpresaren kalkuluak ez dira zuzenak. Dolado: «Biltegia robotak kontrolatzen du, baina hari jaten eman behar zaio, apalak kargatuz. Gure kontuen arabera, jende gehiago beharko lukete, egiten ez diren lan batzuk daudelako». Kontatzen dute kamioien karga orain Zaragozan (Espainia) egiten dela eta enpresa ez zela aurkeztu Osakidetzaren pixoihalen lehiaketa publikora. Era berean, jakin dute Aragoin 25 milioi euroko biltegi bat eraiki nahi duela Novaltiak.

Eta kaleratuak izatekotan? Enpresak 28 eguneko kalte ordaina jarri du mahai gainean. Hernandezek bere egoera azaldu du. Greba hasi zuenean urtebete pasa zeraman lanean, eta, azken hirurak antzinatasun gisa zenbatuko balizkiote, 4.000 euro pasatxo jasoko lituzke. «Inork ez du hiru urteko greba egiten horretarako», diote hirurek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.