Jaurlaritzak utzi egingo dio kargaleku elektrikoak sustatzeari

Repsolen esku utziko ditu Ibil sozietatearen bitartez jarritako kargalekuak. Ibil hidrogeno kargalekuak jarriko ditu aurrerantzean.

Ibilen kargaleku azkarraren inaugurazioa, 2019an, Ugaldebietako zerbitzugunean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Ibilen kargaleku azkarraren inaugurazioa, 2019an, Ugaldebietako zerbitzugunean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Iker Aranburu.
2024ko maiatzaren 21a
13:10
Entzun

Hamabost urtez kargaleku elektrikoak sustatzen aritu ondoren, zeregin berri bat izango du Ibil sozietateak. Aurrerantzean ibilgailu astunetan hidrogenoa kargatzeko instalazioak bultzatuko dituztela iragarri dute haren bi akziodunek, EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Repsolek.

Repsolen esku geratuko da aurrerantzean kargaleku elektrikoen negozioa. Ibilek EV sare filiala sortuko du kargaleku elektrikoak sustatzeko, eta, ondoren, Repsoli salduko dio osorik. Abanto-Zierbenako parke teknologikoan (Bizkaia) izango ditu egoitza eta oraingo sarearen kontrol dorrea. Orain arte, Bizkaia Exhibition Centerren zegoen Ibil, Barakaldon.

Ibil 2009an sortu zuten, erdi bana, EEEk —Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde bat da— eta Repsolek, kargaleku elektrikoak eraikitzeko. Gehien-gehienak Repsolen gasolindegietan jarri zituzten, eta, 2019an, petrolio konpainiak ordura arte jarritako 230ak erosi zizkion Ibili. Orduz gero, Ibilen lana izan da kargaleku sarea kudeatzea eta berriak egitea, Euskal Herrian ez ezik baita Espainian eta Portugalen ere.

Lan hori amaitutzat jo du sozietateak, baina Ibil ez da desegingo, eta garraio kontuetan jarraituko du lanean; zehazki, hidrogeno bidezkoan. Gaur egun, oso gutxi erabiltzen da hidrogenoa garraioan, baina hurrengo urteotan gehiago erabiliko dela espero da, bereziki pisu kontuengatik bateria elektrikoentzat hain egokiak ez diren ibilgailu astunetarako. Jaurlaritza eta Repsol eskutik doaz arlo horretan, hidrogenoaren euskal korridorea izenekoan. Hidrogenoa modu berriztagarrian sortzeko lehen elektrolizatzaile txikia udazkenean piztu zuen Repsolen filial Petronorrek, eta datozen urteotan proiektu handiagoei ekingo die. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.