KAFEA NAHI BADUZU, SAKATU 'BAT'

Merkataritza elektronikoa izugarri zabaltzen ari da Txinan, eta eredu horrek iraultza logistikoa ekarri du, milioika eskaera garaiz irits daitezen helmugara. Ez dira ondasun ekipoak eskatzen soilik; kafea ere etxera eramateko eskatzen dute hiri handietan, eta beroa iristen zaio bezeroari, noski.

Suning enpresako langile bat eskaera bat zuzena dela ziurtatzen. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Pizza bat eskatzea bezain azkarra eta erraza da Hema supermerkatu katean erostea. Enpresak diseinatu duen sakelarako aplikazioan zer nahi den zehaztea aski da eskaera prestatu eta etxean jasotzeko, ordu erdi baten buruan gehienez. Etxean jasotzeko janariarekin, beste hainbeste. Meituan, Ele.me eta sektore horretako beste enpresa batzuk ezagunak egin ziren oso Txinan, Glovo eta Deliveroo baino lehen; haiek baino askoz ere negozio bolumen handiagoa dute, gainera.

Meituan Dianpingek, adibidez, 400 milioi erabiltzaile baino gehiago dauzka, eta bost milioi jatetxe bazkidetu; 20 milioi eskaera kudeatzen ditu egunero, 600.000 mezulariren bidez. Urteko lehen hiruhilekoan, 75.600 milioi yuaneko negozioa egin zuen (9.700 milioi euro), iazko epe berean baino %38,6 gehiago. Enpresaren arabera, haren zerbitzuaren azkartasuna —28 minutu batez beste— lotua dago teknologiaren alde egindako apustuarekin, eta horren barruan nabarmentzen du adimen artifizialeko aurrerapen bat: 0,55 milisegundotan zehazten dute zein den ibilbiderik onena eskatutako zerbait helmugara eramateko.

Hala, ez da harritzekoa kaleak eta errepideak kamioiz, furgonetaz eta bizikleta elektrikoz beteta ikustea, askotariko produktuen banaketa egiten. Azken moda da kafe bat sakelakoaren bidez eskatzea, hainbeste handitu da etxean edozer jasotzeko joera. Lucking Coffeek zabaldu zuen atea; Starbucksekin lehiatu nahi du kafetegien espazioa ahalik eta gehien txikituz, eta mezularien bidezko banaketarekin. Hamasei milioi bezerori 85 milioi kafe saldu zizkien horrela iaz. Martxorako 2.370 denda zituen konpaniak—kafeak egin eta banatzeko—, eta, urtea amaitzerako, 4.500 areto izan nahi ditu. Lortuko balu, Starbucks gaindituko luke; hura ere kafea etxera eramaten hasi zen iazko irailean.

Txinako enpresa horien negozio ereduak zalantza ugari piztu ditu, ordea, gehienak lehia gogorrean bizi direlako, eta lehia horrek isla duelako gorriz marraztutako emaitzetan. Ezaguna da Txinako merkatuak uxatu egin dituela Amazon gisako erraldoiak, ezin izan dutelako aurrera egin minaz jositako bide hartan. Beti dago aukera egoera hori egonkortzeko eta, bizikleta partekatuen sektorean gertatu den bezala, dozenaka enpresa desagertzeko, baina dagoeneko ez da zalantzarik: munduko bigarren potentziak eman duen jauzi logistikoak eta bezeroak lortzeko gerrak betiko aldatu dituzte Txinako herritarren kontsumo ohiturak.

Sakelakoarekin erostea da orain ohikoena, batez ere gazteen artean. Eta ez dute erosten Amazon gisako plataforma komertzialetan bakarrik: Taobaon eta JDn ere erosten dute, adibidez; neurri eta mota guztietako saltokietan jarduten dute. Gainera, ez da gertatzen hiri handietan bakarrik, Mendebaldean izaten den antzera: Cainiao sare logistikoa, Alibabarena, 40.000 herritara iristen da. 2018an, 50.000 pakete igorri zituzten Txinan, eta 2020an 71.000 bidaliko dituztela espero dute. Emarketerrek kalkulatu du 2020rako merkataritza elektronikoa 2,5 bilioi dolarrekoa izango dela, munduko merkataritza elektroniko osoa baino bilioi bat gehiago.

'Online' ala hil

«Online saldu ezean, hil egingo zara», laburtu du Lu Meik; arropa eta apaingarrien denda txiki bat dauka Shanghain. Saltoki klasikoa da, betikoa. «Nik 50 urte dauzkat dagoeneko, eta ez nuen nahi, baina salmentak asko murriztu dira dendan, eta semeak esan zidan WeChaten saltzen hasteko [Txinako sare sozial handiena]. Horrek orekatu du balantza pixka bat», dio; «batez ere bezero leialentzat balio du, aplikazioan dauzkadan gauza berriak ikus ditzaketelako, produktuen inguruan nirekin hitz egin dezaketelako, eta etxetik atera gabe erosi».

Luk egiten ditu fardelak, mezulari batek jasotzen ditu, eta bezeroei eramaten dizkie. «Onena da ez dudala azpiegitura handirik behar, eta nire dendara iritsiko ez ziren bezero askorengana iritsi naitekeela».

Kate tradizional handiek ere ziberespaziora egindako jauziak biltegien eskaera izugarria ekarri du, eta martxan jarri da haiek automatizatzeko lasterketa teknologikoa. Suning, Asiako erraldoiko salerosketa kate handiena, adibide ona da azaltzeko sektorea nola egokitzen ari den. Aurreko hilean, Carrefour Chinaren %80 erosi zuen, 615 milioi euroren truke. Saltoki fisiko handiekin jaio zen Suning, etxekotresnak eta gailu elektrikoak banatzeko. Egun 11.000 denda dauzka, baina eredu hibrido batera abiatu da, eta online salmentek gero eta pisu handiagoa dute eredu horretan.

Suningek ehun biltegi baino gehiago dauzka, eta haiek 9,64 milioi metro koadro hartzen dituzte. Espazio gehiena etxetresna handientzat da, baina enpresa jatorrizko sektoretik harago joan da, eta 46 instalazio dauzka hotza behar duten produktuak saltzeko, batik bat janaria.

Biltegi horietatik guztietatik 100.000 kamioi ateratzen dira 4.000 ibilbide egiteko enpresaren 465 banaketa zentroetatik aterata. Txinako merkatuaren %95i zerbitzua ematen zaio zentro horietatik, 24 orduko epean. «Ez da oso zaila estandar horiekin aritzea hiri handietan, esaterako Shanghain, Pekin eta Nanjingen, baina txinatarren %70 landa inguruetan bizi dira edota hiri txikiagoetan. Kokagune horiei kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea askoz ere zailagoa da. Baina Tibeteko txoko guztietara ere iristeko gai gara gu», dio, harro, Nanjingeko Yuhua biltegiko zuzendariordeak, Xue Fanhik. «Kostuak nabarmen garestitu dira Txinan, hala biltegiena nola eskulanarena. Beraz, eraginkortasuna kostuak bezainbeste handitzea ezinbestekoa dugu lehiakorrak izateko. Teknologia da gakoa», azaldu du Xuek.

Suning ez da bakarra adimen artifizialaren eta automatizazioaren apustua egiten. Haren lehiakide nagusietako batean, JDn, uste dute egungo eskaera halako hamar kudeatu ahalko luketela puntako teknologiari esker. «Orain arteko teknologiarekin, oso zaila da eraginkortasuna gehiago hobetzea», dio JDko fundatzaile Richard Liuk.

Suning konpainiaren Yuhua biltegian 400 langilek dihardute, baina 200.000 metro koadroko eremu horretan ez da erraza haiekin topo egitea. Langile bat edo bi daude prozesu bakoitzean; gainontzeko lanak robotek eta zinta automatikoek egiten dituzte, objektuak igoz eta jaitsiz, leku batetik bestera eramanez. «Guk geuk garatu dugun sistema horrekin, langile bakoitzak 1.200 produktu kudeatzen ditu orduro, biltegi tradizionaletan baino hamar aldiz gehiago. Eta 5G sarea martxan jartzen denean, nabarmen hobetuko dira kopuru horiek», gaineratu du Xuek.

Drone aireportuak

Nahiago du lehiakidea izenez ez aipatu, baina Xuek dio Nanjingeko biltegia Asiako handiena dela, eta munduko bost handienen artean dagoela. Suningen egoitza nagusia Jiangsuko hiriburuan dago. «Bi milioi produktu arteko bolumena jaso dezakegu, eta egunero milioi erdi bat produktu kudeatzen ditugu. Gure errekorra Ezkongabeen Egunean egin genuen: 1,8 milioi produktu banatu genituen egun bakarrean [azaroaren 11n ospatzen dute Txinako ziberespazioaren orgia konsumista nagusia]».

Barra kodeak irakurtzeko sistema bat kaxak banatuz doa; kaxek txip bat dute gordetzen duten produktuaren informazio guztiarekin. Produktu gehienak beren kabuz iristen dira plastikozko kutxa horietara. «Badira esaten dutenak automatizazio honek guztiak lanpostuak suntsitzen dituela, baina guk jendea kontratatzen jarraitzen dugu merkataritza eletronikoaren eskaera handiari aurre egiteko», azaldu du Xuek. 2019. urteari dagokionez, 80.000 pertsona gehiago hartuko ditu Suningek lanerako.

Baina ibilgailu autonomoekin egin nahi du banaketa. Baidurekin egin zuen ituna, iaz, Apollo gidaririk gabeko autoen plataforman parte hartzeko. Shanghain probak egiten hasi da 40 tona eramateko gai den kamioi autonomo batekin. Proba hori ongi ateraz gero, datorren urteko amaierarako orokortu egingo da kamioi autonomoen erabilera.

Horri gehitu behar zaizo JD garatzen ari den droneen proiektua. Probintzia batean lanean ari da horiekin, eta 150 aireportu eraikitzen ari dira haientzat. Helburu nagusia da iristeko zaila den lekuetan droneak garraiorako modu nagusia bilakatzea. «Desberdintasun sozialak apaltzeko balio dezake teknologiak, produktuak eta zerbitzuak jasotzeko garaian. Txina buru-belarri dabil iraultza logistikoan, eta iraultza soziala ere bada hori», aldarrikatu du Xuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.