Jon Ander de las Fuentes izango da Euskalteleko presidentea

Xabier Iturbe ordezkatu du karguan. Lehendakari ohiak Euskaltel Masorange taldean integratzeko egindako lana txalotu du zuzendaritzak.

Jon Ander de las Fuentes Euskaltelen urteko emaitzak egindako agerraldi batean, iaz. OSKAR MATXIN DESA / FOKU
Jon Ander de las Fuentes Euskaltelen urteko emaitzak egindako agerraldi batean, iaz. OSKAR MATXIN DESA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko abenduaren 20a
16:00
Entzun

Euskalteleko administrazio kontseiluak Jon Ander de las Fuentes izendatu du presidente, orain arte Euskaltelen zuzendaria izandakoa eta EAEn Masorangeren zuzendaria dena. De las Fuentesek Xabier Iturbe ordezkatuko du. Kontseiluak eskerrak eman dizkio Iturberi 2019tik egindako lanagatik, eta hark lorturiko «arrakasta garrantzitsu ugarien» artean, hau nabarmendu du: Euskaltel Masorange taldean integratzeko egindako lana.

Iturbe Euskalteleko zuzendaritzara iritsi zen 2019an, Britainia Handiko Zegona inbertsio funtsak konpainiaren kontrola bereganatu ondoren. Lehenago, Kutxabank zen Euskaltelen akziodun nagusia, eta, hain justu, izendapena egin zenean, Iturbe finantza erakundeko presidenteordea zen. Iturbe karguan jarrita, lasaitasun mezu bat zabaldu nahi izan zuen Euskaltelen jabe berriak; enpresak Euskal Herrian errotuta jarraituko zuela eta bertako akziodunek oraindik ere indarra zutela erakutsi nahi izan zuen.

Iturberen agintaldian, baina, bertako akziodunen pisua murriztuz joan da, eta, gaur egun, euskal operadorea kanpoko kapitalaren esku dago oso-osorik. 2021ean, Euskaltel Masmovilen esku geratu zen, eta, aurten, Masmovilek eta Orangek bat egin dute.

Konpainiak ohar batean nabarmendu duenez, Euskaltelek «etapa berri bat» hasi duen arren, eutsi egingo die Euskal Herrian dituen erroei, eta nabarmendu du presidente berriak «Euskalteli eta euskal ekonomiari lotutako ibilbide profesional zabala eta arrakastatsua» duela.

Iturberekin batera, Beatriz Matok, Iñaki Alzagak eta German Lopezek utziko dute zuzendaritza. Meinrad Spenger konpainiako kontseilari delegatua izango da aurrerantzean ere; Cristina Sustatxa, Ludovic Pech eta Julio Gomez izango dira kontseilu berriko batzordekideak, eta Alberto Castañeda izango da idazkaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.