Koronabirusa

Justiziak kolpe handia eman dio Jaurlaritzari: tabernak ireki daitezke

Eremu gorrian egon ala ez, ostalaritza zabaldu ahal da atzodanik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, EAEko Auzitegi Nagusiaren babesarekin. Ostiralean ikusiko da Jaurlaritzak arau berriak onartuko ote dituen

Bilboko taberna baten terraza, urtarrilaren amaierako itxiera iritsi aurretik. Gaur berriro zabal dezakete. ARITZ LOIOLA / FOKU.
xabier martin
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Pandemiari aurre egiteko, gobernuek era guztietako debekuak ezarri dituzte azken urtean, baina ez beti legearen barruan. Eremu gorri gisa izendatutako udalerrietan ostalaritza ixteko arauak ez du, behin-behinean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren oniritzirik, eta, ondorioz, atzodanik tabernak eta jatetxeak ireki ahal dituzte, baita eremu gorrietan ere; atzo, Bilbon ireki zituzten batzuk. Auzitegiak aintzat hartu baitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalarien hiru patronalek ezarritako helegitea, ostalaritzaren itxieraren aurkakoa.

Eusko Jaurlaritzaren urtarrileko dekretuak jasotzen du ostalaritza itxita egongo dela 100.000 biztanleko 500 COVID-19 kasutik gorako intzidentzia pilatua duten udalerrietan. Arau horren aurka jo dute Bizkaiko Ostalaritzaren Elkarteak, Sea-Ostalaritzak eta Gipuzkoa Ostalaritzak, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du haien eskaera: osasunari egindako mesedeen eta negozioei egindako kaltearen arteko oreka zer-nolakoa den aztertzen duen bitartean bertan behera uzteko Lakuaren arau jakin hori. Horixe egin du justiziak, hain zuzen: auzia sakonago aztertzen duen arte, tabernak irekitzea baimendu.

Ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan tabernak eta jatetxeak irekiko dituzte gaur bertan, esaterako Bilbon, 725eko intzidentzia pilatua duen arren. Beste hainbeste gertatuko da Gasteizen eta Donostian, hurrenez hurren590eko eta 536ko inzidentziak badituzte ere. Eta zein izango da tabernek bete beharko duten arautegia? Bada, Jaurlaritzak berak abenduan ezarritakoa; alegia, urtarrileko dekretuaren aurrekoa: lokalen edukieraren erdia baliatuta, baina barrarik gabe, eta edukiera osoa terrazetan. 06:00etatik 20:00etara ariko dira, eta enkarguak 21:00ak arte jaso ahal izango dituzte bezeroek.

«Pena da auzitara jo behar izana, adostasunaren eta sen onaren bidez konpondu beharrean», esan du Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaile Hector Sanchezek. Beste lurraldeetako elkarteen bozeramaile lanak eginez, esplikatu du «albiste ona» dela epaitegietatik iritsi dena, «sektoreari justizia egiten diolako». Halaber, ostalariek herritarren osasuna babesteko «berme guztiekin» jardungo dutela esan du: «Osasuna oinarrizkoa da, eta ostalariek arauak betearazi behar dituzte». Bezeroek ez badituzte arauak betetzen justiziaren ebazpena alferrik izango dela ere azaldu du, «hilabete barru egoera berriro okerra izan baitaiteke».

Jaurlaritzaren zain

Ostalaritza elkarteak pozik azaldu dira, baina zuhur, auzi honek zer bide hartuko duen jakiteko aldagai bat geratzen baita argitzeko: Eusko Jaurlaritzak beste saioren bat egingo ote duen ostalaritzaren itxierari eusteko eremu gorrietan. Batetik, Labiren batzarra dago ostiralean, bezperako batzar teknikoaren ostean, eta neurri berriak har ditzake hark. Hala balitz, Jaurlaritzak oso zorrotz jokatu beharko luke, bestehelegiterik aintzat har ez dadin epaitegietan. Bestetik, auzitegi nagusiak bost eguneko epea eman du bere erabakia inpugnatzeko. Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira ebazpena, eta, azterketa horren ondoren, helegitea jartzen duen ala ez erabakiko du gobernuak, atzo arratsaldean Bingen Zupiria bozeramaileak esan zuenez. «Erabaki honek ahuldu egin ditu pandemiaren aurkako tresnak», esan zuen. Halaber, berretsi egin zuen Labik neurri berriak har ditzakeela, baina haietan sartu gabe; «ez dagokit niri», esplikatu zuen. Beraz, egoera hauxe da: tabernak eta jatetxeak zabal daitezke orain, baina egoera horren iraungitze data ostirala izan daiteke, edo ostiralean hartutako neurriak indarrean sartzen direnean, handik ordu gutxira.

Hala, datozen orduetan jakingo da Gasteizko gobernuak dekretu berri bat edo indarrean dagoenaren doikuntza bat prestatzeko asmoa duen ala ez. Ezin baita ahaztu inauteriekin batera iritsi dela tabernak zabaldu ahal izateko babes judiziala. «Arrisku gehigarria da», gogorarazi zuen Zupiriak; «inork nahi ez dituen egoerak gerta daitezke, denok ezagutzen ditugunak». Horregatik, zuhurtzia «muturrera» eramateko eskatu zuen Jaurlaritzako bozeramaileak, eta, bereziki, ostalariei eta bezeroei.

«Begia begi truk»

Jaurlaritzaren gobernu bileraren osteko prentsaurrekoa egiten ari zela iritsi zen epaitegien erabakia, atzo. Zupiriak ez zuen balorazio zehatzik egin, eta arratsalderako utzi zuen agerraldi berezia. Adierazi zuen epaitegien erabakiak mahai gainean jartzen duela «berriz ere» Jaurlaritzaren ahalmenen eztabaida. «Auzitegiaren epaiak galdera marka handi bat jartzen du horren inguruan, benetan baditugun edo ez egoera honi erantzuteko behar diren tresnak». Edonola ere, gobernuak uste du ostalaritza itxi izanak kutsatzeak gutxitzea eragin duela.

Ostalari batzuk beldur dira gobernuak«zigor zentzagarria» edota «baldintza berriak» ezarriko ote dizkien. Hala adierazi zuten, erabakiaren zain zeudela auzitegiaren aurrean, Bilbon egindako elkarretaratzean. Ostalarien patronalen bozeramaile Sanchezek ez du espero horrelako erreakziorik, «begia begi truk litzateke-eta hori». Haren ustez, «egokiena da aste batzuk pasatzen uztea», ikusteko zabaldu den jokaleku berriak zer-nolako eragina duen pandemiaren eboluzioan. «Gu ez gara irekiera libre bat mahairatzen ari, abenduko arauekin jardutea baizik».

Irekita egon ala ez, ostalarien elkarteek diru laguntzak nahi dituzte sektorearentzat, erreskate bat 231 milioi eurokoa. Nafarroan ere protestak egin zituzten atzo, barrualdean zerbitzatzeko eskatuz; ikusteko baitago EAEko auzitegiaren ebazpenak nola eragingo duen beste erkidego batzuetan. Gerta daiteke salaketa arrosario bat iristea, tabernei jarritako mugen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.