Uztail beteko eguzki izpiek Sophia Geneticsen Bidarteko (Lapurdi) egoitza mitratuak jotzen ditu Jurgi Camblong Ruiz (Angelu, Lapurdi, 1978) kafe batekin biltzen den heinean enpresako gelaren erdigunera. Etorkizuneko medikuntzaz eta adimen artifizialaz mintzatzeko gogoak bultzaturik, enpresaren sorrera, garapena eta geroko erronkez aritu da Camblong.
Zergatik sortu zenuten Sophia Genetics? Eta zergatik Suitzan?
Ni Suitzan bizi nintzen. Pauen eta Bordelen egin nituen ene ikasketak, baina Bordelen ez nuenez doktoretza tesia egiteko bekarik lortu, Genevara joan nintzen. Han egin nuen ene tesia. Sophia Genetics sortu genuen hiru pertsonaren artean. Minbiziak eta etorkizko eritasunak detektatzeko teknologia garatzen dugu. 2003an, hain zuzen, lehen aldikoz gizaki baten genoma sekuentziatu zen. Genoma sekuentziatu hori bideratzeko makinak industrializatuz joan dira, eta datuen kalkulatzeko zein mutazioen atzemateko arazoak eta trabak saihestu nahi genituen, eta orduan sortu genuen Sophia Genetics.
Nola biltzen dituzue datu genetikoak?
Gure bezero gehienak unibertsitate-ospitale zentroak dira. Frantzian, bi ospitaletik batek gure plataforma erabiltzen du; unibertsitate ospitaleek eta minbiziaren kontrako zentroek nagusiki. Nafarroan eta Euskadin, aldiz, denek baliatzen dute plataforma. Haiek pazienteen odola edo biopsia biltzen dute. Ondotik, beren laborategian DNA ateratzen dute. DNAn ez da dena analizatu behar: gene batzuk anplifikatzen dituzte PCR [polimerasaren kate erreakzioa, ingelesezko sigletan] teknika erabiliz. Datu horiek ekoitzirik, gure plataformara konektatzen dira, eta hodeira bidaltzen dituzte beren datuak. Hain zuzen, Microsoft Azure sisteman sartuak dira datu horiek, eta gure algoritmoek datuen artean miatzen dituzte geneen mutazioetan diren informazioak. Mutazioak atzemanik, idatziz jasotzen dituzte, eta kasuan-kasuan erraten dizute zein den biderik egokiena tratamendua atzemateko. Informazio horren arabera, erabaki bat hartzen dute sendagileek. Horren gibelean, informazio horrek ahalbidetzen dizu perspektiba hobea izatea minbiziaz eta haren tratamenduaz.
Zer eskaintzen du zure enpresak?
Analisirako sistema informatiko bat ematen du Sophia Geneticsek, ospitaleek beren lana errazago egin dezaten. Etsenplu gisa, Indiarekin lan egiten dugu, Tata enpresa taldearen minbiziaren kontrako fundazioarekin. Gure plataforma erabili baino lehen, biopsiak AEBetara igortzen zituzten. Emaitzak ukaiteko, sei astez beha egon behar ziren, biziki luze zen, eta ez zuten batere beren jakintza garatzen. Gurekin gauza bera egiten dute, baina gaitasuna dute garapena ospitalean bertan egiteko. Horretarako, demokratizazioa eta eskuragarritasuna funtsezko bi ildo nagusi dira guretzat. Gauza konplexuak sinplifikatu ditugu, onkologoek eta medikuek jakin dezaten datu horiek nola erabili.
Datu horiek paziente guzientzat dira, edo soilik paziente batzuen pribilegioa?
Gure kasuan, gure lana eskuragarri ematen dugu ospitale publikoei. Egia erran, ez dugu aski egiten. Ezagun batzuen kasua etsenplu gisa harturik, erraten didate oraino ospitaleek denbora anitz ematen dutela profilaketa molekularra sortzeko. Domaia da, zeren profilaketa molekularrak ematen dizu gaitasuna ikusteko minbiziak nola eboluzionatuko duen. Kasu batzuetan, diagnostikoaren bidea ere erakusten dizu.
Zergatik hautatu zenuten Bidarten egoitza berri bat irekitzea?
Egia erran, Suitzan datuen arloko zientzialariak eta informatikariak erakartzeko ez dugu arazorik. Aldiz, ingeniariak erakartzeko zailtasunak genituen, eta bilatu nahi izan dugu leku bat non kalitatezko ingeniariak jiten ahal ziren. Gure merkatuetatik hurbil, ESTIAren inguruan ikusten genuen zinezko ahalmena bazela. Ez da bakarrik Euskal Herrira itzuli nahi nuela, baina nik uste dut biziki garrantzitsua dela hemen enpleguak sortzea: gure etxean, geure buruaren jabe izan gaitezen.
«Ez da bakarrik Euskal Herrira itzuli nahi nuela, baina nik uste dut biziki garrantzitsua dela hemen enpleguak sortzea: gure etxean, geure buruaren jabe izan gaitezen»JURGI CAMBLONGSophia Genetics enpresako zuzendaria
Erraza izan zen Bidarten toki bat aurkitzea?
Ez. Akitania Berriko eskualdearekin dugun harreman ona biziki lagungarria izan da egonkortzeko. Hobeki izaten ahalko zen, baina traba batzuk ukan genituen instalatzeko.
Nor dira datuak tratatzen eta lantzen dituzten zientzialariak?
2011n hasi ginelarik, hastapenean hiru sortzaile ginen. Biziki fite, datuen arloko zientzialariak eta teknologialariak batu ziren. Nagusiki, datuen arloko zientzialari gehienak Suitzan ditugu, ehun dira. Hemen Bidarten, borzpasei dira, eta Pessacen [Okzitania] ere bai. Bertze batzuk AEBetan dira. Baditugu informatikariak, algoritmoez gain beste guzia egiten baitute.
Non lantzen dira datu horiek? Europan edo atzerrian?
2018an, Microsoft Azureren plataforman sartu genituen datuak, pribatutasun kontuengatik, seriosena eta ezagunena baita industria mailan. Frantziako Estatuan, legeak biziki zorrotzak dira pribatutasunaren aldetik, eta hainbat hobe. Biharko medikuntza egiten dugu, eta erabaki onak behar dira hartu gauzak ongi egiteko. Bestalde, Herbehereetan, AEBetan, Brasilen eta Australian lantzen eta tratatzen ditugu datuak. Birtualki sartuak dira, eta datuak geroz eta kalkulatuagoak izan, bezeroei hobeki eskaintzen ahal zaie gure zerbitzua.
Laurehun pertsona enplegatzen dituzue munduan zehar. Non biltzen da langile gehien?
Europan eta AEBetan. Berrehun informatikari eta, datuen arloko zientzialariak ditugu. Gure aitzinkontuaren %40 erabiltzen dugu garapenerako: anitz da. Guk hori egiten dugu, geroarentzat inbertitzen dugu.
«Gure aitzinkontuaren %40 erabiltzen dugu garapenerako: anitz da. Guk hori egiten dugu, geroarentzat inbertitzen dugu.»JURGI CAMBLONG Sophia Genetics enpresako zuzendaria
Irabaziak nondik datoz?
Bai, hori biziki ongi definitua da ospitaleekin. Frantziako Estatuan, kode definitu batzuk badira. Jendearen DNA analizatzen duzularik minbiziarentzat eta eritasun arraroarentzat, guti gorabehera kasu bakoitza 800 eta 1.200 euroren artean kostatzen da. Guk, hortik, kasu bakoitzerako 150 eta 200 euro hartzen ditugu. Tratamendu batek, konparazioz, 80.000 euro arte kosta dezake. Adibidez, gibeleko minbizian tratamendu gehigarri gisa immunoterapia ematen da. Hori Frantziako osagarri sistemari anitz kostatzen zaio, eta bakarrik pazienteen %10ek ukaiten dute tratamendua. Algoritmoen bidez jakin badezakegu nork ukaiten ahal duen tratamendua eta nork ez, beharbada %20ri emanen diozu tratamendua, eta egoki emanen diozu. Medikuntza horretara hurbiltzen entseatzen gara.
Zertan datza Mondragon unibertsitatearekin duzuen lankidetza hitzarmen berria?
Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanak handitu nahi ditugu. Hegoaldeko lankideak nahi genituzke ekarri. Helburua da Hegoaldeko industria kultura pixka bat hona ekartzea, indar hori integratzeko. Iniziatiba bat izan da Arrasateko Goi Eskolarekin eta ESTIArekin hitzarmena sinatzea. Hitzarmen horretan, urte guziz joanen gara klase batzuk ematera Arrasatera. Bertzalde, ikasleei ateak irekitzeko egun bat eginen dugu, eta bi master zein hiru doktoretza ikasle har genitzake urte guziz.