«Atseden bat hartzen duen Amazoneko lehen langilea». Twitterren zeresan handia eman du Jeff Bezosen erabakiak. Ustekabekoa izan da, inor gutxik uste baitzuen hura Amazonen buruzagitza uztekotan zenik. Bezosek bart gauean jakinarazi du udan utziko diola kontseilari ordezkari izateari, eta presidente exekutibo izango dela aurrerantzean, Amazonen gidaritza Andy Jassyri utzita.
Bezosek gutun batean azaldu zuen herenegun gauean bere beste «pasioetan» jarri nahi dituela indarrak, hots, filantropiarekin zerikusi handiagoa duten bere egitasmoetan. «Amazoneko kontseilari ordezkari izatea ardura handia da, neketsua. Horrelako erantzukizuna duzunean, zaila da beste ezertan energia jartzea. Presidente gisa, oraindik lotuta egongo naiz Amazonen ekintza inportanteetan, eta, aldi berean, beharrezko astia eta energia izango ditut arreta jartzeko Day 1 Fund-en, Bezos Earth Fund-en, Blue Originen, The Washington Post-en eta nire beste pasioetan».
Munduko pertsonarik aberatsenen zerrendan, hainbat urte lehen postuan egin ditu Bezosek. Orain bigarrena da, Elon Musk Teslaren sortzaileak kendu dio-eta postua. Edonola ere, Bezosen ondarea 200 bilioi dolar da gaur egun (166 bilioi euro). Dirutza horretatik, ordea, orain arte zati oso txikia joan da ekintza gutxi gorabehera filantropikoetara.
Amazonez haragoko Bezosen proiekturik kuttunenetakoa Blue Origin da, berak sortutako espazio konpainia. Han 1.000 milioi dolar sartu izan ditu urtero Bezosek, Amazonen akzioen salmentatik zetozenak. Eta AEBetako hedabideek diotenez, azken urteetan bere lan agendan asteazkenak eta asteburuak Blue Originentzat erreserbatuak zeuden. Aurten aireratu du arrakastaz bere lehen suziria, baina lorpen eskasak dira beste espazio konpainia pribatu SpaceXek lortutakoen aldean, zeina, hain zuzen, Elon Muskek sortu zuen.
Dirudienez, orain suziri eta ego lehia kitzikagarriagoa da Bezosentzat, Amazonen lema baino. Egia da, era berean, beharbada azken urteak ez direla erabat gozoak izan Amazonen.
Negozioa ondo, oso ondo
Negozioa bikain dabil, Amazon haziz eta haziz doa, nagusitasun erabatekoarekin hainbat alorretan, eta olagarro erraldoiak bere garroak gero eta sektore gehiagotara zabaltzen jarraitzen du. Koronabirusa, gainera, mesederako izan dute. 1,3 milioi langile ditu gaur egun Amazonek. AEBetako merkataritza elektronikoaren %40 berea du Amazonek, eta Europako salerosketa elektronikoen laurdenak plataforma horretan egin ziren 2019an. Merkataritza elektronikoak oraindik ez du hartzen txikizkako merkataritza guztiaren %20 baino gehiagoAEBetan, baina egia da gero eta gehiago direla online egiten diren transakzioak, pandemiak erosle asko jarri dituela online, eta hor Amazon nagusi dela.
Baina beste eremu batean ere oso handia da konpainiaren nagusitasuna. Amazon hiru adarretan dago banatuta: AEBetako adarra, nazioartekoa, eta AWS Amazon Web Services. Hain zuzen, orain arte AWSren lema eraman duen Andy Jassy izango da Amazonen kontseilari ordezkari berria. AWSk soilik 26.500 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz, baina bereak ditu munduko hodei azpiegitura publikoen ia erdiak. Horri esker, AWSk hodeiko konputazioarekin lotutako zerbitzu, baliabide eta aplikazio mordoa eskaintzen dizkie konpainiei, gobernuei eta norbanakoei.
Sekulako boterea du AWSk. Donald Trumpen presidentetzaren azken egunetan, Twitterrek eta Facebookek haren kontuak bertan behera utzi zituztenean, Trumpen zaleek Parler sare sozialera jo zuten; AWSek Parler bere zerbitzarietatik kendu zuen arte.
Baina irudia...
Negozioa bikain doa, baina irudi aldetik ez dute arrakasta bera ez Amazonek, ezta Bezosek ere, batez ere gero eta publikoagoa delako konpainiaren biltegietako langileak eta banatzaileak zer baldintzatan ari diren lanean. Koronabirusarekin, gainera, okertu egin zaizkie baldintza horiek, AEBetan behintzat.
Lan baldintza eskasak, sindikatuei jarritako oztopoak, nagusikeria... Ez dira Jeff Bezosen irudiaren mesederako izan. Horrez gain, graziarik ez zion egingo deklarazioa egin behar izateak Kongresuan, plataforma teknologikoen monopolio jokaeren inguruko auziak direla eta. Lege ikuspegitik ere, haizea kontra jarri zaio Amazoni.
Horrek guztiak, AEBetako hedabideen arabera, eragina izan du Bezosen filantropiarako egitasmoetan. Iaz, Bezosek 10.000 milioi dolar (8.300 milioi euro inguru) jarri zituen klima aldaketari aurre egiteko The Earth Fund fundazioa abiatzeko. Baina, dirudienez, diru horren zati bat jasotzeko eskaintza izan duten elkarte eta fundazioetako askok zalantzak izan dituzte, beren izena Bezosi eta Amazoni lotzeko.
Bere irudia eta egoa elikatzea izango da orain Bezosen asmoa, Amazonen lema utzita? Baina filantropia bera ere gai arantzatsua da. Gaiari buruz idatzi duen Anand Giridharadas kazetariak, eta txio batean azaldu du bere jarrera: «Bezos Amazonetik filantropiara igarotzera doala, gogoratu botere modu arduragabe, apetatsu eta antidemokratiko batetik bestera aldatzen ari dela egiaz».
Jeff Bezosek pauso bat atzera egin du Amazon erraldoiaren gidaritzan
Kontseilari ordezkari izateari utziko dio udan, eta presidente exekutibo kargua hartuko du. Egitasmo filantropikoetan lan egin nahi duela dio. AWS adarraren buru Andy Jassyk hartuko du orain lema
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu