Kai nagusia zabaltzeko lizitazioa aurten aterako du Bilboko Portuak

Edukiontzien bigarren terminalerako lehiaketa hutsik geratu da. Oraindik ez du saldu Bilboko Olabarri jauregia. Apiril amaiera arte %3,9 handitu du trafikoa

Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea, atzo, Santurtzin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Santurtzi
2023ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Bilboko Portuaren azaleraren %85 baino gehiago erabilita dago, eta premiazkotzat jotzen du leku gehiago hartzea portuak hazten jarraitu nahi badu. Ricardo Barkala portuko presidenteak azaldu duenez, 2023an bertan ekingo dio horri, urte amaieran baitu kai nagusia hedatzeko lana lizitatzeko asmoa. Kai berriak 30 hektareako eremu bat hartuko du, eta 92 milioi euro beharko dira hura eraikitzeko. Ondo bidean, obrek hiru urte iraungo dute.

«Lizitazioa ateratzeko, beharrezkoa da Ministroen Kontseiluaren behin betiko tramitazioa», azaldu du Barkalak. Egoera arrunt batean, hilabete bat eta hiru hilabete arteko epe bat beharko litzateke hura onartzeko. Hala ere, hauteskundeek tarte hori baldintzatu dezakete: «Irteera puntuan gaude; proiektua atzeratzen bada, portuarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik atzeratuko da».

Bidean geratu da, ordea, edukiontzien bigarren terminala. Hura sortzeko lehiaketa «hutsik» geratu dela onartu du Barkalak. Maiatzaren 29an bukatu zen eskaintzak aurkezteko epea, baina ez da proposamenik aurkeztu. «Zenbait enpresak interesa erakutsi zuten, eta negoziatzen ibili gara».

Ez dute akordiorik lortu: «Terminal berriak gaur egungo terminalaren osagarria izan behar du, eta trafiko berriak batu behar ditu; baldintza zorrotzak ezarri ditugu, ez dugu-eta nahi terminal batetik bestera eskualdatzerik egotea». Alderdi interesdun batzuek baldintza horiek aldatzeko eskatu duten arren, erakundeak ez du onartu.

Zuzendaritzak nabarmendu duenez, oraindik hainbat proiektu dituzte «esku artean». Egitasmo horiek aztertuko dituzte, eta, gaur egungo eremua kontuan hartuz, erabakiko dute zeintzuk diren interesgarrienak. Izan ere, ezin dituzte eskari guztiak erantzun, «lurrik ez dagoelako». Nahiz eta tokirik ez egon, Barkalak ziurtatu du ez dutela Serantes mendia ukituko: «Nire dirua jokatu beharko banu, esango nuke ez dugula Serantes mendira joko».

Kaiak elektrifikatzea da zuzendaritzaren beste asmoetako bat. Iaz idatzi zuten Trantsizio Energetikoko Plana; 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko aurreko urratsa. Ordutik, «hainbat urrats» egin dituzte: «Bideetako eta kaietako argi guztiak LED motatakoak dira orain».

Ontzien CO2 emisioak murrizteko, A5 kaia elektrifikatzeko lizitazioa atera zuten herenegun, 5,4 milioiko aurrekontuarekin. «Portura datozen ontziak lurrera elektrikoki konekta daitezen nahi dugu, emisioak, bibrazioak eta zarata murrizteko».

Edukiontzi gehiago

Proiektuen berri ez ezik, urteko lehenengo lauhilekoko trafikoaren datuen berri ere eman du Barkalak: «Iazko lauhileko berarekin alderatuta, metatuko hazkundea %3,9 areagotu da». Gainera, edukiontzien trafikoak ere gora egin du, aspaldian ez bezala: «Azken hilabeteetan behera egin dugu edukiontzien trafikoan, baina oraingoan, %9ko hazkundea izan dugu».

Urteko lehen bost hilabeteetan, portuko trafikoa 13,4 milioi tonakoa izan da. Salgai orokorren trafikoa izan ezik, gainerako produktuak ere gehiago saldu dira: salgai likidoak %3,7, salgai solidoak %15, eta edukiontzia %0,3.

Bidaiarien trafikoak joera bera izan du: %2,5 handitu da. Urtarriletik maiatzera bitartean, Bilboko portuak 56.421 bidaiari izan ditu.

Tren bidezko trafikoa positiboa izan arren, Barkalak uste du oraindik badagoela lana egiteko. 1.700 tren ailegatu dira aurten portura; batez beste, astean 85. «Iaztik, gure eskumena da portuan trenbideak kudeatzea eta hori positiboa da». Hala ere, esan du bidaiarien trenekin partekatu behar dituztela bideak, eta mugak dituztela galiboei eta trenen luzerari dagokienez. «Hegoaldeko saihesbidearen proiektua lehenbailehen bultzatu behar da, eta Miranda Ebrotik porturaino doan trenbide azpiegitura hobetu».

Martxoan adierazi zuen Agintaritzak enkante publikoa egingo zuela Bilboko Olabarri jauregia saltzeko. Ekainaren 2an amaitu zen eskaintzak egiteko epe hori. Hasierako prezioa hamar milioi euro baino gehiagokoa da. «Hilabete hauetan hamar kontsulta inguru jaso ditugu; eraikinera bisitak egin ditugu, galderak erantzun ditugu, eta planoak ere landu ditugu».

Arlo desberdinetako interesdunek egin dute eskaera; baina enkantea «hutsik» geratu da, inork ez dituelako baldintzak bete. Uztailaren 13ko Administrazio Kontseiluan, prezioa %15 murriztea proposatuko dute. Hori baino lehen alderdi interesdunen batek hasierako prezioa eskaintzen badu, «automatikoki» salduko diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.