Kaiku Taldea eta Iparlat esneki enpresa eskutik doaz berriz. Elkarri eskua eman diotela esatea baino zehatzagoa litzateke esatea hatz bat eman diotela elkarri, iaztik Kaiku Taldea Urnietako (Gipuzkoa) enpresaren %9,64aren jabe baita. Emmi Suitzako ganaduzaleek osaturiko funtsa da Kaikuren jabea, eta Iparlatek eginiko kapital handitzea baliatu zuen 4,2 milioi euroren inbertsioa egin eta akziodunen artean sartzeko.
Cinco Días agerkariak eman du albistearen berri, Kaikuk merkataritza erregistroan aurkezturiko kontuei erreparatuta. Gauzak hala, bi enpresen bideak berriz ere gurutzatuko dira hamabost urte geroago. 2003ra arte enpresa bera izan ziren, eta 2009an elkar aldendu ziren, Iparlatek Emmiri saldu baitzion Kaikun zuen zatia, %18,58.
Mercadona merkataritza erraldoiaren presioari egotzi zitzaion mugimendu hura. Iparlatek marka zuriko esnekiak ekoizten ditu batez ere, eta Mercadonak esklusibotasuna eskatzen zien hornitzaileei. Hala ere, Eroski, Dia eta Aldi kateentzat ere ekoitzi izan du. Egun, bere ekoizpenaren %85 marka zuriak ditu. Kaikuk, berriz, orain arte ez du marka zuririk izan.
Iazko kapital handitzearen ondoren, Kaiku kooperatiba da Iparlaten %51ren jabea, eta haren kontrola du. Hori bai, zehaztu beharra dago, izen bera izan arren, Kaiku esnezale kooperatiba eta Kaiku Taldea ez direla enpresa bera. Iparlatek iaz 423 milioiren fakturazioa izan zuen, 2022an baino %11 handiagoa. Irabazi garbia, dena den, 4,2 milioi eurorena izan zen.