Jaurlaritzaren ustez, Sidenorren eskaintzatik «askoz gertuago» dago Talgo orain

Industria sailburuak zehaztu du interesa duten beste enpresekin lankidetza akordioak egiteko prest dagoela, baina lehenbizi Sidenorrek akzioen %29,7 erosi behar dituela.

Talgoren tren zahar bat, konpainiak Ribabellosan duen plantan. EFE
Talgoren tren zahar bat, konpainiak Ribabellosan duen plantan. EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko otsailaren 11
14:50
Entzun

Talgo tren konpainiaren akzioen %29,7 erosteko enkantea azken txanpan sartuta dago. Akzio horien jabeak, Trilantic funtsak, ostiralera arteko epea ezarri zuen eskaintzak jasotzeko, eta Eusko Jaurlaritza baikorra da Sidenor buru duen taldeak eginiko eskaintzaren inguruan. Mikel Jauregi Industria sailburuak esan du akordioa joan den astean baino «askoz gertuago» dagoela orain, eta erabakia Trilanticen esku dagoela. Halaber, ez dio atea itxi beste enpresa batekin bat egiteari, baina betiere Trilanticen zatia erosi ondoren.

«Prest gaude aliantzak egiteko, eta hala Talgoren erronkei aurre egiteko, eta zorionez enpresa askok dute interesa, baina lehenbizi Trilanticekin akordio bat lortu behar dugu, eta gero hitz egingo dugu». Jauregik lehen pertsonan hitz egin du, Jaurlaritza ere Talgo erosteko euskal enpresen partzuergoaren zati delako. Taldearen burua Sidenor altzairutegia da, baina BBK, Vital Kutxa eta Jaurlaritzaren Finkatuz funtsarekin batera egin du Trilantic erosteko eskaintza. 

Enkantea irekita dago, eta baliteke beste bi eskaintza egotea. PESA Poloniako tren konpainiak Balore Merkatuaren Espainiako Batzorde Nazionalari jakinarazi dio aste honetan egingo duela bere eskaintza. Zabaldu denez, 4,30 euro eskainiko ditu akzioko, eta haien asmoa konpainiako akzio guztiak erostea da. Hirugarren aukera posiblea Jupiter Wagons tren bagoiak ekoizten dituen Indiako konpainiarena litzateke. Ikusteko dago hark pausoa emango duen ala ez. 

«Prest gaude aliantzak egiteko, eta hala Talgoren erronkei aurre egiteko, eta zorionez enpresa askok dute interesa, baina lehenbizi Trilanticekin akordio bat lortu behar dugu, eta gero hitz egingo dugu»

MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua

4,30 euroko eskaintza baieztatzen bada, euskal partzuergoaren eskaintza baino hobea litzateke. Sidenorrek 4,15 euro eskaini zituen akzioko, eta 0,65 zentimo aldagai jakin batzuen arabera. Jauregi sailburuak, baina, zehaztu du eskaintza hori «sendoa» dela eta «oso seguru gaude gauzatuko» dela. Are gehiago, nabarmendu du azken egunetan hartu-eman estua izan dutela Trilanticekin.

Sailburuak eskaintza ona dela berretsi du, eta, gogoratu duenez, Talgoren akzioek azken egunetan asko igo badira, «espekulatzaileen» eraginez izan da. Gaur eguerdian 4,16 euroan zeuden, baina duela hilabete eskas 3,56 euroan zeuden: «Zurrumurruak egotea normala da, eta horregatik izaten dira gorakadak». Hori dela eta, diskrezioaren garrantzia azpimarratu du, eta aurreratu du korapiloa ordu edo egun gutxi barru askatuko dela.  

Diru laguntzak, asko jota bost hilabeteREN BURUAN

Eusko Jaurlaritzak 500 milioi euroko beste diru plan bat ezartzea erabaki du industriari laguntzeko. Jauregi sailburuak zehaztu duenez, sektore guztietako enpresa txiki eta ertainei laguntzeko asmoz ezarri dute. Zortzi arlo tematikotan banatu du laguntza: industria garapena, ekintzailetza, nazioartekotze prozesuak, teknologia eta I+G, eraldaketa digitala, zibersegurtasuna, deskarbonizazioa eta ekonomia zirkularra. Jauregik azaldu du diru laguntza horiek bizkor iritsiko direla: «Tramiteek hilabete bat eta bost hilabete artean iraungo dute». Haren hitzetan, erdira murriztu dute orain arteko laguntzen tramitazio denbora. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.