Telekomunikazio ingeniaria da Ane Insausti (Donostia, 1984), eta, atzerrian ikasten eta lanean ibili ostean, Mubil mugikortasun adimenduneko zentroko zuzendaria izateko itzuli zen Euskal Herrira, aldundiko gobernuan sartu zen arte.
Zer moduz lehen urtea Ekonomia Sustapeneko diputatu gisa?
Oso azkar pasatu da, eta esango nuke oso positiboa izan dela. Erronka polita da esku artean izateko, eta, pertsonalki, ohore bat da aukera hau izatea, nire alea jartzeko, herri ikuspegitik ere bai. Tarte honetan, berrehun enpresa baino gehiagotan egon naiz.
Aldundiak bere plan estrategia atondu du, eta orain gutxi aurkeztu. Ekonomiaren ikuspegitik zer nabarmenduko zenuke plan horretatik?
Gure estrategia ongizate integrala da. Eta, abiapuntu horretatik, ekonomiaren alorrean gure ekarpena da ongizate horretara eramango gaituen ekonomia bat bultzatzea eta sortzea. Ekonomia indartsua, jasangarria bermatzea, dugun ehuna bermatzea eta aukera berriak sortzea. Horrekin lotuta, lau helburu dauzkagu: kalitatezko enplegua sortzea, eraldaketa berdea egitea, ekonomia ehuna sendotzea, eta zientzian eta garapenean dugun apustu hori indartzea.
Hari horretan, proiektu estrategikoetan apustu handia egin du aldundiak. Nola doaz? Asmatu da guztietan? Ari dira aurrera egiten?
Aurrena, aipatuko nuke proiektu estrategikoak herri ikuspuntuan oinarritzen direla; Gipuzkoak gauza zehatzetan dituen indarguneetan, mamian, zentratuko dira, erreferentzialtasuna irabazteko. Eta beste ezaugarri oso garrantzitsua da luzera begirako apustu ausartak direla.
Nola dauden proiektuak? Bi multzotan banatuko nituzke. Batzuk jada finkatze fasean daude, eta horien artean aipatuko nuke, adibidez, Elkarrekin Lanean. Bazterkerian edo bazterkeria arriskuan daudenei formakuntza ematen zaie, ibilbide pertsonalizatuak eginez laneratzeko. Haren inpaktua neurtzen hasi gara, eta iaz ia hirurehun pertsona laneratu genituen proiektu horren bidez.
«Osagai guztiak behar dituzu: ezagutza, azpiegiturak, enpresak, ekintzailetasuna... hori guztia batera elkarlanean jartzeak ematen dizu erreferentzialtasuna»
Zuk ondo ezagutzen duzun beste proiektua ere hor dago, Mubil.
Obraren lehen fasea amaitu da, eta laborategia hornitzen ari gara. Eta, zalantzarik gabe, han izango ditugun puntako laborategiek erreferentzialtasun hori ematen lagunduko digute. Aldi berean, badaukagu mugikortasun berrirantz mugitzen ari den enpresa ehun hori, eta zientzia eta ezagutza ere bertan, horretan apustua egiten. Alegia, ekosistema hori guztia indartuz joan gara, eta argazkia gero eta argiago ikusten da.
Eta Ziur-ek [Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak] zortziehun enpresa eta eragileri baino gehiagori eman die zerbitzua dagoeneko, eta goraipatzen dute. Hori da termometroa; balio erantsi bat ekartzen badiozu enpresari, bide onetik zoazela esan nahi du, laguntzen diela.
Eta, horrez gain, proiektu estrategikoen beste multzo bat dago, non teknologiak beste heldutasun maila batean dauden...
Quantum Hub-a...
Quantum Hub-a eta GANTT terapia aurreratuen proiektua. IBMren ordenagailu kuantikoarekin apustu bat dago, zalantzarik gabe, eta herri proiektu bat da. Enpresak ere badauzkagu hemen; adibidez, Multiversek 25 milioiko kapital hazkundea lortu du aurten, eta errotze maila handia daukagu hor. Erresuma Batuko Quantum Notionek ere talde bat izango du Nanogunean... Ekosistema hori indarra hartzen ari da.
Eta GANTTekin, antzekoa da. Ikerketa zentroek urteak daramatzate honetan: Biogipuzkoa daukagu entsegu klinikoak egiteko, eta enpresen ehunean ere ari gara emaitzak ikusten; Viralgen, Vivebiotech... Nolabait, osagai guztiak behar dituzu: ezagutza, azpiegiturak, enpresak, ekintzailetasuna,.. hori guztia batera elkarlanean jartzeak ematen dizu erreferentzialtasuna.
«Inbertsio industria bat sortu nahi dugu, publiko-pribatua, errotze horretan ere lagunduko duena»
Apustu horiei begira, badago kezkarik errotzearekin? Euskaltelen sarea erakundeek jarri zuten, eta galdu egin zen...
Langileen partaidetzak oso aukera ona ematen dizu, eta ari naiz partaidetzaz kapitalean, kudeaketan eta emaitzetan. Horretan, gure lurraldea eredu da, ikur bat gara [kooperatibekin]. Azken zazpi urteetan, bostehun enpresa baino gehiagotan, 3.000 langilek baino gehiagok erosi dituzte partaidetzak, eta, hala, 40 milioi euroko kapitala eratu da.
Horrek muga bat dauka: enpresen tamaina. Gure enpresa ehunean tamaina handitu egin behar duzu, eta, horretarako, agian kapital hazkunde bat behar duzu. 2015etik ari gara apustu horretan; inbertsio industria bat sortu nahi dugu, publiko-pribatua, errotze horretan ere lagunduko duena.
Hori esanda, errotze horri begira, nire ustez garrantzitsua da hemen egiten dugun horretan jartzea fokua. Balio erantsiko produktuak ekoizten baditugu, ezagutza hori hemen badaukagu, puntu garrantzitsua da errotzerako, eta I+G+i-ko gastua %2,75ekoa da Gipuzkoan, EBko %2,37ko batez bestekoaren gainetik.
Enpresek gero eta gehiago hitz egiten dute talentu faltaz, langileen faltaz. Zuri ere aipatu dizute arazo hori?
Bai. Nire ustez, arazoa globala da. Jendea ekartzeko eta hemen geratzeko, enpresa erakargarriak izan behar ditugu mahai gainean. Lehen aipatu dudan Multiversen, hainbat herrialdetako pertsonak daude, proiektu, giro, garapenerako proiektu erakargarri gisa ikusten dutelako. Horrelakoak lortzeko egin behar dugu lan, lurralde erakargarria egin, kalitatezko proiektuak eta enpleguak izan.
Ez al da momentua iritsi euskararekin zerbait egiteko ekonomiaren munduan eta enpresen munduan?
Argi eta garbi, euskara lehentasuna da. Nire ustez, euskarak alor guztietan egon behar du, eta, nola ez, lan munduan eta enpresetan. Gainera, etorkizuneko ekonomiaz, enpresa ereduaz, jasangarritasun ereduaz hitz egiten dugunean, berrikuntzaz, nik uste dut euskara maila horretan dagoela. Eta ez soilik hala izan behar duelako, baizik eta balio erantsi bat ekartzen duelako. Ziur nago euskal giroa egoteak giroa hobetzea bermatzen duela, eta, era berean, ziur nago zerbitzuetan arreta hobetzen duzula, kalitatea hobetzen duzu.
Aldunditik egitasmo desberdinak egiten ditugu, euskalgintzako eragileekin lanean, euskara lehentasun izan dadin ekonomiaren alorrean. Horren adibide, lanbide heziketa duala euskaraz da. Dagoeneko 4.000 lantegi baino gehiago ditugu heziketa hori euskaraz eskaintzen dutenak.