Jaurlaritzaren zorra beste 2.000 milioi euro handitzea baimendu du Madrilek

D'Anjou Ogasun sailburuak ez du zehaztu zertarako erabiliko duten diru hori. Kupoan ez da igoerarik izango Madrilek beste erkidegoei zorra barkatu izanagatik.

Maria Jose Montero Espainiako presidenteorde eta Ogasun ministroa, atzean Jaurlaritzako eta aldundiko agintariak dituela, gaur Madrilen eginiko bileran. FERNANDO VILLA / EFE
Maria Jose Montero Espainiako presidenteorde eta Ogasun ministroa, atzean Jaurlaritzako eta aldundiko agintariak dituela, gaur Madrilen eginiko bileran. FERNANDO VILLA / EFE
jokin sagarzazu
2025eko apirilaren 10a
13:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak eskuak libre nahi zituen AEBek abiarazitako merkataritza gerrak eragin ditzakeen ondorioei aurre egiteko. Baina Madrilen oniritzia behar zuen horretarako. Izan ere, Gasteizko gobernuak zorra handitu nahi zuen muga zergek kalte gehien egingo dieten sektoreei laguntzak emateko, besteak beste. Bidea garbi du orain, zor publikoa beste 2.000 milioi euro handitzea adostu baitu Espainiako Gobernuarekin.

Astearteko gobernu kontseiluan Jaurlaritzak oniritzia eman zion 1.000 milioiko zorra egiteko erabakiari. Diru hori finantza erakundeekin batera sortu duen Indartuz industria suspertzeko funtsean jarriko du. Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak azaldu zuenez, kopuru hori orain arteko marjinetan sartzen da, Jaurlaritzak horretarako ahalmena duelako. Orain, beste 2.000 milioi euro gastatu ahal izango ditu datozen hiru urteetan.

«Koltxoi bat da, datozen hilabete eta urteetan erabiltzeko, behar izanez gero»

NOEL D'ANJOUEusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua

Iazko abenduan Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu zuten 2027ra arteko zorpetze muga EAEko barne produktu gordinaren %13koa izango zela gehienez; ehuneko hori berrikusi dute, eta, orain, %15era igo dute. D'Anjouk, baina, ez du zehaztu Jaurlaritzak zertan erabiliko dituen 2.000 milioi euro horiek, ezta dena erabiltzeko asmorik duen ere. «Koltxoi bat da, datozen hilabete eta urteetan erabiltzeko, behar izanez gero», adierazi du.

Kontzertua blindatzea

Eusko Jaurlaritzako eta hiru aldundietako agintariak Espainiako Gobernukoekin bildu dira ostegun honetan, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan, Madrilen. Mahai gainean izan duten gaietako bat zorpetze muga malgutzearena izan da. Bestea, Espainiako Gobernuak gainerako erkidegoekin —EAE eta Nafarroa salbu— adostutako zorra. Hain justu, argudio gisa erabili du hori Jaurlaritzak, datozen urteetan gehiago zorpetu ahal izateko baimena jasotzeko.

Halaber, Jaurlaritzako eta aldundietako ordezkariek kezka agertu dute Madrilek zorra barkatu dielako gainerako erkidegoei; beldur dira horrek ez ote duen eraginik izango Kontzertu Ekonomikoaren kupoaren kalkuluan. D 'Anjouk azaldu duenez, zalantza hori argitu dute, eta Kontzertua blindatzea lortu.

Ogasun sailburuaren arabera, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du kupoaren metodologia berritzeko, hurrengo prozesuan EAEren «finantza neutraltasuna» bermatzeko eta «beharrezko egokitzapenak eta doikuntzak» aplikatzeko, euskal erakundeek gehiago ordaindu behar izan ez dezaten Madrilek beste erkidegoei zorra barkatu izanagatik.

Akordiorik ezean, baldintzak luzatu

Ostegun honetako bileran beste adostasun bat lortu dute bi aldeek. Espainiako Gobernuak urtero erkidegoei eta aldundiei ezartzen dizkien defizit eta zor publikoaren mugekin dauka zerikusia. Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek —eta Nafarroako Gobernuak— Madrilekin negoziatzen dituzte muga horiek urtero.

Akordio berriaren arabera, hurrengo urteetan ados jartzen ez badira, azken negoziazioan jasotako konpromisoek eta helburuek indarrean jarraituko dute behin-behinean. Era berean, aldundiei aurrekontu egonkortasunerako helburu propio eta bereiziak aitortuko zaizkie. Neurri horiek «denboran irautea» adostu dute bi aldeek.

Azkenengo bileran adostutako beste puntu batzuk ere landu eta garatu dituzte Batzorde Mistoan; besteak beste, foru ogasunek nazioarteko prozeduretan parte hartuko dutela bermatzeko eta haien ikusgarritasuna indartzeko.

%50

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu dute 2027tik aurrera Madrilek finantzatuko duela mendekotasun sistema kudeatzeak foru erakundeei kostatzen zaienaren erdia. Ordura arte, Espainiako Gobernuaren aurrekontuetan horretarako jartzen den diru saila handitzea aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.