Kaleratze baten kalte ordainaren kostua zenbatekoa izango den aurretik jakiteak mesede edo kalte egiten dio gizarteari? Eskubide Sozialen Europako Batzordeak (ESEB) bere azken ebazpenean erantzun duen galdera da hori. Haren iritziz, kaleratze batek enplegatzailearentzat duen kostuari gehienezko muga bat legez ezartzeak kaleratzeak sustatzen ditu, enpresariak aurretik jakingo duelako zenbat ordaindu beharko duen. Aldiz, zehaztuta ez balego, ziurgabetasun hori oztopo bat litzateke kaleratzeak egin ala ez erabakitzeko garaian.
Eztabaida ez da berria lan harremanen munduan, eta oraingo ebazpen hau UGT Espainiako sindikatuak kaleratze bidegabeen legediari jarritako helegite bati emaniko erantzuna da. Lege horrek arautzen du kaleratze mota hori Hego Euskal Herrian, eta bi dira kalte ordaina kalkulatzeko aldagaiak: 33 eguneko soldata lan eginiko urte bakoitzeko, eta langileak, asko jota, 24 hilabeteko soldata jasotzea.
Kaleratze bidegabea ez da kalifikazio moral bat, legezkoa baizik. Enpresa batek kaleratzeak egiteko arrazoi objektiborik ez badu jotzen da bidegabetzat —normalean, arrazoi ekonomikoak edo ekoizpenari buruzkoak—, eta epaileak erabakitzen du bidegabea den ala ez. Ez da oso urrun joan behar kasuren bat aurkitzeko. Duela bi aste, esaterako, Gasteizko epaile batek bidegabetzat jo zituen Glavista Laudioko enpresak eginiko kaleratzeak. Bidegabeko kaleratzeen kalte ordaina bidezkoena baino handiagoa da, eta, esan bezala, gehienezko muga bat dute.
Eskubide Sozialen Europako Batzordeak ebatzi du kaleratzeen kalte ordainak legez mugatzeak kaleratzeak sustatzen dituela.
ESEBen ebazpenak dio kasuaren arabera kalkulatu behar direla kaleratze bidegabeen kalte ordainak, eta hainbat aldagai kontuan hartu behar direla. Besteak beste, enpresaren egoera eta kaleratuarena. Alegia, langile bakoitzak kaleratze kalte ordain ezberdina merezi duela bere egoera pertsonalaren arabera: pertsonarik zaindu behar duen ala ez, mailegu hipotekarioa duen... eta ez lukeela mugarik izan behar. Are gehiago, epaileek aplikatu izan dituzte salbuespenak kasu batzuetan. Aurtengo maiatzean, epaile baten aginduz, Oñatiko Udalak 30.000 euro ordaindu dizkio langile ohi bati, baina haren legezko kalte ordainak 493 eurokoa behar zuen.
Sindikatuen garaipen bat da ebazpena, eta, haien ustez, enpresetan denbora gutxi daramaten langileek sumatuko dute onura. Aldiz, enpresari elkarteek eta lobby liberalek aurkako argudioak plazaratu dituzte. Haien arabera, besteak beste, enplegua erregulatzeko espedienteak are gehiago katramilatuko lirateke epaitegietan, eta haiek kobratzea zailduko litzateke, eta ‹ziurgabetasun» horrek ez luke eragin positiborik izango lan merkatuan.
Espainiako Gobernua, aurka
Orduan, kaleratze araudia aldatuko al da Espainian? Ez dirudi, ez behintzat epe motzean. Aurretik Frantziak, Italiak eta Finlandiak antzeko ebazpenak jaso zituzten, eta argudiatu zuten ESEBen ebazpenak ez dira lotesleak. Espainian, berriz, bada eztabaida, Espainiako Gobernuak Europako Gutun Soziala sinatu zuelako eta Europako akordioak berresten direnean lege bihurtzen direlako. ESEBek, bere ebazpenean, Europako Gutun Soziala erabiltzen du erabakiaren oinarri juridikotzat.
Espainiako Gobernua, izan ere, ez dago kaleratze legea kolpetik aldatzeko gogoz. Are gehiago, haren helegite batek eragin zuen ESEBek auzia argitu behar izatea, eta epaitegiak arrazoia kendu zion. Hala ere, PSOE eta Sumar alderdien arteko gobernu akordioan kaleratze kalte-ordainak hobetzeko konpromisoa agertzen da, eta hori akuilu izan daiteke.
Ebazpenak, beraz, eta gutxienez, gaia eztabaidatzeko aukera eman dio Yolanda Diaz Espainiako lan ministroari. Gehienezko muga kentzea kostako zaio, baina lan eginiko urte bakoitzeko 45 eguneko kalte ordaina begi onez ikusiko lukeela zabaldu da. Hori bai, ohiko denez, Elkarrizketa Sozialeko galbahea aplikatzen tematzen bada, oso luze joko du. Espainiako eta Euskal Herriko enpresariek marra gorri bat jarria dute kaleratze kalte-ordainean, eta orain arte trebeak izan dira negoziazioak atzeratzen.