Euskal industria

Jaurlaritzaren Industria Plana "presioa kentzeko irudi kanpaina bat" besterik ez dela dio ELAk

Adolfo Muñozek uste du Lakuak halako neurri "mediatikoak" presio handia duenean bakarrik hartzen dituela.

xabier martin
2017ko uztailaren 18a
15:59
Entzun

ELA sindikatuak 2017ko lehen erdiari dagokion txosten soziolaborala plazaratu du gaur, asteartea, eta ekitaldi horretan gogor kritikatu du sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñozek Eusko Jaurlaritzak gaur bertan jakitera eman duen Industria Plana. Muñozen arabera, "irudi kanpaina bat besterik ez da". Gobernuak "presioa" nabaritu du ixteko arriskuan dauden hainbat enpresen auziak direla eta, ELAren ustez, eta horregatik plazaratu ditu orain "neurri mediatiko" horiek.

Jaurlaritzaren politika industria azaltzeko bere ekarpena ere egin du Muñozek. Politika hori laburtu beharko balitz, idazkari nagusiak esango luke politika hori dela "agertokia nola egin erakargarria enpresentzat". Zertarako? "Nahi dutena egiteko, murrizketen bidez, eta kaleratze merkeak errazten dituzten neurrien bidez". Zergak ere badira, Muñozen arabera, politika horren beste habe bat: "Erreforma fiskalak egiten dituzte zerga gutxiago ordain ditzaten".

Lakuak egiten dituen "irudi kanpainaren adibide bat" ere jarri du: altzairuaren mahaia. "Zumarragan Arcelor ixten ari zela iritsi zen mahai hori, eta jadanik inor ez da oroitzen".

Politika horren emaitza da "gaur dirua eta laguntzak ematen zaizkiela enpresei, eta bihar itxi egiten dituztela". Muñozentzat, hori "edozer gauza da, baina ez industria politika". Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiaren bidez, jakinarazi du plana, gaur bertan, eta haren dokumentua duenean "modu sakonagoan" aztertuko duela esan du ELAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.