Inamako langile batzordea lanpostuak mantendu ahal izateko neurriak hartzeko eskatu die Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta enpresako zuzendaritzari. David Palacios langile batzordeko bozeramaileak jakinarazi duenez,«oso kezkatuta» daude. Irtenbidea aurkitzeko denbora «amaitzen» ari dela uste dute beharginek.
Arazoaren parte diren hiru alderdiei «lehenbailehen adostasuna» lortzeko eskatu diete. «Orain arteko bileretan laguntzeko prest daudela esan dute Aldundiak zein Jaurlaritzak, baina ez dugu ezer sinatu, eta normala da kezkatuta egotea». Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordearen deia jaso du langile batzordeak, eta bilera egingo dutela azaldu du Palaciosek. Bilera horretan, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, Inamako arduradunak eta enpresako langileen ordezkariek parte hartuko dute.
Hain zuzen, uztailean Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratua kendu zion Inamari. Enpresak helegitea jarri zuen, erabakia indargabetzeko eskatuz.Abenduaren 15ean, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen enpresaren eskaera. Palaciosen arabera, epe laburrean enpresa ixteko arriskua dago, sententziak horretarako bidea ematen duelako. Enpresa lekuz aldatzea da aukerarik onena langileentzat.
Bestalde, Bizkaiko Auzitegiak enpresako bi zuzendariren aurkako epaiketa berriz egingo du gaur. Bilboko epaitegiak absolbitu egin zituen. Gaurko epaiketarako froga berri bat onartu du auzitegiak: Inamaren kutsadura mailari buruz Ambio enpresak egindako txostena. Ingurumen delitua egozten diete bi zuzendariei.
Jaurlaritzarekin bilduko dira Inamako langileak
Irtenbidea aurkitzeko epea amaitzen ari dela eta, kezkatuta daude langileak, enpresa ixteko arriskua dagoelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu