Kaleratze bidegabeen erreformari ekingo diola iragarri du Espainiako Gobernuak

Yolanda Diaz Lan ministroak hitzeman du lanaldiaren murrizketaren ondoren ekingo diola. Oraingo kalte ordaina 33 egunekoa da lan eginiko urte bakoitzeko, eta, asko jota, bi urteko soldata jaso dezake kaleratuak.

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa. FERNANDO VILLAR / EFE
Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa. FERNANDO VILLAR / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko uztailaren 29a
17:00
Entzun

Espainiako Gobernua kaleratze bidegabearen kalte ordaina hobetzen saiatuko da, eta ikusi beharko da gaur egun duen 24 hilabeteko soldataren gehienezko muga igotzen duen. Iragan astean, Eskubide Sozialen Europako Batzordeak (ESEB) berretsi zuen kaleratze bidegabeen Espainiako araudiak Europako Gutun Soziala urratzen duela, eta, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroaren arabera, ebazpen hori loteslea da. Legedia horrek arautzen ditu kaleratzeak Hego Euskal Herrian. Iragarri du Elkarrizketa Sozialaren mahaian jorratuko duela erreforma, lanaldiaren murrizketa amaitzen duenean.

«ESEBetik eratortzen den oro zuzenbide oinarri da Espainian». Horrela argudiatu du Diazek kaleratzeen erreformari ekiteko obligazioa. Hego Euskal Herrian kaleratze bidegabearen —arrazoi ekonomikorik edo ekoizpenarekin zerikusirik izan gabe eginikoa— kalte ordaina 33 eguneko soldatakoa da enpresan lan eginiko urte bakoitzeko, eta kaleraturiko langileak 24 hilabeteko soldata jaso dezake asko jota. Bada, ESEBen ustez, legedia horrek ez ditu eragozten kaleratzeak.

«Alarma piztu da kaleratzea ukituko dugulako. Aurretik ere ukitu izan da, 2010ean eta 2012an esaterako, eta langileen kalterako aldatu zen»

YOLANDA DIAZEspainiako Lan ministroa

Diazek ez dio eperik jarri neurriari, baina aurreratu du Elkarrizketa Sozialeko mahaian eztabaidatuko duela, eta ikusi beharko da legezko kaleratzeen baldintzak ere aldatzen dituzten. Alegia, CEOE Espainiako enpresarien elkarteekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin akordioa lortzen saiatuko dela. Halaber, zehaztu du asteko lanaldiaren murrizketaren auzia amaitzen denean ekingo diotela. Ministroak uda amaitu aurretik adostu nahi zuen 37,5 orduko muga, baina ezin izan du.

Lan murrizketaren auzian CEOE izan da traba gehien jarri dituena, eta kaleratze baldintzen gogortzearekin hala izango dela dirudi. Diazek, horren jakitun, mezua bidali die enpresariei: «Alarma piztu da kaleratzea ukituko dugulako. Lan erreforma asko daramatzagu, bereziki 2010ekoa eta 2012koa, haietan kaleratzea ukitu zen eta kalterako egin zuen. Europako zuzenbidearen aginduak urratu dituzte eta langileei kalte egin diete».

Sindikatuek txalotu egin dute ekinaldia; besteak beste, ESEBen ebazpena UGTren helegite baten ondorio izan zelako. Gai beraz mintzatu da Joaquin Perez Rey, Espainiako Gobernuko Lan idazkaria, eta nabarmendu du arauaren helburua «apeta» diren kaleratzeak eragoztea dela: «Ezin da onartu enpresa batek kaleratze bat egitea nahi duenean eta gainera dohainik ateratzea».

Espainiak ESEBen agintea beteko du, baina aurretik Italiak, Frantziak eta Finlandiak antzeko ebazpenak jaso zituzten eta ez zituzten bete. Alde horretatik, Perez Reyk gehitu du PSOE eta Sumar alderdiek kaleratze neurriak gogortzea adostu zutela Espainiako Gobernuko koalizioko akordioa eztabaidatu zutenean.

Eta nolakoa izango da kaleratze bidegabe berria?

Negoziazioak luze joko du ziurrenik, enpresarien elkarteentzat marra gorri bat izan baita kaleratzeen kalte ordaina. ESEBek dio ezin diela arau bat ezarri kaleratze guztientzat, ezta kalte ordainen gehiegizko muga bat ezarri ere. Haren iritziz, enpresariak aurretik badaki zein izango den kaleratzearen kostua, hura errazago egingo du. ESEBen arabera, kaleratze kasu bakoitza ikertu behar da, enpresaren eta kaleratuen egoera kontuan hartuta. Beraz, adibidez, baliteke kaleratze kolektibo berdin batean kalte ordain ezberdinak egotea. Reyk horrela arrazoitu du: «Ez da gauza bera 30 urteko langile bat kaleratzea edo 60 urteko bat. Ez da gauza bera seme-alabak dituen langile bat kaleratzea edo familia kargarik ez duen bat».

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.