Industriarik gabe ez dago etorkizunik. Hori izan da gaur goizean Iruñeko kaleetan ozen entzun diren aldarrietako bat. BSH, Sunsundegui, Nano Automotive, Siemens Gamesa, Tenerias Omega, Tasubinsa eta Volkswagen enpresetako langile batzordeek deituta, Nafarroako industriaren aldeko manifestazioa egin dute, eta milaka lagunek egin dute bat deialdiarekin.
Golem zinema aretoetatik hasi da martxa, eta, hari ekin aurretik, Juanjo Hermoso de Mendoza BSHko langile batzordeko presidenteak eman du antolatzaileen aldarrien berri. Hasteko, Nafarroako politikariei inplikazioa eskatu diete «langile klaseak bere bizi proiektua garatu ahal izan dezan».
Ikusi gehiago
Gogoratu dute azken gertakarien ondorioz 2.000 lanpostu inguru kolokan daudela herrialdean. «Langile klasea aktibo garrantzitsuena» dela adierazi dute, eta horregatik esan dute beharrezkoa dela langileei bermeak eskainiko dizkien industria lege bat onartzea eta deslokalizazioaren aurka egitea.

«Enpresek langileongandik irteten diren laguntza publikoak jasotzen dituzte, eta erakundeek ziurtatu behar dute horiek gugana itzuliko direla», azaldu dute. Beraz, laburbilduz, enpresei eta gobernuari konpromisoa eskatu diete, enpresek ez ditzaten ateak nahieran itxi eta langileak kalean utzi.
Oharra irakurri ostean, Iruñeko kaleetan ibili da manifestazioa, Nafarroako industriaren etorkizunagatik zioen parkartaren atzetik. Langile batzordeek erakutsi dituzte euren aldarri propioak ere.