Heceygok, automobilgintzarako piezen pintura industriala egiten zuen Gasteizko enpresak, kalte ordaina eman beharko die kaleratutako 30 langileei, justiziak ebatzi baitu ez zegoela pisuzko arrazoirik 2024an enpresa ixteko. Frogatutzat jo dute enpresa errentagarria zela eta mozkinak pilatzen eta dibidenduak banatzen jarraitu zutela.
Nahiz eta kaleratzeak baliogabetu, langileak ez dira lanera itzuliko, Heceygo jada ez baita existitzen. ELAk, ohar bidez, salatu du bere garaian justiziak baztertu egin zituela eskatutako kautelazko neurriak eta nagusiei bide eman ziela enpresa deuseztatzeko.
Maiatzean aurkeztu zuen zuzendaritzak langile guztiak kaleratzeko eskaera, «eskari berririk ez zutelako», ELAk orduan zehaztu zuenez. «Ulertezina» zela esan zuen sindikatuak, enpresa jabez aldatu berria zelako eta aurreko urteetan ia bi milioi euroren irabaziak metatu zituelako. Langileek greba mugagabea hasi zuten, eta ELAk auzitara eraman zuen afera.
Borroka ez dela amaitu azpimarratu du sindikatuak. Enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu berri da, eta kalte ordainei aurre egiteko ezintasuna duela dio. ELAk dibidenduak eta egindako deskapitalizazioa itzultzeko eskatu du.