«Ez dira ongi etorriak, eta argi utziko diegu». Joan den osteguneko hitzak dira horiek, Gune plataformako ordezkariek atzorako antolatu zituzten mobilizazioak aurkezterakoan esandakoak. Guggenheim museoan egin zen Global Forum Spain-en aurkako deialdia egin zuten ELA eta LABek beste hainbat sindikatu eta eragile sozialekin batera. Eta atzo, Bilboko kaleek horixe erakutsi zuten: troikako kideak ez zirela ongi etorriak izan. Gunek goizerako deitutako manifestazioan istilu ugari egon ziren. Bertan behera utzi behar izan zuten deitzaileek, Ertzaintzak hala «galarazi» zielako. Eta arratsalderako antolatuta zegoena ere ez egitea erabaki zuten plataformakoek, «ibilbidea aldatu, eta bete ezinezko baldintzak ezarri» zizkielako Segurtasun sailekoek.
Hala ere, Gune plataforma osatzen duten zenbait eragile sozial eta sindikalek eutsi egin zioten arratsaldeko deialdiari. Baina manifestazioa egin beharrean, plaza Eliptikoan elkarretaratzebat egin zuten, eta Guggenheim museoan elkartu ziren agintarien aurka hitz egin zuten: «Horrenbesteko nekeekin lortutako eskubide sozialak lan erreformekin, soldaten murrizketekin edo kaleratzeen merkatzeekin murriztu nahi dizkigute». Lasai joan zen plaza Eliptikoa bete zuen mobilizazioa. Baina ordu batzuk lehenago, Zazpikaleetan beste istilu batzuk egon ziren. Hala ere, ez zuten luzaroan iraun.
Goizean, giroa berotzen
Giroa goizetik hasi zen berotzen. 10:00etan bi zutabe abiatu ziren plaza Eliptiko aldera. Bata Jesusen bihotzetik, eta bestea Arriaga plazatik. Lehenengoa liskarrik gabe iritsi zen topalekura, NDF, troika edo banketxeen aurkako oihu artean. Arriagatik zetorren martxan ere berdin, baina aurpegia estalita zeramaten zenbait pertsonak banketxe edo kate multinazionaletako dendei eraso egin zieten, eta zenbait edukiontzi irauli. Tartean, Santander, BBVA, BBK edo Barclays bezalako bankuetako kristalak hautsi eta pintaketak egin zituzten. Denden artean, bestetik, Zara, Desigual, Mango, El Corte Ingles edo Swarovski denden aurkako erasoak egin zituzten. Plaza Eliptikoan elkartu ziren bi martxak, eta ordurako milaka ziren manifestariak. 10.000 inguru, deitzaileen arabera.
Eta hortik aurrera tentsioak gora egin zuen. Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritzari,Eusko Jaurlaritzaren egoitzari, eta beste hainbat banketxeri eraso egin ondoren, Bilboko Udaltzaingoaren furgoneta bat irauli zuten Jesusen bihotza plazan bertan. Hortik manifestazioak Euskadi plaza aldera jo behar zuen Euskalduna jauregiaren paretik igarota, baina Ertzaintzak bidea oztopatu zion martxari. Eta mezu bat helarazi zien manifestazioaren buruan zihoazen ordezkari sindikal eta sozialei: martxa baketsu bat besterik ez zutela baimenduko. Tentsio uneak bizi izan ziren orduan, eta hamabost minuturen ondoren deitzaileek manifestazioa bertan behera uztea erabaki zuten. Troika eta bere konplizeak, go home! zioen pankarta alboratu, eta eragile sindikal eta sozialetako arduradunak joan egin ziren.
Lasaitasun urduria
Baina han zeuden milaka pertsonak ez zuten hala egin. Troika pikutara! Ahal dugu zioen pankarta batek hartu zuen manifestazio burua, eta Euskadi plaza aldera abiatu ziren. Hara iritsita, Ertzaintzarekin tentsio une gehiago izan ziren, plazaren sarreran bidea oztopatu baitzien berriz ere. Harriak bota zizkioten, eta ertzain bat zauritu. Segurtasun iturrien arabera, ospitaleratu egin behar izan zuten. Orduan ertzain talde bat oldartu egin zitzaien, baina lasaitasuna itzuli zen. Lasaitasun urduria. Martxarekin aurrera egiten ahalegindu ziren, baina berriz galarazi ondoren, bitan banatuta geratu ziren manifestariak. Batzuk plazaren sarreran, eta besteak aurrerago, Arte Eder museoaren parean.
Han zeuden, halaber, ekarpenen auzien kaltetuak biltzen dituen Kaltetuak plataformako kideak ere. Bankuen aurka oihukatzen ari ziren 50 pertsona inguru. Eta euren atzean jarri ziren manifestariak. Berriz tentsioa itzuli zen Euskadi plazara. Bi taldeen aurrean lerrokatu ziren ertzainak, eta zenbait oldarraldi ere egin zituzten manifestarien aurka. Horietako batean gazte bat atxilotu zuten, eta pilotakada hotsak ere entzun ziren plazan, jendea sakabanatzeko asmoarekin. Casilda Iturrizar parkean zehar barreiatu ziren orduan manifestariak, eta horien atzetik joan zen Ertzaintzaren furgoneta bat. Berriz ere baretu zen giroa, baina alde bietan sumatzen zen tentsioa. Hala ere, ez zen liskar gehiagorik suertatu, eta pixkanaka jendea alde egiten hasi zen.
Guggenheim museora inguratzen saiatu ziren manifestariak, barrukoek euren ahotsa entzun zezaten, baina Iberdrola dorrearen parean —Euskadi plazan dago— mobilizatzearekin konformatu behar izan zuten. Plaza hustu zen, baina Kaltetuak plataformako kideek han jarraitu zuten, euren ekarpenak itzultzeko aldarrikatzen.
Global Forum Spain. Protestak
Kalean, ongi etorririk ez
Istiluak egon dira Gune plataformak ekonomia foroaren aurka antolatutako goizeko manifestazio jendetsuanArratsaldeko manifestazioa bertan behera utzi arren, zenbait eragilek berriz antolatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu