Justizia sozial eta ekologikoa erdiesteko neurriak hartzea exijitu dute ehunka lagunek Iruñean

60tik gora sindikatu eta gizarte mugimenduk egin dute bat Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren deialdiarekin, «bizitza duinen alde». Aldarrikatu dute aktibazio soziala «giltzarri» dela norabide aldaketa eragiteko.

(ID_13866875) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2024-05-11, Iruñea. Trantsizio ekosozialaren aldeko martxa, Eskubide Sozialen Gutunak, Emak...
Ehunka lagunek manifestazioa egin dute Iruñean, alternatiba ekosozial justu bat aldarrikatzeko. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko maiatzaren 11
16:09
Entzun

Dozenaka banderak, pankartak eta kartelek egin dute bat Iruñean. Aldarri mordo batek ere bai, eta horiek oihukatzeko maneran bistan da norberarenak besterenak ere izan daitezkeela batzuetan; gaurkoan, kasurako. Izan ere, «alternatiba ekosozial justu bat» aldarrikatu dute eguerdian kolektibo askotako ehunka pertsonak. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialistak izan dira manifestazioaren deitzaile ofizialak, baina 60tik gora eragilek egin dute bat, «bizitza duinen alde». Arratsaldean Bilbon egin dute manifestazioa.

Protestan parte hartu duten eragileen artean izan dira, besteak beste, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak, bai eta pentsiodunen mugimendua, Oneka Euskal Herriko emakume pentsiodunen plataforma, AHT Gelditu plataforma eta Gerrarik Ez elkartea. Horien guztien eta gehiagoren mezuak kabiarazi dituzte manifestazioan, eta, hala, elkarrekin salatu dituzte, adibidez, Palestinaren kontrako genozidioa, AHTaren ondoriozko «txikizioa», prezioen igoera eta prekaritatearen sakontzea, klima larrialdia eta matxismoa.  

Finean, erdigunean pertsonak eta planeta jarriko dituen eredu bat exijitu dute manifestariek. Diotenez, batik bat horretarako da premiazkoa «alternatiba ekosozial justu bat» eraikitzea; halaxe esplikatu du protesta hasi aitzinean Ernaiko kide Beñat Jusuek. «Erdigunean bizitzak jartzea da kontua, azken batean». Hark zehaztu duenez, «urgentziazko neurriak» martxan jarri beharra dago. Nabarmendu du beharrezkoa dela «nork bere ardura hartzea», adierazi du manifestazioarekin bat egin dutenak prest direla horretarako, baina argitu du eragile ekonomiko eta politikoen esku ere badagoela aldaketa bultzatzea. «Asumi ditzatela beren erantzukizunak». 

Kontraesanak salatzea

«Marranta ederrarekin daramat astea. Horregatik ez dut eginen oihu, e!», esan dio gizon batek ondokoari, manifestazioa hasi eta segituan. Gazteluko plazatik abiatu dute martxa, blokeka, pankarta nagusiaren atzetik. Eta marrantatutako hark ez, baina ingurukoek tinko egin dute bidea txilioka. Honako hauek ozendu dituzte, besteak beste: «Inor ez da ilegala!», «Palestina askatu!, «gora borroka feminista!», «bizitza erdigunean, ez porlana!». Abiadura handiko trenaren kontrako mugimenduarena da azken hori, zehazki.

Hain zuzen ere, AHTaren aurkako eguna antolatu dute gaurko Iruñean. Egun osoko egitaraua ondu dute, bazkaria eta kontzertuak barne, baina mugimenduko kideen esanetan, ezinbestean sentitu dute beste eragileekin batera eguerdian karrikara ateratzea. «Ikusten ari gara instituzioak hainbat neurri justifikatzen ari direla krisialdiaren barruan, eta, aldi berean, ikusten dugu nola jarraitzen duten eredu neoliberalaren ikur den AHTrena bezalako proiektuekin. Kontraesan horiek salatu behar ditugu», adierazi hango du kide Enea Anduezak. 

«Egin beharreko aldaketak ezin dira merkatuaren esku utzi. Eraldaketa ez da posible izango gizartearen aktibazioan oinarritzen ez bada».

GOTZONE SESTORAIN Eskubide Sozialen Gutuneko kidea

Justizia sozial eta ekologikorako zer behar den, horra gakoetako bat, eta, hain zuzen, helburu horretarako ezinbestekoak diren zazpi ardatz aletu dituzte manifestazioaren bukaeran. Zehazki, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak joan den udazkenean antolatutako Su txikien itsasoa topaketetan jaso zituzten zazpi ardatz horiek. Hauek dira: batetik, klima larrialdiari aurre egiteko neurriak hartzea, «denontzako planeta bizigarri bat izateko». Eredu ekonomiko «justu» bat ere eskatu dute, «gutxi batzuentzako etekinak biltzean oinarrituko ez dena». Lanak duintzea ere bai, bai eta pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzea ere.

Adierazi dute horretarako ezinbestekoa dela, besteak beste, Atzerritarren Legea abolitzea. Bestalde, elikadura subiranotasuna aldarrikatu dute, eta oinarrizko premiak –hala nola energia eta telekomunikazioak– sistema publikoak kudeatu behar dituela. Gerrak bukaraztea eta gastu militarra etetea ere premiazkoa da, manifestarien iritziz; «gizartearen eta ekonomiaren desmilitarizazioa», alegia. 

Aipatu ardatz horiekin guztiekin du lotura nabarmendutako azkeneko ideiak. Eskubide Sozialen Gutuneko Gotzone Sestorainek eman du esplikazioa: «Egin beharreko aldaketa horiek guztiak ezin dira merkatuaren esku utzi. Eraldaketa ez da posible izango gizartearen aktibazioan oinarritzen ez bada». Larritasunaren neurria eman du, azkenik, ohartarazpen bat eginik: «Ezin dugu itxaron».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.