Lasaoko Corrugadoseko langileek manifestazioa egin zuten atzo eguerdian, Azpeitiko kaleetan (Gipuzkoa). Gallardo taldeak Lasaoko lantegiko 68 langileetatik 38 langile kaleratu zituen joan den abuztuan enplegua erregulatzeko espedientearen bidez. Urriaren 29an espediente horren gaineko epaiketa dute Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Kaleratutako langileak berriro hartzeko eta «fartsa hau bukatzeko» eskatu zioten atzo langileek enpresari. Horrez gain, Lasaoko lantegia «bideragarria» dela berretsi zuten, baina salatu zuten hori hala izateko enpresak ez duela ezer egiten, «lehengairik ekarri ez eta bezeroak galtzen utzi besterik ez du egin».
Lasaoko Corrugadoseko langileek eskualdeko beste hainbat enpresatako langile batzordeen babesa ere jaso zuten. Besteak beste, manifestazioari atxikimendua eman zioten Azkoitiko Gerdauk, Grumalek, Altuna y Uriak, Glualek, Kortak, Xey Corporacionek, TS Fundicionesek eta Sammicek. Azpeitiko, Zestoako, Azkoitiko, Zumaiako, Getariako eta Zarauzko udalek ere bat egin zuten protestarekin.
Lasaoko lantegiari ezarritako espediente berarekin Azpeitiko Corrugadosetik langile guztiak (300 inguru) kaleratu zituen Gallardok, eta, ondorioz, lantegia itxita dago. Haiek ere hilaren 29an izango dute epaiketa. Enpresa itxita dagoen arren, mobilizazioekin jarraitzen dute. Ostegunean egin zuten azkena. «Ezin dugu Gallardok erabiltzen duen erantzukizun gabeko joko hau onartu, eta, horregatik, salatu nahi dugu Gallardoren erabakia eta inposizioa, bai eta Madrilen egingo den epaiketan gure etorkizuna gure eremu naturaletik kanpoko epaileen eskuetan uztea ere».
Kaleratuak berriro hartzeko eskatu dute Lasaoko Corrugadosekoek
Manifestazioa egin dute, eta enpresari egotzi diote bezeroak galdu dituztela ez duelako materiala ekarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu