Enpresen zergak. Junckerren aurkako zentsura mozioa

Juncker, indartuta

Europako Parlamentuko talde handien babesa lortu du batzordeko buruak zentsura mozioaren eztabaidan.Ikerketa batzorde bat eskatuko du ezkerrak

Jean Claude-Juncker Europako Batzordeko presidentea, artxiboko irudi batean. OLIVIER HOSLET / EFE.
Ivan Santamaria.
2014ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Nik alde egitea nahi baduzue, esan, eta alde egingo dut». Europako Legebiltzarrari desafio zuzena egin zion atzo Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidente berriak, bere aurkako zentsura mozioaren eztabaidan. Neurtutako desafioa zen, edonola ere, hitza hartu aurretik bazekielako bermatua zuela ganberako talde nagusien babesa. Mozioa ez da ostegunera arte bozkatuko, baina ez du inolako aukerarik aurrera ateratzeko. Junckerrek ataka gainditu du. Are gehiago, indartuta atera da.

Agintaldi hasiera gatazkatsua izan du Luxenburgoko lehen ministro ohiak. Kargua hartu eta astebetera, Luxleaks izeneko eskandaluak eztanda egin zuen. Lehen ministro zen bitartean bere gobernuak mundu osoko 340 konpainia multinazionalekin sinatutako isilpeko akordioak argitaratu zituen ICIJek, nazioarteko ikerketa kazetarien partzuergoak. Akordio horiei esker, enpresek Luxenburgora mugitzen dituzte beste herrialdeetan lortutako irabaziak eta diru sarrerak, eta ia zergarik ordaindu behar ez izatea lortzen dute.

Eskandaluak zalantzan jarri du EBko lehendakaritza hartu bezain pronto zerga ihesari aurre egiteko iragarri zuen borondatea. Junckerrek eta Luxenburgoko Gobernuak argudiatu dute legezkoak direla tratuak. Europako Parlamentuan orain dela bi aste emandako azalpenak ez ziren aski izan, eta EFDD taldeak—Erresuma Batuko UKIP eta Italiako Movimento 5 Stelle alderdiena— zentsura mozioa aurkeztea erabaki zuen. EFDDtik aparte, talderik ez duten beste 32 legebiltzarkideren babesa lortu zuen mozioak, besteak beste Frantziako Fronte Nazionaleko Marine le Penena.

«Argi eta garbi, Juncker ez dago herritarren aldean», argudiatu zuen EFDDko Marco Zannik, zentsuraren beharra defendatzeko. Halaber, ironiaz jardun zuen euroeszeptikoek halako lan bat egin izanari buruz. «Europa honen irudi posibleen artean txarrena Junckerrena da», esan zuen.

Europako Batzordeko komisario ia guztiak aldean zituela agertu zen Juncker saiora —berandu, zirkulazioagatik—, auzi honetan lantaldea batuta dagoela irudikatzeko. Hitza hartzeko txanda baliatuta, zerga ihesa borrokatzeko gertu dagoela nabarmendu zuen, berriro. «Ez naiz kapital handiaren laguna», ziurtatu zuen.

Popularrek, sozialdemokratek eta liberalek bat egin zuten batzordeko presidentearen defentsan, zirrikiturik gabe eta argitaratutako informazioa ia alde batera utzita. Juncker proposatu zuen taldeak, EPP Europako Alderdi Popularrak, argi utzi zuen duela hilabete eskas bat aukeratutako batzordeak euren babes osoa duela. «Zerga ihesaren arazoa lantzeko prest daudela argi geratu da», Manfred Weber alderdiko eledunaren hitzetan.

SDko sozialdemokratek, berriz, arrazoi praktikoetan oinarritu zuten euren babesa. Gianni Pittellak, sozialdemokraten presidenteak, argudiatu zuen Juncker eta, ondorioz, batzordea bera erortzen utzita bihar aurkeztuko den 300.000 milioiko inbertsio plana ere eroriko dela. «Batzorde berri bat eratzeko negoziazioak berriro egiten diren bitartean langabezia areagotzen jarraituko du, eta deflazioa bizkortzen». Hori bai, zerga harmonizazioaren alde lan egiteko exijitu zion Junckerri.

Guy Verhofstadt ALDEko liberalen buruak «logika perbertitzea» egotzi zien zentsura mozioaren bultzatzaileei. «Luxleaks epaitzea nahi duzue, baina horri buruzko ikerketa oraindik hasi ere ez da egin».

Junckerren defentsa mozioaren bultzatzaileei erasotzearekin bateratu zuten alderdi nagusietako ordezkariek. Tonu bereziki gordina erabili zuen Verhofstadek, UKIP eta Fronte Nazionala «arrazista, xenofobo eta islamofobotzat» jotzeraino, UKIPen fundatzailearen hitz batzuk gogoan hartuta. EFDDko ordezkariek euren izen ona defendatzeko esku hartzeko exijitu zioten Martin Schulz ganberako presidenteari, baina, aipamena zela argudiatuta, ontzat jo zuen esandakoa.

Ikerketa eske

Gainerako alderdiek baliatu zuten, bai, mozioaren eztabaida Juncker kritikatzeko. «Arazoa ez zara zu norbanako gisa; arazoa sistema da, Juncker sistema», esan zion Gabriele Zimmerrek, GUE/NGL ezkerreko taldearen izenean. Zentsura mozio bat bultzatzen saiatu zen taldea, baina ez zituen beharrezko sinadurak lortu. Horren ordez, parlamentuan auziari buruzko ikerketa batzorde bat eratzea proposatuko dute. Berdeek zerga tratuen egoera «benetan argitzeko aukera» baliatzeko exijitu zuten. Kontserbadoreek ere esan zuten Junckerren azalpenek ez dituztela asebete.

Eztabaida ixteko, legebiltzarkideei eskatu zien zalantzarik ez izateko zerga ihesaren kontra egingo duen lanari buruz. «Utz iezaiozue ni iraintzeari; nahiago nuke lanera bueltatu». Mozioa osteguneko txandan bozkatuko dute, eguerdiko 12:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.