Jose Luis Bilbaok gaur deklaratuko du 'Habidite auzian', lekuko gisa

Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Bi etsai porrokatuk topo egingo dute gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, Bilbon. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia (2003-2015) eta Jabyer Fernandez enpresaburua bazkide izan ziren Habidite proiektuan, baina horrek porrot egitean elkarren arteko harremanak erabat mikaztu ziren. Fernandezek Bizkaiko Aldundiaren aurka jarritako salaketa baten haritik deklaratuko dute Bilbaok eta Fernandezek, biek lekuko gisa.

Bost hilabetez atzeratu da ahaldun nagusi ohiaren eta enpresaburuaren deklarazioa: hasieran, ekainerako deitu zituen auzia daraman epaileak, baina Auzitegi Nagusiak argudiatu du agerraldirako leku eta garai egokia aurkitu arte atzeratu behar izan duela, deklarazioak eragindako ikusmina dela eta.

Fernandezek 30 milioi euroren kalte-ordaina eskatu dio Bizkaiko Aldundiari, ziurtatu baitu Bilbaoren gobernuak hautsi egin zituela bere enpresarekin zuen tratua.

Porrotak eta zorrak

Auziak 2006an du iturburua. Fernandezen Afer enpresa taldeak Bilbaoren aldundiaren babesa jaso zuen Alonsotegin etxeak moduluetan eraiki behar zituen fabrika bat jartzeko, Habidite izenekoa. Aldundiak, Bizkailur sozietate publikoaren bitartez, zorua erosi behar zuen lantegia jartzeko, eta 1.500 etxeren enkargua egin behar zion, etxebizitza sozialak jartzeko. Proiektuak ez zuen aurrera egin, eta, gainera, Europako Batzordeak ebatzi zuen bi operazio horiek legez kanpoko laguntzak izan zitezkeela.

Habiditeren proiektuak ez ezik, Fernandezen beste negozioek ere porrot egin zuten, eta enpresaburuak «EAJren mendekuari» egotzi zion bere hondamena. Espetxetik atera zen iaz, Afer taldearen porrota nahita eragin zuelakoan. Zorrez leporaino atera ere, gaur egun hura baita Euskal Herriko ogasunen zordun handiena: haren Iurbernorrek 52,2 milioi zor zizkion iaz Bizkaiko Ogasunari, eta lau milioi Residere enpresak, eta hiru milioi, berriz, Fonortek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.