Josu Jon Imaz Repsolen kontseilari ordezkariaren ustez, Europa «oker» ari da egiten trantsizio energetikoa, eta irizpide ideologikoak teknologikoen gainetik jartzen ari da. Estatuei estrategia «birpentsatzeko» eskatu die, hala izan ezean eragin negatiboa izan dezakeelako industriaren lehiakortasunean eta familien ekonomian. Elektrifikazioaren gehiegizko apustua kritikatu du, baina, hala ere, begi onez ikusi du Espainian eta Portugalen argindarra sortzeko gasaren prezioari langa jartzea, betiere «behin- behineko» neurria bada.
Imazek Bilbon egin du egoeraren azterketa, Cebeken urteroko bilera orokorraren karietara Euskalduna jauregian antolaturiko mahai inguru batean. Bi urteko pandemia eta gerra baten ondoren, nola egiten diegu aurre industriaren erronka berriei? lelopean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuarekin eta Armando Martinez Iberdrolako kontseilariarekin aritu da.
Ez da ohikoa Imaz agerpen publikoetan entzutea, eta ikusmin handia sortu du. Ez du inor epel utzi, gainera, hitzaldi mamitsua egin baitu. Hasteko, errieta egin die Europako gobernuei, trantsizio ekologikoan norabide okerra hartu dutelako: «Industria deskarbonizatzen ari bagara, industria enpleguak eta CO2 emisioak lurreko beste bazter batzuetara bidaliz egiten ari gara. Norabide berean jarraitzen badugu, enplegu gehiago galduko ditugu eta gehiago kutsatuko dugu».
Imazek ukatu egin du energiaren eta erregaien krisia Ukrainako gerrak eragin duela. «Ez da gaitz guztien sortzailea, ez da egia. 2021eko azaroan petrolio upela 81 dolarrean zegoen; abenduan are gehiago garestitu zen, eta Ukrainan ez zegoen gerrarik». Azaldu du petrolio eta gas eskaera handitzen ari dela, eta bitartean haren ekoizpenari trabak jartzen zaizkiola: «Gasaren prezioarekin eskandalizatu egiten gara, baina hura non dagoen esploratzea debekatzen dugu. Eta gero garesti inportatzen dugu AEBetatik».
Haren ustez, trantsizioan bizkarra eman zaio guztiz petrolioari, eta hor ikusten du hanka sartzea, oraindik ere «luzaroan» beharko delako: «Esaterako, ibilgailu arinagoak nahi baditugu, plastikoa behar dugu, eta horretarako behar dugu hidrokarburoak prezio onargarrietan ekoitziko direla bermatuko duen trantsizio bat. Hala izan ezean, lehiakortasun arazo handi bat izango dugu».
Imaz bereziki kritikoa izan da elektrifikazioaren aldeko apustu «itsuarekin», argi duelako ekonomiaren zati handi bat ez dela elektrifikatuko, «ez orain ezta hurrengo hamarkadetan ere». Hala ere, begi onez ikusi du elektrizitatea sortzeko gasaren prezioari gehiegizko muga onargarri bat jartzea. Izan ere, haren ustez, ezinezkoa da egun batetik bestera aldatzea Europak urtero Errusiatik inportatzen dituen gas 150 bcm-ekiko menpekotasuna.
Autogintza «pikutara»
Petrolio konpainia bateko burua da Imaz, eta, ondorioz, harreman estua du autogintzarekin. «Erregai likidoak deskarbonizatu behar ditugu. Bioerregaiak sortu, erregai sintetikoak... Horrek konbustio motoreen aldeko apustua eskatzen du. Hala egin ezean, herrialde honetako industria nagusia dena hondatuko dugu: autogintza». Are gehiago, salatu du auto elektrikoaren inguruko zalantzek eroslea uzkurtu egiten dutela: «Erosteari utzi dio, ez dakielako zer egin. Sektorea pikutara doa. Auto elektrikoa erosteko 6.000 euroko laguntza ematea baino deskarbonizazio modu hobeak badaude».
Gai berean, eta amaitzeko, azaldu du elektrifikazioa ez dela uste den bezain garbia. Horretarako, adibide bat jarri du: «Gauza bat argi dut: gaur- gaurkoz, Alemanian ekoitzitako auto elektriko batek, bere bizi osoa kontua hartuz gero, diesel motorea duen batek baino CO2 gehiago isuriko du. Teknologiari bere bidea egiten utzi behar diogu».
Josu Jon Imaz: «Trantsizio energetikoa birpentsatu behar dugu; gaizki ari gara»
Repsolen kontseilari ordezkariaren ustez, pauso «ideologikoak» ematen ari dira «teknologikoak» baino gehiago. Petrolio eskaera handitzen ari dela azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu