Merkataritza elektronikoa. Amazonen itzala

Jeff Bezos, are aberatsago pandemiatik

Jeff Bezos, Amazonen sortzailea eta jabe nagusia. VICTORIA BONN-MEUSER / EFE.
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Jeff Bezos Amazonen akziodun nagusia munduko pertsonarik aberatsena da, hirugarren urtez baitago Forbes-en eta Bloomberg-en zerrenden buruan. Beste askok ez bezala, pandemiarekin, bere ondarea handitu du. Amazonek 12.000 milioi euroren irabazi garbiak izan ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan (+%69), 223.000 milioi euroren salmentei esker. Eta, jakina, Amazonen burtsako kapitalizazioa ere handitu egin da. Bezosek konpainiaren %10 inguru duenez, haren ondarea 150.000 milioi euro inguru dela kalkulatzen da.

Amazon bere garajean sortu zuela dio kondairak, eta self-made-man irudia askotan elikatu izan du, baina ezin daiteke esan hutsetik hasi zela; Bezosen gurasoek 300.000 dolar eman zizkioten konpainia sortu berrian inbertitzeko.

Korporazio jabe aberatsek ekintza filantropikoak egitea tradizioa da AEBetan, Gilded Age hartatik ere. Garai hartako aberatsen abizenak —Rockefeller, Carnegie, Vanderbilt, Guggenheim— XIX. mendean ere ezagunak dira, museo, antzoki, fundazioen izenen bitartez.

Jeff Bezosi, hala ere, beti leporatu zaio ekintza filantropiko gutxi egin dituela. Orain arte, nahiago izan du urtero balioa handitzen duten akzioen salmentatik ateratako dirutxoa Blue Origin bere espazioko suziri enpresara bideratu. Zer gertatzen ote zaie bilioidunei espazioarekin?

Bezosek 250 milioi dolar gastatu zituen 2013an, aberatsentzat ohikoa izan den beste gurari bat betetzen. The Washington Post egunkaria erosi zuen Amazonen sortzaileak, eta egunkari ospetsua harena da oraindik.

Aurten, hori bai, Bezosek 10.000 milioi dolar jarri ditu The Earth Fund abiatzeko. Klima aldaketari aurre egitea omen du xede fundazioak: «Mundua salba dezakegu», esan zuen otsailean, hura aurkeztu zuenean. 2018. urtean, bere konpainiako AEBetako langileek jasotzen zuten gutxieneko soldata handitzea erabaki zuen Bezosek. «Kritikak entzun ditugu, asko pentsatu dugu zer egin nahi genuen, eta lidergoa hartzea erabaki dugu». Gutxieneko soldatak orduko hamabost dolarrera igo zituen. Merkataritza alorrean AEBetan batez beste ordaintzen diren hamahiru dolarrak baino gehiago dira, baina biltegietako langileek kobratzen dutena baino gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.