Confebasken konpainia bakarrarekin geratu da Eusko JaurlaritzaElkarrizketa Sozialaren Mahaiaren bueltan. Organo horretan parte hartzea erabaki zuten bi sindikatuek iritzi diote Iñigo Urkulluren gobernuak hobetsi egin duela patronalaren konpainia, eta «desleialtasun» horrek mahaia uztera bultzatu ditu. Joan den ostiralean egin zuen ospa CCOOk, eta atzo haren bideari jarraitu zion UGTk.
Bi sindikatuek arrazoi bera eman dute Elkarrizketa Soziala ren Mahaia uzteko: Jaurlaritzak eta Confebaskek itun bat sinatu izana, haien arteko lankidetza sakontzeko bete beharreko lanpostuen azterketan. CCOOko Loli Garciaren antzera, Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak uste du gai hori bete-betean dagokiola elkarrizketa mahaiari, eta, enpleguari eta haren kalitateari buruzkoa denez, «beharrezkoa du sindikatuen esku hartzea». Are gehiago, atal batzuk jada mahaian jorratzen ari zirenez, «ustekabea» eragin dio itun hark sindikatuari. «Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialaren hanka baten aldeko apustua egin du, eta hanka hori enpresaburuak dira. CCOO, UGT eta Lan sailburua bidean geratu dira», azaldu zuen Arzak, atzo Bilbon egindako agerraldian.
Hain zuzen ere, Arzak iradoki zuen Gasteizko gobernuaren barruan estrategia desberdinak daudela. Izan ere, patronalaren Enplegu Sailak sinatu zuen ituna (Beatriz Artolazabal jeltzalearen sailak), baina negoziazio kolektiboaz Lan Saila arduratzen da (Maria Jesus San Jose sozialistarena). «Ez da nire lana Jaurlaritzaren barne gatazketan esku hartzea, baina sailburu sozialistek aintzat hartu beharko lukete».
Jaurlaritzaren mezuan, ordea, ez da arrakalarik izan. San Josek eta Josu Erkoreka bozeramaileak (EAJkoa) antzeko hitzekin erantzun zioten UGTren iragarpenari. «Desadostasunen aurrean irtenbideak ezin du izan gizarte elkarrizketaren eta kontzertazioaren bidea uztea», esan zuen Lan sailburuak, eta mahaira itzultzeko eskatu zien UGTri eta CCOOri. Erkorekak ziurtatu zuen Jaurlaritzak ez duela amore eman, eta Elkarrizketa Sozialaren Mahaia «berreskuratzen» saiatuko dela azaldu zuen. Besteak beste, Confebaskekin hitzartutako puntu batzuk «derrigorrean» eraman behar direla organo horretara.
CCOOk ez bezala, UGTk ez du utziko generoen arteko soldata arrakala aztertzen ari den mahaia. Sindikatu bakarra izango da organo horretan. ELAk hasieratik uko egin dio parte hartzeari, LABek bilera bakarrean hartu zuen parte, eta CCOOk ere utzi egin du. Arzak, ordea, nabarmendu du mahai «desberdin» bat dela, eta Eusko Legebiltzarraren aginduz osatu dela. Mahai hori enpresetan berdintasun planak bultzatzeko baliatu nahi du UGTk. «Jakin nahi dugu 250 langiletik gorako euskal enpresetan zenbatek duten berdintasun plan bat, erregistro ofizialean bi baizik ez direlako agertzen», azaldu zuen Arzak.
Abertzalerik gabeko foroa
Elkarrizketa Sozialaren Mahaia 2014. urtean bultzatu zuen orduko Enplegu sailburuak, Juan Mari Aburtok. Hasieratik hanka motz jaio zen mahaia, ez parte hartzea erabaki baitzuten ELAk (ordezkaritzaren %40 ,76 du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) eta LABek (%18,98). Bi sindikatu abertzaleek argudiatu zuten mahai horretatik kanpo geratuko zirela gai nagusiak, eta Jaurlaritzaren «murrizketa politika zuritzeko» baizik ez zuela balioko. Ordezkaritzaren heren batera ere ez ziren iristen Jaurlaritzaren proposamena onartu zuten sindikatuak: CCOOk %18,85 zuen 2017 amaieran, eta %10.68, berriz, UGTk.
Jaurlaritzaren mahaia bi hankarekin utzi du UGTk alde egiteak
Patronalarekin lerrokatzea egotzi dio Arzak Gasteizko gobernuari. Mahaira itzultzeko eskatu dio San Josek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu