Hilberria

Javier Etxenike hil da, Telefonicako presidenteordea

Buruko isuri baten ondorioz hil da, 74 urterekin. Ostegunean Mario Fernandezen hiletan izan zen.

Javier Etxenike. EFE
Javier Etxenike. EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko abenduaren 15a
18:00
Entzun

Ezustean, buruko isuri baten ondorioz hil zen atzo Javier Etxenike Landilibar, Telefonicako zuzendariordea. BBVA taldeko zuzendari nagusi izana zen, eta ACS eraikuntza enpresako administrazio kontseiluko kide ere bazen gaur egun. Ostegunean Mario Fernandez Jaurlaritzako lehendakariorde ohiaren hiletan izan zen, eta ostiralean gosari batean parte hartu zuen zenbait euskal enpresabururekin.

Etxenike Isaban (Nafarroa) jaio zen, duela 74 urte, eta Getxon (Bizkaia) bizi zen. Zientzia Ekonomikoa ikasi zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Bilboko fakultatean irakasle izan zen. Gaur egun, Telefonicako zuzendaritzako kide izateaz gain, kontseilaria zen ACSn, Dragadosen eta Calcinorren. Novia Salcedo eta Altuna fundazioetako patronatuetako kide ere bazen. Dena den, haren ibilbidearen zati handiena BBVAri lotuta egin zuen. Haren anaia Pedro Miguel Etxenike zientzialaria da, Eusko Jaurlaritzako sailburu izandakoa. Javier gizarte segurantzako zuzendari ere izandakoa zen Jaurlaritzan.

Fernandez bezala, 1999. urtean parte hartu zuen BBV eta Argentaria batzeko operazioan, baina 2001. urtean utzi zuen hura, BBVtik zetozen beste zenbait goi kargudunen modura. Geroago, 2009an, Guipuzcoano bankuko presidente izendatu zuten, eta kargu horretan zela bat egin zuen Guipuzcoano Sabadellekin. Banku horretako presidenteorde bihurtu zen orduan. Kontseilari lanak egin dituen enpresak asko dira: lehen aipatutakoez gain, zerrendan ageri dira Repsol, Allianz-Ercros, ENCE, Metrocavesa, Abertis...

Erreakzioak

Etxenikeren heriotzak erreakzioak eragin ditu. Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak idatzi du «Nafarroako euskaldun herrizale eta abertzalea» zela Etxenike, eta Jaurlaritzako kide izan zen garaia oroitu du.

Jose Maria Alvarez Pallete Telefonicako presidenteak esan du lagun eta eredu zuela Etxenike: «Gertuen ditugunei agur esatea izaten da gogorrena. Beti arte, Javier. Gizon noblea». Antonio Garamendi CEOE patronaleko presidenteak ere doluminak helarazi ditu sare sozialen bidez.

ACSk, bere presidente Florentino Perezen izenean, konpainiako zuzendari handietako bat zela esan du: «Hogei urtez bere bizitzako zati esanguratsu bat eskaini dio ACSren hobekuntzari eta zabalkundeari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.