Juan Zelaiaren emaria eten da

95 urterekin hil da Oñatiko enpresaburu nekaezina, gaixotasun luze batek jota. Cegasa, Tuboplast eta Hidronorren lemazaina izan zen. Euskalgintzan, kulturan eta kirolean ere arrasto sakona utzi du

Oihan Vitoria.
2016ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Iturriak ura dakarren indar berarekin murgildu zen buru-belarri dozenaka proiektutan Juan Zelaia enpresaburu porrokatua (Oñati, Gipuzkoa, 1920), eta aztarna sakona utzita joan da. Eten da haren emaria, baina ez desagertu, ondare mamitsu bezain aberatsa laga baitu. Osasunez makal ibili da azken boladan, eta sorterrian zendu zen herenegun, senitartekoen alboan, eritasun luze batek jota. Enpresagintza, euskalgintza, kultura eta kirola zituen pasio. Eta baita ofizio ere. Askok eta askok euskal enpresarien balioak bete-betean hezurmamitzen zituen eredutzat dute Zelaia. 95 urte zituen —abuztuaren 29an 96 betetzekoa zen—.

Adinean baino gehiago, jarrera aktiboan zeraman gaztetasuna Zelaiak. Nerabezarotik erakutsi zuen enpresa munduarekiko grina eta egitasmo ugaritan erreparorik gabe murgiltzeko ekimena. Ingeniaritza ikasketak egin zituen Bilbon, familiako eraikuntza konpainia bateko eginbeharrekin uztartuta, eta ordurako ja nabari zitzaion ohiz kanpoko lidergo kementsua. Ez kasualitatez. 40 urte betetzear hartu zuen oinordetzan Cegasa pila ekoizlearen lema, eta ibilbide oparoa ontzeko lehen harria ezarri zuen bidean. Errotik irauli zuen 25 urte lehenago haren aitak Txilen bizi zen senitarteko bati esker martxan jarritako negozioa, munduko lider bihurtzeraino. Pilak babesteko asmatu zuen plastikoei zor die arrakasta.

Cegasaren porrota

Denak, ordea, ez ziren argi izpiak izan Zelaiaren ibilbidean. Itzalak gobernatzea ere tokatu zitzaion, eta nola gainera... Gertu-gertutik ezagutu zuen txanponaren beste aldea. Bizitzaren hondarrean, Cegasaren aro ilunenari aurre egitea egokitu zitzaion, aldaketa teknologikoen eta Asiako bateria merkeen ondorioz. Oñatiarraren enpresa nagusiak galera handiak pilatu zituen, eta hondoa jotzear ere egon zen. Bankuek bizkarra eman eta hartzekodunen konkurtsora jo ondoren, iaz Sherpa Capital Espainiako funtsaren esku geratu ziren Oñatiko lantegi historikoa, Gasteizko aktibo batzuk eta 131 langile. Beste 275 beharginek, ostera, lana galdu zuten —gehienak, Arabako lantokietakoak—.

Tuboplast, Hidronor eta Zigor ere antzeko zortearekin gidatu zituen Zelaiak: urte arrakastatsuak kateatu arren, garai zailak ere igaro dituzte, porrota hatz puntekin ukitzeraino. Turboplast Cegasaren eskutik sortu zen, pilen erabilerak nabarmen areagotu baitzituen plastikozko ontzien eskaerak; Gasteizko plantak 420 langile dauzka egun. Hidronorrek hondakin industrialen tratamenduan dihardu, eta Zigorrek, energia aldatzeko sistemen garapenean.

Baina egiten soilik ez, entzuten eta laguntzen ere askok ez bezala zekien. Ez zen itsutu zenbaki artean. Belarriak erne eta eskuak fin izaten zituen beti. Euskal kultura eta euskara ardatz zuten lanekin, bereziki, hartu-eman estua eduki zuen, eta oso eskuzabala izan zen: besteak beste, ikastolen eta UZEI zentroaren sorrera diruz lagundu zituen. Euskal Fundazioaren sortzaileetako bat da, gainera, eta Pamiela argitaletxeak Juan Zelaia deitutako saiakera beka abiarazi zuen haren omenez. Euskarazko musika sorkuntzak laguntzeko sari batek ere haren izena dauka.

Ia ertz guztiak arakatu ditu, eta haren itzalak garai oso bat hartu du. Horren isla, trukean jaso dituen aitorpenen zerrenda luzea. Azkenekoa, 2008an, Durangoko Azokaren eskutik: Argizaiola saria. 2003an, Urrezko Domina jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldunditik, eta, urtebete lehenago, Anton Abadia saria. 2000n, Jaurlaritzaren Lan Onari Aitorpena eta Sabino Arana saria eman zizkioten.

«Diasporako euskaldun»

Ardogintza ere begiz jota zeukan. Bodegas Lan upategiaren jabea izan zen —Portugalgo enpresa bati saldu behar izan zion zorrak kitatzeko—, eta Upaingoa txakolindegia sortu zuen, Oñatin, Getariako jatorri izena Gipuzkoa osora hedatzeko saioan. Amerikan eta Europan egin zuen ia bizitza erdia, eta «diasporako euskaldun» sentitzen zen. Halere, ez zituen erroak inoiz ahaztu. «Euskal Herrian bezala, ez da inon bizi».

Adinean aurrera eginda ere, ez zekien geldirik egoten. Ez zekien, edo, hobeto esanda, ez zuen nahi. Erretiroa noiz hartuko zuen galdetzean, bizkor erantzuten zuen: «Erretiroa? Zer da hori? Zer egin behar dut, bada? Dena saldu, etxera joan edo nire ordez beste bat jarri? Ezta pentsatu ere!». Ia azkenera arte segitu du eragiten. Noticias taldeko administrazio kontseiluko presidente gisa hil da.

Instituzioek doluminak agertu dizkiote Zelaiaren sendiari. Gizartearekin eduki duen «konpromiso eta eskuzabaltasuna» txalotu ditu Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok. Oñatiko alkate Mikel Biainek, berriz, bai enpleguari eta bai euskarari eginiko ekarpen emankorrak goratu ditu. «Euskal kulturaren sustatzaile aparta izan da», gogoratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.