Josep Pique politikaria, ekonomialaria eta enpresaria hil da gaur, Madrilgo Urriaren 12ko ospitalean (Espainia), bere familiak jakinarazi duenez. 68 urte zituen. ITP Aeroko aeronautikako motor egileen presidente izandakoa zen Pique; 2017aren hondarrean izendatu zuten. Ricardo Martin Fluxa ordezkatu zuen, PPren gobernuan egondako beste bat. Izan ere, sektore pribatuan hasi aurretik, hainbat kargu bete zituen Espainiako Gobernuan, 1996tik 2003ra bitartean: Industria eta Energia ministro izan zen (1996-2000), gobernuko bozeramailea (1998-2000), Atzerri ministroa (2000-2002) eta Zientzia eta Teknologia ministroa (2002-2003).
2007an utzi zuen politikako ibilbidea; bitarte horretan Kataluniako PPko presidente izan zen. Gero, sektore pribatuan ibilbide oparoa hasi zuen: Vuelingeko presidente izan zen 2007tik 2013ra. OHL eraikuntzako enpresako kontseilari ordezkari kargua ere izan zuen hiru urtez, 2016ra arte. 2017an Seateko kontseilari izendatu zuten. Urte horretako maiatzean, Volkswagen Nafarroako kontseilari lanetan hasi zen.
Abenduan, Espainiako Gobernuak ontzat eman zuen Rolls Royce enpresa britainiarrak bere esku ez zuen ITPren zatia (%53) Sener ingeniaritza enpresa bizkaitarrari erostea. Hortik bi astera izendatu zuten Pique ITPko presidente.