Kalera ateratzeko «mila arrazoi» dituztela azpimarratu dute pentsiodunek

Duela sei urte kalera ateratzen hasi zirenetik lortutakoak asko diren arren, «premiazko» arazo ugari konpontzeko daude oraindik, haien esanetan.

Pentsiodunak
Pentsiodunen elkarretaratzea gaur, Bilbon, mugimenduaren seigarren urteurrenean. Aritz Loiola/ FOKU
aitor biain
2024ko urtarrilaren 15a
16:25
Entzun

Aurrerantzean ere kalera ateratzeko «mila arrazoi» dituela adierazi du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bere sorreraren seigarren urteurrena ospatzeko antolaturiko elkarretaratzeetan. Azpimarratu dute urte horietan guztietan egindako borrokari esker lortu dutela beren eskarietako asko gauzatzea, baina gogorarazi dute astelehenero kalera ateratzera bultzatu zituzten arazoetako beste asko konpontzeko daudela oraindik. Hitzeman dute protestan jarraituko dutela horiek konpondu artean.

2018ko urtarrilean sortu zuten Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua. Mariano Rajoy Espainiako orduko presidenteak pentsio sisteman egin asmo zuen aldaketa baten aurka, elkarretaratzera deitu zuten Bilbon. Pentsiodunek nabarmendu dute urteetako protesten ostean lortu zutela aldaketa hura indargabetzea, eta, horrekin batera, pentsio sistema publikoa «guztiz bideragarria» dela erakustea. 

Halaber, iritzi diote borroka horren ondorio dela pentsioak KPIaren arabera eguneratzea ere. «Aurten izango dugun %3,8ko igoera, galdutakoa konponduko ez duen arren, borroka eginez lortua da», adierazi dute. 

Egindakoaz eta lortutakoaz «harro» badaude ere, oraindik badaude «premiazkoak eta ezinbestekoak» diren aldarrikapenak, adierazi dutenez. Besteak beste, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta pentsioetan dagoen sexu arrakala desagerrarazteko neurriak hartzea. «Euria izan edo eguzkia izan, 275 astelehen geroago ere kalean jarraitzen dugula ospatzen dugu, guretzat eta hurrengo belaunaldientzat pentsioak publikoak, duinak eta nahikoak izan daitezen borrokan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.