Iñaki Goenaga. Enba nekazarien elkarteko presidentea

«Jendea ez da jabetzen, baina baserritar askok presioa sentitzen dute»

Aurrera egiteko gogoa, baina, aldi berean, etsipena antzematen zaio Goenaga Enbako presidenteari. Nekazari izateaz harro sentitu nahi du, baina nekazarientzat aitortza handiagoa ere nahiko luke.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irune Lasa.
Tolosa
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Baserritar batzuei ez zaie gustatzen halako datuak ematea, baina Iñaki Goenagak (Urnieta, Gipuzkoa, 1966) ez dauka eragozpenik: esnetarako 70 behi ditu Ergoien auzoko Oiamar baserrian, eta beste 79 abelburu beste pabiloi batean. Hortik bizimodua ateratzea gero eta zailagoa zaio.

Gipuzkoako Enbak orain gutxi egin duen batzarraren goiburua #BaserritarrazHarro izan da. Autoestimu ariketa bat da? Aldarrikapen bat?

Iruditzen zait beti pena ematen ikusten gaituela gizarteak; beti eskean, beti negarrez. Badakigu gizartearen azken katebegia garela, baina ez dut uste hori denik errealitatea. Prestigioa izateko, aurrena norberak sinetsi behar du. Eta gu harro gaude, ez daukagu barkamenik eskatu beharrik: osasunaz hainbeste hitz egiten da, eta guk elikagai osasuntsuak ekoizten ditugu; ingurumenari halako garrantzia ematen zaio, eta guk lan hori ere egiten dugu. Denak ez dira ados egongo, baina... Ni harro sentitzen naiz baserritar izateaz.

Baina, aldi berean, gizartearen azken katebegia zaretela sentitzen duzu.

Hori ez da hemengo gauza bakarrik. Mundu guztian gauza bera gertatzen ari da, eta baserriak asko ari dira gutxitzen. Gero, jendea ez da jabetzen, baina baserritar askok presioa sentitzen dute; lurra lantzean, basoa kudeatzen ari denean, animaliekin dabilenean, kanpoko ikuspegi batetik esaten zaie: «Zu gaizki ari zara».

Presioa nabaritzen duzue, ala?

Bai, bai. Begira, gure baserri inguruan jende dezente pasatzen da eguneko buelta eginez, Andoaingoa eta Urnietakoa [Gipuzkoa], eta, adibidez, minda zabaltzen ari naizela, jendea sudurra tapatzen ikusten dut; ez bertan, bostehun metro harantzago. Eta horrek kulpadun egiten zaitu. Ni zer naiz hemen? Bazter guztiak kutsatzen ari naiz? Ez nago Donostiako kalean, lurra eta belazea besterik ez dagoen tokian nago. Gauzak ondo egin beharra dago; guk ere hanka sartzeak egin izan ditugu, baina hortik purina ez kudeatzeko eskatzera... Hernaniko kalean, paper fabrikarekin, haizeak nondik jotzen duen, sekulako kiratsa dago.

Aitortza ez, baizik jazarpena sentitzeraino?

Bai, hori esan dezakezu. Eta, ondorioz, horren aurka badago ernegazio pixka bat ere. Aralarko pistekin bezala. Zer joan behar dugu, mandoan lau orduan? Zu kalean bizi zara, bulegoan lan egiten duzu aire girotuarekin, eta zuk niri esan behar didazu zuk esaten didazuna egin behar dudala?

Nekazaritza Politika Bateratua aldatzear omen dago, eta diru gutxiago egongo ei da. Baduzue kezka horrekin?

Aurreko esperientzia ikusita, ez dakit asko aldatuko den. Lehen ere saiatu ziren dena aldatzen, aurrekoa bezala uzteko. Ez dago oso erraza. Jende askok jasotzen du laguntza hori, eta, guk dioguna egiteko, laguntzak baserritar aktiboek bakarrik jasotzea alegia, aldakuntza handia egin beharra dago [2002. urteko argazkia dute oinarri gaur NPBk banatzen dituen laguntzek. Ondorioz, gerta daiteke, adibidez, lurraren jabe izan eta jada hura lantzen ez duten erretiratutako nekazariek, oraindik ere, laguntza jasotzea].

Erretiratuek kezka daukate besteoi terrenoak uzteko ere. Gu prest gaude haiek alokatzeko. Nik hala esaten diot: «Zuk jasotzen duzun diru hori nik emango dizut», baina ez du utzi nahi izaten. Kasurik onenean hala esango dizu: «Nahi duzuna egin belardiarekin, baina, deklaratu, nik deklaratuko dut».

Baina aktiboak ez direnei laguntzak kenduta, diru gehiago legoke aktiboentzat eta gaur egun oinarrizko ordaina jasotzen ez duten sektoreentzat. Hemen eskatzen diegu agintariei laguntza emateko, Europaren zain egon gabe, baina, azkenean, nekazaritza politika bateratuak baldintzatu egiten du hemengo erakundeen finantzatzeko ahalmena.

Prezioak izaten dira nekazarien kezka handia. Esnearekin, adibidez, horrela da?

Gertatzen da esne likidoaren kontsumoa goitik behera etorri dela, eta hor ez da espero preziorik mugitzerik. Arazo larria daukagu esnearekin.

Esnearen prezio merkeak banaketa talde handien arma dira oraindik?

Zerbait gelditu zen hori, baina, oraindik ere, gaur egun Espainian saltzen den esnearen %40 ingurulitroa 0,55 eta 0,65 euro artean saltzen da saltoki handi horietan. Ez dugu hori igotzea lortzen, eta horrek asko mugatzen du esne likidoaren errentagarritasuna.

Bizitzeko lain ateratzen duzu zuk esnearekin?

Orain hiru urteko prezioa daukagu, eta, bitarte horretan, gastuak handitu egin dira. Lehen, zer edo zer irabazten genuen, baina orain marraren azpitik gaude.

Eta zein da irtenbidea?

Prezioak mugitzea, baina oraintxe bertan ez da ikusten horretarako aukerarik.

Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, nekazaritzako ekoizle txikiak eta haien negoziaziorako ahalmena sendotzeko Elikaduraren Legea sartu da indarrean. Halakoren bat beharko litzateke?

Badirudi Espainiako eta Frantziako lehia agintariek ez dutela araudi bera esku artean. Frantziakoak hainbat akordio onartzen ditu elikagaien kateko akordioak egiteko ekoizle, kooperatiba eta banatzaileen artean. Mahai batean biltzeko, adosteko. Frantziak dio Europako araudia duela oinarri horretarako. Aldiz, Espainiakoak dio Europako araudiak eragotzi egiten duela hori.

Haragiarenak hobeto doaz?

Ez. Errentagarritasunik handiena esneak ematen du. Egia da hemengo haragiak estimazio handia duela ere, batez ere Eroskik eta BMk, eta pixka bat gutxiago Carrefourrek, apustua egin dutelako horren alde, nahiz eta guk nahi adina ez pagatu.

Kontsumitzailea ere indar handia da.

Hala ere, haragiaren kontsumoa jaisten ari da, eta esnearen kontsumoa ere bai. Hirietan fruitu denda besterik ez dago, baina datuek diote fruituen kontsumoa ere jaisten ari dela. Zer demontre jaten dugu?

Saltoki handien apustu hori ez da kontsumitzaileek bultzatuta etorri?

Hori etorri zen Mercadonak esan zuenean hona zetorrela. Eroskik ikusi zuen Mercadonak, batez beste, merkatuaren %20 zeukala ia erkidego guztietan, Galizianizan ezik, non %12 bakarrik zuen. Eta ikusi zuten tokiko produktuak asko lantzen dituen Vegalsa katea zegoela han. Eta Eroskin aldaketa etorri zen.

Pinuaz ere galdetu beharko.

Niri iruditzen zait gaitzaren ondorioak begi bistakoak ez balira, ikusiko ez balira, inor ez litzatekeela ohartuko.

Baina egoera larria da, ezta?

Bai. Konponbide gutxi dago. Pixkana-pixkanaka, aurrera doa, eta joan den urtean izugarri aurreratu da. Ez dut uste zuhaitz horiek piztuko direnik. Baina ez dakigu, inork ez daki. Leheneratuko ote diren, beste motak banda marroiari eusteko gai izango ote diren... Fumigatzeko baimena izango denik ere ez dirudi. Eta baserritarra noraezean dabil. Hori bai, pinuarekin edo beste espezie batekin, urratsak egin beharko dira basoari etekina ateratzeko, eta ez soilik egurrarekin, baita biomasa eta halakoekin ere. Basoa uztea ez da konponbidea, orduan diputazioaren lanpostu berri guztiak suhiltzaileenak izango dira eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.