Sektore publikoa greban

Jaurlaritzak sindikatuei eskatu die «jarrera maximalistak» utzi eta negoziatzen jarraitzeko

Behin-behineko datuen arabera, grebaren parte hartzea %12,03koa izan da Administrazio Orokorrean, %41,4koa Hezkuntzan, eta %5,9koa Osakidetzan.

Gasteizko manifestazioa, eguerdian. L. RICO / EFE
aitor biain
2023ko urriaren 25a
14:09
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan UGT ez beste sindikatuek antolatu duten grebaren behin-behineko balorazioa egin du Eusko Jaurlaritzak. Administrazio Orokorreko, Hezkuntzako, Osasuneko eta Segurtasuneko lanuztearen parte hartze datuak eman ditu Jon Agirre Lan Harremanen zuzendariak. Eguerdiko hamabi eta erdiak arteko datuekin osatu du argazkia gobernuak, eta, ohi bezala, ez dator bat sindikatuek emandakoarekin.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, grebaren jarraipena honakoa izan da lan eremu horietan: Administrazio Orokorrean %12,03ko parte hartzea izan du soilik, Hezkuntzan %41,4koa, Osasunean %5,9koa, eta Segurtasunean %3,42koa (Ertzaintza salbu).

Datuak ez dira behin betikoak, arratsaldeko taldeen eragina neurtzea faltako delako. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak sindikatuei eskatu die «jarrera maximalistak» alde batzera uzteko, eta Mahai Orokorrean nahiz sektore bakoitzeko mahaietan negoziatzen jarraitzeko. Mahai horien deialdiak datozen hamabost egunetan egingo ditu Jaurlaritzak.

«Negoziazio foro guztiak irekita daude, eta Jaurlaritzak konpromiso osoa dauka langile publikoen lan baldintzekiko», esan du Agirrek. Eta gogorarazi du azken hamarkadan ehun itun baino gehiago egin dituztela Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek, sektore guztietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.