Jaurlaritzaren lan ikuskaritzak 559 zigor jarri zituen iaz, lanaldia ez errespetatzeagatik

1.624 kasu ikertu zituen eta %59tan irregulartasunak aurkitu zituen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 80 lan ikuskari daude gaur egun, eta hamazazpi hutsune daude betetzeke.

Donostiako Gandarias jatetxeko langile bat, fitxaketa sistema erabiltzen. JUAN HERRERO / EFE
Donostiako Gandarias jatetxeko langile bat, fitxaketa sistema erabiltzen. JUAN HERRERO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko otsailaren 19a
13:10
Entzun

«Lanaldia betearaztea da egun dugun etxeko lanik handiena», horrela laburbildu du Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak Eusko Jaurlaritzaren menpeko lan ikuskaritzaren iazko jardunaren txostena. Izan ere, lanaldiarekin zerikusia zuten 1.624 ikerketa egin ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta kasuen %59tan ohartarazpena bidali zuten, eta %34,4 isun bilakatu ziren —559 guztira—.

Datu horretan sartzen dira lanaldiaren erregistroaren inguruko arau hausteak, eta, azken horiei bakarrik erreparatuz gero, ehunekoa are handiagoa da: kasuen %64,9tan bidali zituzten ohartarazpenak edo isunak. Eta zer sektoretan izan ziren zigorrak? «Guztietan», azaldu du Itziar Gonzalez lan ikuskaritzako zuzendariak: «Sektore eta tamaina guztietako enpresetan aurkitu ditugu lanaldiarekin zerikusia zuten arau hausteak. Ezin da esan txikietan handietan baino arau hauste gehiago daudenik». Arau hausteak ere denetarikoak direla azaldu: gehiegizko lanaldia, gaizki zenbaturiko aparteko orduak...

«Sektore eta tamaina guztietako enpresetan aurkitu ditugu lanaldiarekin zerikusia zuten arau hausteak. Ezin da esan txikietan handietan baino arau hauste gehiago daudenik»

ITZIAR GONZALEZLan ikuskaritzako zuzendaria

Hori bai, argitu du ikerketa horien «erdia inguru» salaketa anonimo bidez hasi zituztela, hala sindikatuenak, nola langileenak, eta ikerlariek lantoki horietara eginiko ezusteko bisiten bitartez berretsi zituztela. Erregistroa izatearen obligazioari dagokienez, Elena Perez Barredok argitu du oraindik ez dakitela zenbat lantokitan ez den egiten: «Ez dugu erregistroen erregistrorik».

Ikuskariek 20.587 ikerketa egin zituzten, 5.095 ohartarazpen bidali eta 1.905 isun ezarri. Isun horien %25 segurtasunarekin eta lan osasunarekin lotuta zeuden; %47, Lan Harremanekin —hor sartzen dira lanaldiaren urraketak—; eta %27,7, enpleguaren arloarekin. Sailak 9,4 milioi bildu zituen zigorretan. Kontratuei dagokienez, 38.806 ikuskatu zituen eta 3.345 aldatu. Aldaketa gehienetan, aldi baterako kontratuak behin betiko bihurtu zituen.

Mikel Torres
Itziar Gonzalez Eusko Jaurlaritzako lan ikuskaritzako zuzendaria, Mikel Torres Lan eta Enplegu sailburua eta Elena Perez Barredo Lan sailburuordea. IREKIA

Lan ikuskaritzaren arabera, ikerketa horien %52 lan arriskuen ingurukoak izan ziren; horietatik 3.247 eraikuntza sektorearen hainbat arlotan, 1.396k amiantoarekin zerikusia izan zuten eta 185etan arrisku psikosozialak ikertu zituzten. Azken atal horretan bederatzi isun ezarri zituzten. Beroari aurre egiteko kanpainari dagokionez, 4.656 gutun bidali zituzten, 234 ikerketa hasi eta bost enpresa zigortu.

Urteko balantzearen beste datu bat ikuskari eta ikuskariorde kopurua da. Egun 80 daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —2023an bezala—, eta hamazazpi hutsune betetzeke. Horiek beteko balira Lanaren Nazioarteko Erakundeak aholkatzen duen ratioa beteko litzakeela esan du Torresek —ikuskari bat 11.000 langileko—. Sailburuordeak zehaztu du hutsune horien lan eskaintza publikoa egina dagoela.

«Ezin gara etxeetan sartu»

Etxeko langileen elkarteek haien azken agerraldietan kritika gogorrak egin dizkiote lan ikuskaritzari. Sektoreari bizkarra ematea egotzi diote, batez ere lanaldien kontrolarengatik. Gonzalezek esan du ulertzen duela kexa: «Ikuskariek edozein lantokitan sartzeko ahalmena dute, edozein unetan, baina ezin dira etxe pribatuetan sartu, eta hori traba handia da». Salaketa anonimoen aukera aipatu du, baina Perez Barredok onartu du etxeko langileen kasuan ere oso zaila dela: «Salaketa anonimo oso gutxi jasotzen ditugu, baina batzuetan langile batzuen prekaritateak salatzea eragozten du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.