Hego Euskal Herriko epaileek ezingo dute handitu kaleratze bidegabeek legez duten gehienezko kalte ordaina. Azken lan erreformaz geroztik, langa hori 33 egunekoa da lan eginiko urte bakoitzeko, 24 soldataren gehienezko mugarekin. Espainiako Auzitegi Gorenaren gizarte arloko salak ebatzi du hori dela gehienezko muga, eta epaileek ezin dutela hortik gora jo nazioarteko akordioetan oinarrituta. Aldiz, bi aldeen arteko akordioa badago, enplegatzailearen eta kaleratuaren artekoa, langa hori igaro daiteke.
Gorenak auzi hori ikertu du azkenaldian Espainiako hainbat ebazpenetan legeak ezartzen duen baino kalte ordain handiagoak ezarri direlako. Hainbat epailek ezarri dituzte kalte ordain handiagoak, Europako Gutun Sozialaren gomendioetan oinarrituta, haren arabera arrazoi objektiborik gabe kaleraturiko langileek eskubidea baitute «neurriko kalte ordain edo erreparazio egoki» baterako.
Gorenaren ebazpenaren arabera, baina, 33 eguneko kalte ordaina, Langileen Estatutuaren 56.1 puntuak ezartzen duena, «egokia» da. Halaber, zehaztu du diziplina kaleratzea eta zibila ezberdinak direla, eta ez direla kalteak frogatu behar, botere legegileak berez kontuan hartu zituelako 33 eguneko kalte ordaina ezarri zuenean. Gorenaren ustez, gaur egungo formulak «segurtasun juridikoa eta irizpide berberak» bermatzen dizkie langile guztiei, «neurri bereko erreparazioa» egingo baitzaie enplegu bera galtzen dutenei.