Kalera jo, kalera ez joateko

H&M jantzi denden kateak erregulazio espedientea aurkeztu du, azken urteotako hirugarrena, eta Portugaleteko denda itxi nahi du. Bizkaiko dendetako langileek grebari ekingo diote ostiraletik aurrera.

H&Mko langileek protesta gisa egindako moda desfilea, Bilbon, 2021ean. JON URBE / FOKU
H&Mko langileek protesta gisa egindako moda desfilea, Bilbon, 2021ean. JON URBE / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko irailaren 24a
05:00
Entzun

Bizkaiko H&M jantzi dendetako langileek grebara joko dute berriro. Enpresak erregulazio espedientea aurkeztu du, 521 langile kaleratzeko asmoz, eta horrek Euskal Herrian ekarriko luke Portugaleteko Ballonti merkataritza gune handian (Bizkaia) dagoen denda ixtea, eta han aritzen diren 29 langileak kanporatzea. Ostirala eta larunbata izango dira lehen greba egunak, eta datozen bi asteetan berriro ekingo diete lanuzteei.

Legeriaren azken erreformaren ondorioz, enpresak sei hilabete lehenago eman behar du enplegua erregulatzeko espedientearen berri, eta, horri jarraikiz, joan den urtarrilean jakinarazi zuen H&Mk zenbait denda itxi nahi zituela eta Portugaletekoa horien artean zegoela.

Albistea «bonba baten moduan» jausi zen langileen artean, enpresa batzordeko kide Patricia Babugliak azaldu duenez: «Kontuan hartu behar da espediente hau hirugarrena dela 2019tik. Urtarrilaren 26an eman ziguten horren berri, baina bagenekien negoziazioak ez zirela hasiko irailera arte. Sei hilabete hauetan langileek ez dute jakin denda itxi behar ote duten, noiz, zer gertatuko den eta abar. Ziurgabetasun hori psikologikoki oso gogorra da. Langileak gaizki tratatuak sentitzen dira».

Irailaren 17an egin zuten negoziazio mahaiaren lehen bilera. ELAko Zerbitzuen Arloko arduradun Iratxe Perezen hitzetan, bilera hark ez zuen mami handirik izan, eta dokumentazioa banatzeko baliatu zuen enpresak. Edonola ere, sindikatuak ez du itxaropen handirik mahai horrek ezer ekarriko duenik: «Guk askotan esan dugu hemen lan egiten badugu hemen negoziatu behar dugula. Guk ez dugu geure burua ordezkaturik ikusten mahai horretan, eta, greba batzordea sortuta, enpresa behartuta egongo da hemengo langileen baldintzak hemen negoziatzera. Oso argi dugu hemengo langileen baldintzak ez dituztela Madrilen negoziatuko».

«Oso argi dugu hemengo langileen baldintzak ez dituztela Madrilen negoziatuko»

IRATXE PEREZELAren Zerbitzuen arloko arduraduna

Langileen eskakizunak oso zehatzak dira: euren borondatez lanpostua uztea erabakitzen duten langileei legeak aurreikusten duen kalte ordainik handiena ematea, eta gainerakoei lanpostua bermatzea. «Lehenengo erregulazio espedientean, UGTk eta CCOOk sinatu zuten arrazoi ekonomikoak eta antolakuntzakoak zeudela horretarako, eta, horrekin, enpresari bidea libre utzi zioten bizpahiru urtean behin beste garbiketa bat egiteko», esan du Perezek. «Baina ez dago horrelakorik. Gure ustez, enpresaren kudeaketa txarra dago horren atzean, eta langileek ez dute hori zertan ordaindu».

Auzia aspalditik dator. 2017an, H&Mk Bilboko Plaza Eliptikoan zeukan denda itxi zuen; 2019an, berriz, berdin egin zuen Barakaldoko Max Center gunean zegoen saltokiarekin. 2021ean, enplegua erregulatzeko beste espediente bat aurkeztu zuen, Hego Euskal Herri osoan eragina izan behar zuena, eta langileek gogor erantzun zioten horri.

Protesta ugari egin zuten, eta horietako batzuek oihartzun handia izan zuten; adibidez, Bilboko Kale Nagusian antolatu zuten moda desfileak. Azkenean, eta 55 greba egunen ostean, enpresak onartu zuen kaleratze guztiak borondatezkoak izatea, eta inor ez behartzea lanpostua uztera.

Sektore feminizatua

Oso sektore feminizatua da jantzi dendena: orain itxi nahi duten Portugaleteko dendan, denak dira emakumezkoak, arduradun bat izan ezik. «Nik 22 urte daramatzat enpresan, eta ez dut inoiz ikusi gaixotasunagatik sortutako hutsune bat bete dutenik», esan du Babugliak. «Langile batzuek urte asko eman dute horretan, eta lana oso errepikakorra da: pisuak altxatzea, mugimendu batzuk behin eta berriz egitea eta abar. Horren ondorioz, bizkarreko, ukondoetako eta eskumuturretako minak oso ohikoak dira, baina langile bat gaixo paratzen denean, hutsunea ez da betetzen, eta zama gainerako langileen gain uzten da».

Gainera, lanbideak ez die enpresan gora egiteko aukera handirik eskaintzen langileei: «Langile batek amatasun baimena hartzen duenean, badirudi marka bat jartzen diotela», azaldu du Babugliak.

«22 urte daramatzat enpresan, eta ez dut inoiz ikusi gaixotasunagatik sortutako hutsune bat bete dutenik»

PATRICIA BABUGLIAH&Mko enpresa batzordeko kidea

Horri guztiari gehitu behar zaizkio ehungintzaren merkatuaren azken urteetako mugimenduak. Babugliak eta Perezek diotenez, merkatuaren joera da hiriburuetan denda handiak irekitzea: «Horretan, H&M atzetik ibiltzen da beti. Oraindik ere denda bat dute merkataritza gune bakoitzean, negozio eredu berriari heldu beharrean. Pandemiaz geroztik, badirudi Internet bidezko salmentari eman diotela lehentasuna, baina horretan ere ez daude oso aurreratuak». Diotenez, langileek inoiz ohartarazi diote enpresari hiriburuan denda handi bat kokatzeko moduko lokal bat hutsik gelditu denean, baina enpresak ez die jaramon handirik egin: «Berandu ibiltzen dira beti».

Oraingoz, bost greba egunetara deituko ditu ELAk H&Mko Bizkaiko langileak: irailaren 27an eta 28an, eta urriaren 4an, 5ean eta 11n. Enpresak Bizkaian dituen hiru dendetan –Bilboko Zubiarte merkataritza gunean, Leioako Artean eta Portugaleteko Ballontin– eta H&Mren jabetzakoa den Bilboko Cos dendan egingo dute lanuztea. Duela hiru urte gertatu bezala, greba mugagabera jotzea ez dute baztertzen sindikatuan.

Babugliaren arabera, langileak «gogotsu» daude: «Oraingoan, banaketaren karta jokatu nahi izan dute, eta, duela hiru urte ez bezala, denda bat markatu eta haren kontra jo dute. Baina urte asko daramatzagu hemen, oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta batera erantzungo dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.